Euskadi herrialde lehiakorra da Europan eta munduan

2017.eko uztailak 27

2016KO URTEKO TXOSTENA

Ogasun eta Ekonomia Sailak 2016ko Urteko Txostena aurkeztu du. Txosten horretan, euskal ekonomiaren eta sektore publikoaren zenbait alderdiren azterketa zabala jasotzen da, eta bertan ikus daiteke Euskadi gaur egun herrialde lehiakorra dela Europan eta mundu osoan. Biztanleko barne-produktu gordineko maila handia duen ekonomia da, 30.000 euro inguru, 15eko Europar Batasunaren erosteko ahalmenaren parekotasunean neurtuta. Europa aurreratuak duenaren antzeko maila da; alabaina, Austria eta Alemania % 10 gainetik daude, eta Ameriketako Estatu Batuak % 30 gainetik dago; hortaz, agerian dago bide luzea dagoela egiteko. Dena dela, atzetik arrakasta-historia bat ere badago: 1995ean, 15eko Europar Batasunaren % 81ean zegoen Euskadi, eta 2006an bat egitea lortu zen; gero atzeraldi handiak indar handiagoz jo zuen hemen, baina Euskadik berriro egin du gora. 

Hauek dira jaso diren alderdietako batzuk:

 

JARDUERAREN ETA ENPLEGUAREN EZAUGARRIAK

Munduko ekonomiaren hazkunde ahuleko testuinguru batean (% 3,1 ia atalasea da, eta hortik behera atzeraldi globalaz hitz egin daiteke ia), 2016an eta 2017an egindako aurreikuspenen gainetik hazi da euskal ekonomia.

Petrolioaren prezioak behera egin izanaren ondoriozko aldeko haizeak, eta tasen arloko moneta-politika hedakorren ondoriozkoak (0 tasak eta gordailuetan -0,4ko penalizazioak), aktiboak eskuratzearen ondoriozkoak (80.000 M€, eta gero 60.000 M€ hilean) eta enpresentzako kredituetan tasa negatiboak birfinantzatzearen ondoriozkoak (-0,4ra arte), eragin erabakigarria izan du eurogunean, Espainiako ekonomian eta Euskadiko ekonomian.

% 3,1eko hazkundearekin, mende honetako espantsioaren batez besteko hazkundea gainditu da, eta krisialdiaren aurreko barne-produktu gordineko maila berreskuratu da. Errekuperazio hori 2017. urteko erdialdera arte atzeratu da Espainiako ekonomian —Europar Batasunaren osotasunean duela bost urte gertatu zen errekuperazioa—. Horrek agerian uzten du atzeraldi handi horrek zer intentsitate izan duen Euskadin.

Hazkunde bizi horren ondorioz, enplegu-sorrera handia izan da; urteko tasan eta lanpostu baliokideetan % 1,9koa izan da, hau da, 16.000 enplegu baino gehiago sortu da eta okupazio-bolumena 900.000ra hurbildu da.

 

LEHIAKORTASUNA:LAN KOSTUAK ETA PRODUKTIBITATEA EUROPAKO TESTUINGURUAN

Lan-kostuak, produktibitatea eta lan-kostu unitarioak abiapuntu izanik aztertzen da lehiakortasuna urteko txostenean. Krisialdiaren aurretik, Euskadin, ekonomiaren kostuak eta prezioak Moneta Batasunaren % 2aren bikoitza ziren —eremuaren osotasunak horri jarraitu zion eta Alemaniak erdira eraman zuen—.

Euskadiko lan-kostuak, erosteko ahalmen-parekotasunean, orduko 25€-koak dira, Austriako edo 15eko Europar Batasuneko lan-kostuen antzekoak. Izan ere, 2008tik % 10 hazi da, eta 15eko Europar Batasunean % 15 hazi da, Europar Batasunaren osotasunean % 17, eta Alemanian % 20 baino zertxobait gehiago. Euskadik, beraz, berreskuratu du 15eko Europar Batasunak osatzen duen Europa aurreratuarekiko galdutako lehiakortasuna.

