Euskadiko administrazio guztietan enplegu publikoa arautuko duen etorkizuneko legearen negoziazioa hasi da

2017.eko azaroak 16

  • Euskal Enplegu Publikoaren Lege Aurreproiektua, duela 25 urte, indarrean dagoen funtzio publikoaren araudiaren berrikuspen osoa da eta udaletan, aldundietan, Eusko Jaurlaritzan eta UPV/EHUn lan egiten duten 110.000 pertsonen lan baldintzen erregimen eta funtzionamendua modernizatzea ahalbidetuko du
  • Funtzio Publikoko Sailburuorde Andrés Zearretaren ustez, testu hau abiapuntua da lege oso eta integrala egiteko, bitarteko langileen tasa altuari helduko diona, Euskadiko administrazio publikoen arazo nagusietarikoa
  • Testua gaur goizean aurkeztu zaie sindikatuei, eta une hauetan, herri-partaidetzaren fasean dago.Nahi duenak ekarpenak egin ditzake Irekia, Eusko Jaurlaritzaren herritarren partaidetzaren atarian

Eusko Jaurlaritzak, gaur, Euskal Enplegu Publikoaren Lege Aurreproiektuaren lehen zirriborroa aurkeztu die zentral sindikalei; lege-aurreproiektua, une hauetan, hasierako tramitazio fasean dago. Testuak enplegu publikoaren sistema eguneratzea proposatzen du; hura duela 25 urte arautu zen, 1989tik indarrean dagoen Funtzio Publikoaren Legean. Hiru maila instituzionaletan lan egiten duten 110.000 pertsonak dira bere aplikazio eremua:

  • Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, bere erakunde-administrazioa eta berezko izaera juridikoa duten gainerako erakunde instrumentalak.
  • Lurralde historikoetako foru-administrazioak, beren erakunde-administrazioa eta berezko izaera juridikoa duten gainerako erakunde instrumentalak, aurretik aipatu den edozein administrazio publikoren mendekoak.
  • Tokiko administrazioak, beren erakunde-administrazioa eta berezko izaera juridikoa duten gainerako erakunde instrumentalak, aurretik aipatu den edozein administrazio publikoren mendekoak.
  • Euskal Herriko Unibertsitatea, administrazioko eta zerbitzuetako langileei dagokienez baino ez.
  • Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea, Lan Harremanen Kontseilua, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua, Datuak Babesteko Euskal Agentzia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa, bai eta beste edozein erakunde parte-hartzaile, kontsultakoa, aholkularitzakoa edo kontrolekoa ere, aurreko administrazioen mendekoa, eta hura sortzeko legearen arabera bere funtzioak garatzeko independentea dena.

BEHARREZKO LEGEA

Gaur goizean zentral sindikalei aurkeztutako testua, zuzenean lotzen zaio funtzio publikoa arrazionalizatu eta modernizatzeko asmo handiko prozesuari. Funtzio Publikoko Sailburuorde Andrés Zearretak esan duen bezala, “enplegu publikoa profesionalizazio-maila altuko instituzioa, inpartziala eta emaitzen kudeaketarekin arduratsua egingo duten berrikuntzako oinarrizko elementuak sartzeko” helburua du. Eusko Jaurlaritzaren iritziz, araudi-esparru berria onetsi behar da, “administrazio publiko eraginkorragoa eta efizienteagoa sortzeko, Gobernantza Publikoaren irizpide berri eta zorrotzekin bat datorren tratua eskatzen duten herritarrengandik hurbilago dagoena”.

Etorkizuneko Enplegu Publikoko Legeak araubide juridikoa antolatu eta zehaztu egiten du, eta euskal enplegu publikoaren kudeaketa-tresnak garatzen ditu. “Asmo handiko proiektu honekin berretsi egiten dugu enplegu publiko egonkorrarekin eta kalitatezkoarekin dugun konpromisoa” esan du Andres Zearretak.  

LEGEAREN HELBURUAK

Andrés Zearretak aipatu duen bezala, etorkizuneko Enplegu Publikoaren Legea arau integrala da, langile publikoen ibilbide profesionalaren aspektu guztiak arautuko dituena, enplegu publikoko eskaintza berri batera aurkeztea erabakitzen denetik, erretiroaren unera arte. Horrela, legeak honako alderdi hauei helduko die:

  • langile enplegatu publikoen hautaketa eta prestakuntza
  • funtzionarioaren izaera eskuratzea eta galtzea
  • lanpostuen zuzkidura eta mugikortasuna
  • ordainsarien eta eskubide eta betebeharren sistema
  • jokabideen kodea eta bateraezintasunak
  • diziplina-araubidea
  • negoziazio kolektiboa
  • langile enplegatu publikoen hizkuntza-normalizazioa eta langile funtzionarioen administrazio-egoeren normalizazioa 

Lege berri honek helduko duen erronka nagusia, kolektibo batzuen bitartekotasun-tasa handiak murriztea da. Gobernuak proposatzen du enplegua finkatzeko prozesu bereziak abiaraztea, administrazio publikoetan, jada, lanean ari direnen urteetako lana eta prestakuntzaren ondorioz lortutako ezagutza baliatzeko.

Andres Zearretak esan du “egiturazkoa den aldi baterako enplegua finkatzea ahalbidetuko digun formula bilatu nahi dugu, eta bide batez, profesional hauen talentua aprobetxatu”.

PARTAIDETZA - NEGOZIAZIOA

Funtzio Publikoko Sailburuorde Andrés Zearretak zentral sindikaleei luzatu die eskua, dokumentu honen negozazioari heltzeko gaurtik aurrera, “orain, akordioak lortu behar ditugu guztion artean. Lan handia dugu aurretik egiteko, eta hori dela-eta, gaur, dei egin nahi diet zentral sindikalei, elkarrekin zeregin horri ekiteko”. 

Gainera, testua herritarren partaidetzara zabalik dago. Eskuragarri dago, nahi duenak ekarpenak egin ditzan, Irekiaren atarian.

Proposamen guztiekin, Gobernuak azken zirriborroa egingo du eta “Funtzio Publikoaren Euskal Kontseilua” deituko du. Kontsultarako organo horrek euskal administrazio publiko guztien funtzio publikoaren inguruko neurriak koordinatzen ditu, eta Gobernuko, hiru foru-aldundietako, EUDELeko eta euskal administrazio publikoetan nagusienak diren zentral sindikaletako ordezkariek eratzen dute.