Ertzaintzak APP berria aurkeztu du. APP berri horren bidez polizia arreta eta zerbitzua hobetuko da eta herritarren zuzeneko parte-hartzea ahalbidetuko da

2016.eko urriak 19

Aplikazioa irekia eta doakoa izango da eta gazteengana hurbiltzeko aukera emango du

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak eta Jorge Aldekoa Ertzaintzaren buruak gaur goizean Ertzaintzaren APP mugikor berria aurkeztu dute Erandioko krisi-aretoan. APP berri hori orientabide biko komunikazio-bide bat izango da, eta horri esker eraginkortasuna gehituko da, zerbitzuak sustatuko dira, herritarrengandik informazio gehiago jasoko da eta Ertzaintzaren agerpena hobetuko da sare digitaletan.

Aplikazio teknologiko berri hori Ertzaintzaren 2016rako Plan Estrategikoaren ondorioz garatu eta abian jarri da. Zehazki, Plan Estrategikoaren bi ardatz hauen emaitzazkoa da: 1. ardatza “Errekonozimendu sozial eta profesional handia lortzea, hurbiltasun eta eraginkortasunagatik” eta 4. ardatza “Ertzaintzaren irudi korporatiboa indartzea”.

Ertzaintzaren APP berriaren moduko bitarteko digitalen erabilerak onura handiak ditu, eta horien artean daude efizientzia handiagoa, berehalakotasun handiagoa, konfiantza handiagoa, gazteengana heltzea, konexioa hobetzea, harremanetarako beste modu eskaintzea, eta ekintza operatiboko aukera berriak eskaintzea. Horretan datza, hain zuzen ere, aplikazio berria hedatzeko eta sustatzeko erabilitako goiburua: ‘Zure Segurtasuna, gertuago-Tu seguridad, más cerca’.

Android, iOS, Windows Phone eta BlackBerry plataformetako deskarga-sistemetan dohainik eskura daiteke APPa, eta gailu mugikorretan eta tabletetan instala daiteke. APPak Ertzaintzaren 24 ertzain-etxeen informazioa eta geokokapena eskaintzen du, eta bertatik Ertzaintzarekin telefono bidez harremanetan jartzeko aukera dago. Era berean, 112 larrialdi-zerbitzura deitzeko eta Ertzaintzaren azken albisteetara sartzeko aukera ematen du, baita segurtasunaren arloko aholkuetara sartzeko aukera ere. Halaber, beste sare sozial batzuetara sartzea ahalbidetzen du, hala nola Ertzaintzaren Twitterrera.

Herritarrekin komunikatzeko zuzeneko kanala

APPak barnean hartzen duen berritasun nagusietako bat da herritarrekiko norabide biko komunikazioa zabaltzeko aukera. Horretarako, APPak Ertzaintzarekin harremanetan jartzeko botoi bat du, eta horri esker Ertzaintzarekin telefono bidez, e-posta bidez, WhatsApp bidez edo SMS bidez komunikatu ahal izango da eta informazioa eskatu ahal izango da.

Bestalde, APP berriak herritarrek laguntzeko botoi berria dauka, herritarrek segurtasunerako interesgarria izan daitekeen edonolako informazioa eman ahal izan dezaten, betiere gerta daitezkeen delituak prebenitzeko, salatzeko edo argitzeko. Aukera horrek mezu idatziak, argazkiak eta bideoak txertatzeko aukera ematen du.