Euskadik, orduko 41€-rekin, zertxobait hobera egin du orduko produktibitatean, eta 15eko Europar Batasunaren eta Austriaren parean jarri da. Dena dela, oraindik bidea egin behar da Alemaniara hurbiltzeko, 45€, edo Ameriketako Estatu Batuetara hurbiltzeko, 47€. Haatik, Espainiaren eta Europar Batasunaren 36€-ren nabarmen gainetik dago, eta zer esanik ez Txekiar Errepublikako 26€-ren oso gainetik.

Lan-kostu nominal unitarioen kontzeptuak —lan-kostu nominalak eta benetako produktibitatea nahastearen emaitzazkoak— aditzera ematen digu euskal ekonomiak hobera egin duela eta gaur egungo maila Alemaniaren, Austriaren eta 15eko Europaren mailatik oso hurbil dagoela. Edonola ere, Espainiak eta, are gehiago, Txekiar Errepublikak abantaila argia dute arlo horretan.

Balio erantsiaren banaketak agerian uzten du ordainsarien osagaiak pisua galdu duela eta % 58 eta % 59 artean dagoela. Herrialde gehienetan —Ameriketako Estatu Batuetan, Europa aurreratuan eta Europar Batasunaren osotasunean— baino bi eta hiru puntu txikiagoa da.

 

SEKTORE PUBLIKOA:PRESIO FISKALA, FINKATZEA ETA EGONKORTASUNA

Tributu itunduetan izandako zergabilketak jarraipena eman dio aurreko hiru urteetako bilakaera positiboari, eta 2016an 12.951 milioi eurorekin, % 2,7ko hazkundea lortu zen, aurreko urteko hazkundea baino zertxobait handiagoa (% 2,4). Aurreko ekitaldietan ez bezala, 2016an zergabilketaren gehikuntza zuzeneko zergapetzearen portaera hobean oinarritu zen —% 3,5 gehikuntza izan zuen—, zeharkako zergapetzeak emaitza apalagoak izan baitzituen (% 2,3).

Zuzeneko tributu nagusiak, hots, Pertsona Fisikoaren Errentaren gaineko Zergak hazkundea moteldu zuen, 2015ean % 5,9koa izan zen eta 2016an % 4,1ekoa. Zergaren barruan bilketa-pisu handiena duen osagaiaren bilakaeran oinarritu zen gehikuntza hori, hau da, lan-etekinen bilakaeran, % 2,8 egin baitzuen aurrera. Izan ere, batetik, lan-merkatua pixkanaka hobera egiten ari da, eta, bestetik, ordainsariek zertxobait egin dute gora.

2007an, Pertsona Fisikoaren Errentaren gaineko Zergaren bidezko sarrerak barne-produktu gordinaren % 6,3 ziren, eta 2015ean % 6,8ra arte igo ziren. Espainian, aldiz, datu hori 2007an % 7,5 izatetik 2015ean % 7,4 izatera pasa zen. Eurogunean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren bidezko sarrerek barne-produktu gordinean duten pisua hazi egin zen 2007 eta 2015 artean, % 8,5 izatetik % 9,3 izatera.

Bestalde, Sozietateen gaineko Zergak % 3,5 gutxiago bildu zuen, nahiz eta azken hilabeteetan bilakaera positiboa izan zuen, batez ere araubide erkidearen araudiaren mende dauden erakundeen konturako entregen kontzeptupean izandako sarreren ondorioz. Sozietateen gaineko Zergaren bilakaerari dagokionez, barne-produktu gordinean duen pisua murriztu egin da, 2007an sarrerak barne-produktu gordinaren % 3aren baliokideak izan ziren eta 2015ean % 1,5aren baliokideak. Pisuaren % 50eko beherakada hori bera gertatu da Espainian ere, 2007an % 4,8koa zen eta 2015ean % 2,4koa. Bestalde, eurogunean ere Sozietateen gaineko Zerga bidezko sarrerek pisua galdu dute, hein txikiagoan izan bada ere. 2007an pisua barne-produktu gordinaren % 3,2koa zen eta 2015ean % 2,5ekoa. Beherakada horren zati handi bat enpresek krisialdian izan zituzten eta orain konpentsatzen ari diren galeren ondoriozkoa da.

