ITSASFEST jaialdiaren I. edizioaren laguntzailea da Eusko Jaurlaritza ingurumena zaintzeko kultura sustatzearren

Itsasfest.jpg

2016.eko abuztuak 25

  • Itsasfest jaialdiaren lehen edizioa abuztuaren 27an izango da Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburuaren ekitaldien barruan.
  • Euskadiko ingurune naturala sustatu eta zaintzeko lan egiten duten ekimenak bilduko ditu festa-giroan.
  • Surfilmfestibalek ekoitzi du proiektua eta 40 erakunde laguntzaile inguru baditu, tartean Ihobe, Eusko jaurlaritzaren ingurumen-jarduketarako sozietate publikoa.

Itsasfest jaialdiaren lehen edizioa abuztuaren 27an izango da Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburuaren ekitaldien barruan. Euskadiko ingurune naturala sustatu eta zaintzeko lan egiten duten ekimenez gain, euskal herritarren eta ingurune naturalaren arteko harreman jasangarriagoa bultzatzen dutenak ere bilduko ditu jaialdi horrek festa-giroan, musika, zinema, gastronomia eta ingurumena uztartuta. Surfilmfestibalek ekoitzi du proiektua eta Iberdrolaren babesa ez ezik, 40 erakunde laguntzaile inguru ere baditu, tartean Ihobe, Eusko jaurlaritzaren ingurumen-jarduketarako sozietate publikoa.

Itsasfesten programa hiru gai-ardatzen inguruan dago egituratuta: URA – LURRA – SUA. Diziplina anitzeko programak musika, zinema, gastronomia eta ingurumen-tailerrak biltzen ditu, eta horretarako jardunbide jasangarriak garatu eta zabaltzea hainbat esparrutan sustatzen duten erakunde, elkarte, talde, tokiko eragile zein organismoen lankidetza izango du festibalak. 

Jaialdiak lau gunetan garatuko ditu jarduerak: Haizearen Orrazia (pentsamendua eta zinema), Ondarretako hondartza (musika), Ondarretako lorategiak (ekosistema) eta Eduardo Chillida pasealekua (gastronomia). Ondarretako lorategien eta Eduardo Chillida pasealekuaren artean Ekosistema gunea sortu da. Gune horretan 30 geraleku daude hainbat proiektuk garatutako lanaren berri jaso dezagun. Proiektu horiek gai hauek jorratzen dituzte, besteak beste: landagunea, herritarren ahalduntzea, materialen berrerabilera, bertako produktua, ingurunearen babesa zein fauna eta flora.

Eusko Jaurlaritzak, Ihobe sozietate publikoaren bidez, 2016ko Itsasfest jaialdian parte hartu nahi izan du, haren helburuarekin bat eginda, hau da, herritarrek ingurunearekin duten harremana hobetzearekin eta natura-ondarearen zein Natura 2000 Sareko guneen balioa ezagutaraztearekin. Esparru horretan eta Ekosistema gunearen barruan Euskadiko biodibertsitateari buruzko bideoak emango dituzte. Horrez gain, DIDA Gaztea irratsaioaren barruan eta ekitaldi berean, Natura 2000 Sareko eremuetan dauden landa-establezimenduetako ostatu-gauak ere zozketatuko dira. Establezimendu horiek Europako Ekoetiketa Ekologikoa dute.


Natura 2000 Sarea Euskadin

Eusko Jaurlaritzak, 2016an, 55 eremu izendatu ditu Kontserbazio Bereziko eta hegaztientzako babes bereziko moduan. Horrenbestez, Europa osoan konpromiso handienetakoa duen eskualdea gara, Natura 2000 Sarea biodibertsitatearen kontserbaziorako marko komunitario bihurtzeko ahaleginean. 55 eremu izendatzea gertaera garrantzitsua da oso, eremu horiek bertan bizi diren pertsonak aintzat hartuta kudeatzen baitituzte; horretarako, Eusko Jaurlaritzaren zein foru-aldundien elkarlana dute, eta jarraipen-programa bat ere garatzen dute emaitzak ebaluatzeko.

Informazio gehiago 55 eremuei buruz Natura 2000 Sarea: Euskadiko Altxor Naturalak argitalpenean eskuragarri.


Itsasfesti buruzko informazio gehiago

Itsasfesten programa osoa zein ekitaldiaren informazio gehigarria www.itsasfest.com webgunean edo Twitterreko @itsasfest kontuan dago eskuragarri.