Ertzaintzak eta udaltzaingoek erregistratutako arau-hauste penalak % 2,95 murriztu ziren 2016an

2017.eko martxoak 10

Bi poliziek erregistratu zuten mila biztanleko delitu-tasak puntu eta erdi egin zuen behera 2015ekoarekin alderatuta

Delinkuentziaren memoriak Ertzaintzak eta 50.000 biztanle baino gehiago udaletako udaltzaingoek 2016an jakin dituzten arau-hauste penalak biltzen ditu. Delinkuentziaren memoriak aditzera ematen duenez, behera egiten jarraitzen dute arau-hausteek zein delitu-tasak. 2016an, bi poliziek guztira 102.897 arau-hauste kontabilizatu zuten, eta 2015ean 106.026 izan ziren, hau da, 3.129 arau-hauste gutxiago, % 2,95 gutxiago. Mila biztanleko arau-hausteen kopuruari dagokionez, 2016an bi polizien datuen baturak 47ko delitu-tasa ematen du, eta aurreko urtean 48,43ko delitu-tasa izan zen, ia puntu eta erdi gutxiago beraz. Gizartean alarmarik handiena sortzen duten delitu motek —hala nola giza hilketek, sexu-erasoek eta etxebizitzetako lapurretek— beherako joerarekin jarraitzen dute. 

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea eta Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendaria bertaratu dira gaur Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Gobernantza Batzordean. 2016ko ekitaldiko delinkuentzia-memoriaren berri eman dute. Memoria horretan bildu da Ertzaintzaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko udaltzaingoen jarduera.

Datu horietatik ondoriozta daiteke, oraingoan ere, arau-hauste penalek behera egin dutela, 2015ean 106.026 izan ziren eta 2016an  102.897 izan dira. Antzeko zerbait gertatzen da delitu-tasarekin 1.000 biztanleko 48,43 arau-haustetik 47 arau-haustera pasa baita.

Beherakaden kapitulua deliturik larrienekin zabaltzen da, gizahilketa burutuekin. 2015ean 11 izan ziren eta  2016an 6. Sei kasu horiek, gainera, argitu dira eta ustezko egileak justiziaren esku utzi ditu Ertzaintzak.

Lesioak ere jaitsi dira (–% 0,26), eta horien barruan bereziki jaitsi dira familiaren barruko tratu txarrak (–% 7,10).

Torturarekin eta integritatearen kontrako delituekin lotzen diren arau-hausteen arloan (–% 4,45), adierazi behar da batez ere behera egin dutela familia barruko ohiko tratu txarrek (–% 4,38).

Sexu-askatasunaren kontrako arau-hausteak pixka bat gehitu dira (% 1,43), baina arau-hauste bereziki larriek, hau da, tartean indarkeria dutenek,sexu-erasoek behera egin dute (–% 11,46).

Ondarearen kontrako egintzei dagokienez (–% 0,18), batik bat adierazgarria da gauzetan indarra erabilita egindako lapurreten jaitsiera (–% 6,79) eta, horien barruan, etxebizitzetan indarra erabilita egindakoak (–% 12,44) eta, batez ere, eranskinetan, trastelekuetan eta garajeetan gertatutako lapurretak (–% 25,52).

Segurtasun kolektiboaren kontrako arau-hausteak ere jaitsi dira (–% 0,03) eta, horien barruan, droga-trafikoa (–% 2,07) eta ordena publikoaren kontrako egintzak (–% 24,06), baita beste arau-hauste penal gisa sailkatutako arau-hausteak (–% 23,72).

Gehitu diren delitu urrien artean daude: ebasketak (+% 3,05), alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzea (+% 1,42), ibilgailuen lapurretak (+% 6,71) eta iruzurrak (+% 7,59), batez ere Internet bidez egindakoak.

Esparru geografikoa

Lurralde historikoen arabera ere delinkuentziaren beherakada orokorra izan da: Araban (–% 2,03), Bizkaian (–% 2,33) eta Gipuzkoan (–% 4,67).

Antzeko bilakaera izan da hirigune nagusietan ere: Vitoria-Gasteizen (–% 2,37), Donostian (–% 2,44), Barakaldon (–% 5,26) eta Getxon (–% 17,53). Irun (% 0,13) eta Bilbao (% 2,445) dira 50.000 biztanletik gorako udalerrien artean ehunekoa gehitu duten udalerri bakarrak, ebasketen eta iruzurren eraginez batez ere.

Ziberdelituak eta gorroto-delituak

Delinkuentziaren memoriak hainbat berariazko atal eskaintzen dizkie Ertzaintzak 2016an Euskal Autonomia Erkidegoan jakin eta ikertu dituen Internet bidezko delituei eta gorrotoarekin lotzen diren delituei.

Zehazki, ziberdelituak epigrafearen barruan, 2016an Ertzaintzak 6.745 delitu erregistratu zituen eta aurreko urtean 5.970 izan ziren; beraz, ia % 10 gehiago. Lurraldeen arabera, Bizkaian 3.544 ziberdelitu erregistratu zen (3.192 izan ziren 2015ean), Gipuzkoan 2.125 ziberdelitu (1.889 izan ziren aurreko urtean) eta Araban 1.079 ziberdelitu (889 izan ziren 2015ean).

Delitu informatiko horien tipologia aztertzeko garaian, nabarmentzen da iruzurrak direla % 87a. Eta horien artean barnean hartu behar dira kreditu-txartel bidezko iruzurrak, banku-kontuetan egindako iruzurrezko karguak eta on lineko erosketetan gertatutakoak.

Gorroto-delituen kasuan, berriz, 2016an Ertzaintzak 124 gorroto-delitu erregistratu zuen (97 Bizkaian, 15 Gipuzkoan eta 12 Araban) eta joan den urtean 184 izan ziren. Esparru horren analisitik ondoriozta daiteke, 68 delitu arrazakeriarekin edo xenofobiarekin lotzen zirela, 31 sexu-orientazioarekin edo sexu-identitatearekin lotzen zirela, 17 orientazio politikoarekin edo ideologikoarekin, 3 sinesmenekin edo erlijioekin, beste 3 desgaitasunekin eta 2 aporofobiarekin; ez zen antisemitismoaren ingurukorik jaso.

Emakumeen kontrako indarkeria

Guztira, Euskadin 2016an 3.774 emakume izan zen indarkeriaren biktima, eta aurreko urtean 3.999 izan ziren; hortaz, % 5,63ko beherakada izan da.

Ertzaintzak 2016an erregistratutako datuen arabera, % 3,52 egin du behera beren bikotekideen edo bikotekide-ohien indarkeriaren biktima izan diren emakumeen kopuruak, 2015ean 2.899 izan ziren eta 2016an 2.797 izan dira.

Familia barruko indarkeria ere nabarmen jaitsi da, % 11,72. 2016an 746 emakume izan ziren indarkeria horren biktima, eta 2015ean 845 izan ziren.

Joan den urtean, Ertzaintzak erregistratutako datuen arabera, guztira 231 emakume izan ziren sexu-askatasunaren kontrako delituen biktima eta 2015ean 255 izan ziren (–% 9,41).