Etxebizitza Sailak Eraikinen Ikuskapen Teknikoari (EIT) buruzko araudi guztia dekretu batean eguneratu eta bateratu du

Bilboko Alde Zaharreko aireko bista.

2017.eko apirilak 21

  • 50 urtetik gorako antzinatasuneko 73.000 higiezin inguruk 2018ko uztaila baino lehen pasatu behar dute ikuskapena.
  • Prestatzen hasi den dekretu berriak Etxebizitzari buruzko Legea garatzen du arlo horretan eta herritarren partaidetza-prozesu ireki baten mende jarriko da.

 

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikinen Ikuskapen Teknikoa (EIT) arautuko duen dekretu-proiektua prestatzen hasi da, eta higiezinetan egingo diren ikuskapenen erregistroa. Etorkizuneko dekretuaren xedea da EITari buruz orain arte zeuden xedapenak eguneratzea eta bateratzea, bizitegi-arloko eskakizun berrietara eta Eusko Legebiltzarrak 2015ean onartutako Etxebizitzari buruzko Legearen edukietara egokituta, Iñaki Arriola sailburuak sinatutako hasierako aginduaren arabera.

Izatez, lege horren bigarren araudi-garapena izango da, iaz Fidantza Gordailua eta Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroa sortzeko zen dekretuaren ondoren, eta etxebizitza duin baterako eskubide subjektiboa eskuratzeko baldintzak arautuko dituen dekretuaren aurretik. Dekretu hori ere prestatzen hasia da eta urtea amaitu aurretik onartuko da.

Arau horren helburua da bizitegi-erabilera nagusiko eraikinen ikuskapen teknikoak bete behar dituen irizpideak eta eskakizunak ezartzea, gutxienez eduki hauek garatuta: eraikuntzaren ikuskapen teknikoaren nondik norakoa Euskadiren esparruan; EIT pasatu behar duten pertsona fisikoak edo juridikoak; hura egiteko gaitutako teknikariak eta erakundeak; ikuskapena konfiguratzen duten txostenak eta hura egiteko prozedurak eta epeak; ez-betetzetik sortutako ondorioak, eta Autonomia Erkidegoko eraikinen ikuskapen teknikoen Erregistroa.

Etxebizitzari buruzko Legeak garrantzi handia ematen die EITei bizitegi-parkea baldintza egokietan zaintzeko tresna gisa eta eraikinen birgaitzea eta hiri-eremuen berroneratzea bultzatzeko, aukera iraunkorragoa ingurumenaren eta gizartearen aldetik lurzoru-azalera berrien hedapen eta kontsumo itzulezina baino. Euskadin dagoen parke eraikiaren % 70 baino gehiagok 30 urtetik gorako antzinatasuna du, eta argitaratutako lehen araudi termikoaren aurreko eraikinak; beraz, urrun daude gaur egun nahi diren energia-eraginkortasuneko eskakizunak betetzetik.

Zehazki, Autonomia Erkidegoan dauden 163.642 eraikinetatik, % 43 1961aren aurretik eraikita dago 2011ko Erroldako datuen arabera. Horietatik 70.000 higiezinek 50 urtetik gorako antzinatasuna dute, dagokien EIT 2018ko ekainaren aurretik aurkeztu behar dutenak, eta 2020an 89.000 zifrara iritsiko da.

Legeak ezartzen du bizitegi-erabilera nagusiko eraikinak une bakoitzean bizigarritasunaren eta segurtasunaren eta irisgarritasunaren aldetik eskatuko diren baldintzetara egokitu izana langile eskudunek egindako ikuskapen teknikoen bidez egiaztatu behar dela. Eta 52. artikuluan etorkizuneko erregelamendu batera bidaltzen da zer epetan eta gainerako baldintzatan egin beharko den EIT. Arauak ematen dion garrantziaren erakusgarri, arau-hauste oso astuntzat jotzen da eraikinen ikuskapen teknikoko txostenen ondorioz sortutako konponketa- edo birgaitze-neurriei ez ekitea, adieraziko diren epeetan, horiek berehalako izaera edo oso urgentea dutenean.

Etxebizitzari buruzko Legearen bigarren xedapen indargabetzaileak espresuki indargabetzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 200. artikulua, EIT eratu zuena, “eraikuntza eta eraikinen aldizkako ikuskapen” izendatuta, eta katalogatutako eraikuntza guztien eta 50 urtetik gorako antzinatasuneko bizitegi-erabilerako eraikuntzen jabeei obligazioa ezarri zien langile tekniko fakultatiboei hamar urtean behin ikuskapen bat egitea eskatzeko, haien kontserbazio-egoera zehazteko.

Era berean, dekretu-proiektuak 2012ko dekretuan jasotako aurreko erregulazioa indargabetuko du, Euskadin EITaren aplikazioa garatu zuena, langile ikuskariaren figura sortuta eta ikuskapenaren edukia eta prozedura finkatuta, hala nola haren ondorioak, higiezinen jabetzarako sortutako obligazioak eta tokiko erakundeen eskumena hura betearazteko. Araudi horrek hainbat aldaketa izan ditu azken urteotan, bai Udalen aldetik EIT egiteko egutegian, bai eduki berriak gehitzean; adibidez, eraikinaren irisgarritasun orokorra eta eraikinaren energia-eraginkortasuneko ziurtagiriari buruzko informazioa ebaluatzeko premia.

Alderdi horiek guztiak eguneratuta eta bateratuta geratuko dira dekretu berrian; eraginpeko agenteei entzuteaz gain, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailean arau denez, herritarren partaidetza-prozesu ireki baten mende jarriko da.