BEZari dagokionez, Euskadin sarrerek barne-produktu gordinean pisu berbera izan dute 2007an eta 2015ean, % 7,2. Hala ere, krisialdi betean, kontsumoaren pisua barne-produktu gordinaren % 6ra ere iritsi zen 2009an. Oso bestelako datuak dira Espainiakoa eta eurogunekoa. Espainian, BEZ bidezko sarreren pisua % 5,9koa izan zen 2007an eta % 6,5era arte igo zen, betiere Euskadin duen pisuaren azpitik. Eurogunean, berriz, bilakaerak ia ez du aldaketarik izan 2007-2015 aldian; 2007an barne-produktu gordinaren % 6,7koa zen eta 2015ean % 6,8koa, Euskadiko mailen azpitik horiek ere.

Finkapen fiskaleko aurreko aldietan bezalaxe, inbertsioak izan du kargarik handiena, batez ere Euskal Y trenbidearen kudeaketa-agindua kenduz gero. Banako ordainsarien errentek ere pisu handia izan dute doikuntzan.

Gobernuak defizit-egoera izanagatik ere, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak posizio ia orekatua du, finantzaketa beharra -0,1ekoa izan baita azken bi urteetan, Foru Aldundien eta Tokiko Korporazioen superabitari esker.

Euskal ekonomiaren epe luzerako balizko hazkundea % 2koa izango denez gero, txostenak agerian uzten du une honetan produkzio-arrail positiboa dugula, hau da, argi eta garbi ari garela hazten epe ertainerako eta luzerako potentzialaren gainetik.

 

FINANTZAKETA

1995 eta 2010 artean bikoiztu egin zen kredituaren pisua ekonomian: produktu bera sortzeko ia kreditu bikoitza behar zen. % 128ko balio maximo horren ondoren, deszorpetzea gertatu da, eta 2016aren amaieran barne-produktu gordinaren % 100koa da. Prozesu hori familien eta enpresen portaeren ondoriozkoa da, sektore publikoaren kreditua ia bikoiztu egin baita, barne-produktu gordinaren % 10 bihurtu arte.

Eusko Jaurlaritzaren zorpetzea, 2016. urtearen amaieran, 8.765 milioikoa izan zen. Maximoa 2017an lortuko du, barne-produktu gordinaren % 14,7rekin, finkapen-perimetro osorako —Gobernuari dagokion zatia baino zertxobait handiagoa da—.Hortik aurrera, zorpetzeak behera egingo du, 2020. urtean % 13,2ra iritsi arte. Orduan, Euskadi egonkortasun-legeriaren erreferentziaren barruan egongo da.

Sektore pribatuko kredituak hazkunde argi samarra hasi du 2016an (% 1,8), balio negatiboko bost urteko aldi baten ondoren. Familiek etxebizitza-maileguak % 10,3 gehitu dituzte, eta aurreko urteko gorakadaren ondoren orain neurrizko gehikuntza izaten ari da.

Etxebizitzaren balioaren beherakada handiak familien ondare osoa oztopatzen jarraitu du, eta orain ez aurrera ez atzera dago. Edonola ere, krisialdiari aurre egiteko familiek aurrezpen-maila bikoiztu dute 2008 eta 2016 artean. Gainera, desberdintasun-mailak nabarmen murriztu dira, eta krisialdiaren aurreko mailetara itzuli dira ia.