Eusko Jaurlaritzak Legegintzako Herri Ekimena arautzen duen legearen kontra Espainiako Gobernuak Konstituzio Auzitegian aurkeztuko duen errekurtsoaren berri eman du

2016.eko irailak 27

Josu Erkoreka bozeramailearen ustez, azken lau urteotan egindako lanari euskal gizarteak emandako "abala" da hauteskunde autonomikoen emaitza

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justizia sailburuak Espainiako Gobernuak Konstituzio Auzitegian aurkeztuko duen beste errekurtso baten berri ematen du gaur. Azaldu duenez, Espainiako Gobernuak iragarri du “10/2016 Legea, Legegintzako Herri Ekimena arautzeari buruzkoa” errekurritzeko asmoa duela konstituzio-kontrakotzat jotzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoan onartzea “Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren atzerritarrek politikan parte hartzeko eskubidea”. 

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoek aho batez onartutako legea da. Ekainaren 30ean onartu zen eta aldaketa hauek jasotzen zituen: 30.000tik 10.000ra jaistea “Legegintzako Herri Ekimen” bat aurkezteko behar zen sinatzaile kopurua eta “Legegintzako Herri Ekimenak” sinatzearen ondorioetarako pertsona baliodunen sorta irekitzea. Hala, esaterako, euskal legeak eskubidea ematen die udal-erroldetan izena eman duten atzerritarrei, legezko egoeran daudenei, legegintzan proposatzeko eta parte hartzeko. Horrela, nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoan legez bizi eta eskubide politiko guztiak dituzten eta adinari eta erroldatzeari dagozkien eskakizunak betetzen dituzten pertsonak izan, Espainiako Gobernuaren iritzian ezin zaie onartu legegintzako ekimenetan parte hartzeko eskubidea. 

Erkorekak gogorarazi duenez, Espainiako Gobernuak beste euskal lege bat errekurritu du, alderdi politiko guztien babesa duena eta herritarrek bizitza politikoan parte hartzea erraztu, sinplifikatu eta ahalbidetzen duena. “Dirudienez, ez zaio batere axola euskal gizarteak eta ordezkari dituen alderdi politikoek aho batez adierazitako iritziaren kontra egitea”, adierazi du bozeramaileak. Esan duenez, Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrak negoziatu, adostu eta onartu zuen baldintzetan defendatuko du lege hori. 

HAUTESKUNDEEN BALORAZIOA

Eusko Jaurlaritzak joan den igandeko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzen balorazioa egin du, eta, bozeramailearen esanetan, Exekutiboak azken lau urteotan egindako lana abalatzen dute. Bere ustez, hauteskundeen emaitza “oso argia” da, eta, helburu nagusitzat enplegu gehiago eta hobea sortzea hartuta, “bide berean aurrera egiten jarraitzeko” euskal gizarteak emandako babesa da.  

Bestalde, Erkorekak jakinarazi du azaroaren bigarren hamabostaldia arrazoizko epea litzatekeela Exekutibo berria eratzeko, eta, hala egingo balitz, Eusko Jaurlaritzak 2017ko otsailerako onartuta eta Ganberara bidalita izan lezake aurrekontu berria.