Euskadiko gazteen % 61 kezkatuta dago lan-merkatuagatik; hala ere, ehunekoak 10 puntu egin du behera, 2013. urtetik

GazteYouth2017_(10).png

2017.eko uztailak 22

  • Arazo ekonomikoak eta hezkuntza –% 14 bi kasuetan– eta etxebizitza eta etxegabetzeak Euskadiko gazteen kezken % 10 dira
  • "Gazteen argazkiak" txosten berria, Eusko Jaurlaritzaren Gazteriaren Euskal Behatokirako Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen datuen bidez egina
  • · Familia (% 90), adiskideak eta ezagunak (% 76), lana (% 70) eta aisia (% 58) dira euskal gazteriaren iritziz alderdi esanguratsuenak

Euskadiko gazteen kezka pertsonal nagusia lan-merkatuaren arazoei lotuta dago; izan ere, % 61ek lehen hiru kezka nagusien artean aipatzen du, nahiz eta ehuneko 10 puntu egin duen behera, 2013tik hona. Arazo ekonomikoak eta hezkuntza –% 14 bi kasuetan– eta etxebizitza eta etxegabetzeak Euskadiko neska-mutilen interesaren % 10 dira “Gazteen argazkiak” txosten berrian, Euskadiko gazteek gizarte- eta politika-gaien inguruan dituzten iritzi eta jarrerei buruzko iritzia jasotzen da, eta 30 urteko eta gehiagoko biztanleenarekin erkatzen da. Lana Eusko Jaurlaritzaren Gazteriaren Euskal Behatokirako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egin du, eta aurkeztu diren datuak Prospekzio Soziologikoen Kabineteak 2016an egindako Euskal Soziometroetan jasotako informazioaren ondoriozkoak dira.

Ikerketak 18 eta 29 urte bitarteko gazteen erantzunak jasotzen ditu Soziometroetan, eta 30 urteko eta gehiagoko biztanleenekin erkatzen ditu. Lan horren helburua da euskal gazteek gizarte-gai batzuen inguruan dituzten iritzia eta jarrerak aztertzea eta 30 urteko eta gehiagoko biztanleenekin erkatzea, bai eta adierazle nagusietan izan den bilakaerari behatzea ere.

Dokumentua hainbat arlo tematikotan egituratzen da: Egoeraren balioespena, erakundeen kudeaketa eta irudia, jarrera politikoak, balio psikosozialak, Europarenganako jarrerak, Euskadi etorkizunaren aurrean, eta familia. Argitalpen horretan jaso diren datu guztien artean, nabarmentzekoa da euskal gazteek bost urte barru gazteek lana aurkitzeko, lanbidea aukeratzeko eta etxebizitza lortzeko izango dituzten aukeren gainean egiten duten balioespena.

Lan-merkatua da Euskadik 2009. urtetik egundaino duen arazo nagusi gisa gazteek gehien aipatu dutena –% 71k hiru arazo nagusienen artean aipatu du–, gero, nahiko urrun baina, arazo ekonomikoak aipatu dituzte –% 18– eta egoera politikoarekin lotutakoak –% 14–. Herritarren iritziz arazo nagusia izanik ere, helduek sarriago aipatzen dute lan-merkatua gazteek baino (% 82). Gazteak pixka bat pozago daude beren egoera pertsonalarekin helduak baino, 6,7 puntu (0tik 10era bitarteko eskalan), eta helduak, 6,3. Gainera, are optimistagoak dira beren etorkizunaren inguruan; 7,3 puntu 6,6 punturen aldean.

Gazteek askoz ere hobeto balioesten dute Euskadiren egoera Espainiako estatukoa baino (6,2 eta 4,2 puntu, hurrenez hurren, 0tik 10era bitarteko eskalan), eta uste dute egoera pixka bat hobea izango dela urtebete barru bi eremu horietan (6,5 eta 4,5 puntu, hurrenez hurren). Euskadiren egoeraren balioespenak eta Estatuarenak pixkanaka goranzko joera dute, 2014tik. Gazteek Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa 5,5 punturekin balioesten dute (0tik 10era bitarteko eskalan) eta 2,5 Espainiako Gobernuarena.

 

Berdintasuna

Euskal herritarren iritziz, garrantzitsua da gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, gazteen eta helduen % 92k garrantzia asko edo nahikoa ematen dio. Gazteen % 64ren iritziz, Euskadin aurrerapauso handiak edo nahikoak eman dira berdintasunaren arloan azken 10 urteotan. Familiaren eremuan, % 63k uste du asko edo nahikoa aurrerapauso eman direla; enpresa-eremuan % 43 uste du, baina eremu horretan % 45ek uste du aurrerapauso gutxi eman dela edo bat ere ez.

Euskadiko gazteen iritziz, berdintasunean aurrerapausorik gehien hezkuntzan eman da (% 38k aurrerapausorik gehien izan duten bi arloen artean aipatzen du), bai eta komunikabideetan (% 28) eta osasunean (% 25) ere. Ordea, aurrerapausorik gutxien enpleguan (% 46k aipatzen du aurrerapausorik gutxien izan duten bi eremuen artean), kirolean (5 38) eta politikan (% 16) izan duela aipatu dute. Ehunekoak aldatzen badira ere, helduek eremu berak aipatu dituzte, antzeko hurrenkeran.

 

Europa

Europar Batasuneko pertenentziaren balioespena gazteen aldetik honako hau izan da: % 43k uste du EBkoa izatea ona dela, beste % 43k uste du ez ona ez txarra, eta % 8k txarra dela (% helduen % 13k). EB desagertuko balitz, % 55i berdin izango lioke, % 29k pena handia hartuko lukete eta beste % 8 asko poztuko lirateke; helduek neurri handiagoan hartuko lukete pena handia (% 36k asko). 1995. urtearekin alderatuta, ehuneko 11 puntu egin du behera pena handia hartuko luketen gazteen ehunekoak.

 

Etorkizuna

Euskal gazteen % 78 oso optimista edo nahiko optimista da Euskadiren etorkizunaren inguruan, eta helduen % 64. Gazteen iritzi nagusia da etorkizunean aukera gutxiago izango dituztela gaur baino etxebizitza lortzeko (% 43), lanbidea aukeratzeko (% 39) eta lana aurkitzeko (% 35); gaur egungo aukera berak unibertsitate-karrera egiteko (% 38) eta berak (5 37) edo gehiago (% 36) bidaiatzeko. Oro har, etorkizuneko aukerei buruzko pertzepzioa pixka bat optimistagoa da helduen artean.

% 48k uste du krisiaren inpaktua lan-merkatuan gorengo unera iritsi dela eta % 41ek uste du oraindik txarrena iristeko dagoela; % 40k eta % 51k, hurrenez hurren, hala uste du helduen artean. 2013aren aldean, gehiengoaren iritzia alderantzizkoa da, orduan gazteen % 59k uste zuen txarrena iristear zegoela.

Inkesta bete duten gazteek euskal gizartean ezaugarri batzuek duten presentziaren maila balioetsi dute. Horrela balioetsi da oso edo nahiko langilea dela (% 93), demokratikoa (% 76), tolerantea (% 72), berdinzalea (5 61), indibidualista (% 50), gatazkatsua (% 20) eta erlijiosoa (% 19). Gazteek euskal gizartea demokratikoagotzat, berdinzaleagotzat eta toleranteagotzat jotzen du orain 2005ean baino, eta erlijiosoa dela uste dutenen artean kopuruak nabarmen egin du behera (% 34tik % 19ra), bai eta gatazkatsua dela uste dutenen artean ere (% 45etik % 20ra). Gazte gehienek aurreikusten dute etorkizun hurbilean euskal gizarteak ezaugarri horiei antzeko mailan eutsiko diela, baina iritzia ez da bera erlijiosoagoa izango den ala ez balioestean.

Euskadirako etorkizuneko erronka nagusiak, gazteen iritziz, langabezia (bi nagusienen artean % 63k aipatu dute), gizarte-desberdintasunak (5 25) eta hazkuntza ekonomikorik eza (% 20) dira. % 18k biztanleen zahartzea aipatu du, eta helduen artean, % 38k.

 

Familia

Gazte gehienak pozik daude beren familia-bizitzako alderdiekin: % 75etik gora oso edo nahiko pozik dago harreman afektiboekin, familia ikusteko maiztasunarekin, familiak berengan eragina duten gaiekin duen adostasun-mailarekin eta jarduerak partekatzeko maiztasunarekin. Familia-giroko balio garrantzitsuenak maitasuna, errespetua eta komunikazioa dira, bai gazteentzat, bai nagusientzat.

Gazteen % 17k uste du emakume batek seme-alabak izan behar dituela, errealizatzeko; ehuneko hori ez da aldatzen gizonen kasuan. Ehuneko horrek gora egiten du % 27ra pertsonalki errealizatzeko behar dituzten galdetzean; kopuru hori % 35ekoa da 30 urte edo gehiago dituztenen artean.

Askatasun osoz aukeratzerik balego, gazteek eta helduek batez beste izan nahi luketen seme-alaba kopurua 2,4 da. Gazteen % 86k ez du oraindik seme-alabarik izan, % 9k bat izan du eta % 3k bi eta % 1ek hiru. Gazteen % 81ek baieztatu du nahi baino seme-alaba gutxiago izan duela; motibo nagusienak dira oraindik espero duela izatea (% 75) eta motibo ekonomikoak (% 10).

Amatasuna edo aitatasuna eta lanbide-karrera dela eta, oso esanguratsuak dira desberdintasunak sexu baten gainean edo bestearen gainean galdetu. Gazteen % 61ek uste du amatasunak asko edo nahiko oztopatzen duela emakumearen lanbide-karrera (helduen artean gehiago dira, % 73), eta % 14k baino ez du uste aitatasunak asko edo nahiko oztopatzen duela gizonaren karrera.

 

Politika eta balioak

Gazteen % 29k interes handia edo nahikoa du politikaren gainean. Interesak 2011n hasitako berreskurapenari eusten dio; izan ere, etengabeko beherakada izan zuen 2004tik 2010era, baina ez da aurreko hamarkadako ehunekoetara iritsi. Alderdi politikoren batekiko hurbiltasuna dela eta, ez da aldaketa esanguratsurik egon bi hamarkada baino gehiagoan; % 16 baino ez da sentitzen oso edo nahiko hurbil alderdiren batetik (% 20 helduen artean), eta % 12 sentitzen zen 1995ean.

Gazteek jendearengan duten konfiantza dela eta, iritzia desberdina da: % 48k uste du gehiengoarengan konfiantza izan daitekeela, eta % 44k sekula ez garela nahikoa zuhur (% 52k uste du azken hori helduen artean). Konfiantzak 12 puntu egin du gora azken bi hamarkadetan. Gazteen % 91k baieztatu du oso edo nahiko zoriontsua dela, eta helduen artean % 84k esan du.

Familia (% 90), adiskideak eta ezagunak (% 76), lana (% 70) eta aisia (% 58) dira gazteriaren alderdi esanguratsuenak beren bizitzan. Helduek, halaber, alderdi horiek lehen mailan aipatzen dituzte, baina gazteek baino garrantzia gutxiago ematen dizkiete adiskideei eta ezagunei (% 69) eta gehiago lanari (% 74).

Gazteen artean, lanaren esanahia aldatu egin da azken bi hamarkadotan. Alde batetik, ehuneko 11 puntu egin du behera lana bizitza duintasunez ateratzeko baliabidea dela uste dutenen artean (% 71tik % 60ra; baina helduek % 70i eusten diote). Bestetik, gora egin dute beste esanahi batzuk, besteak beste, pertsona moduan errealizatzeko modua dela (5 puntu), benetan gogoko duzuna egitea dela (4 puntu) eta gizarteari zerbitzu emateko modua dela (4 puntu).