Ehun bat pertsonek aztertzen dute nola hobetu adineko pertsonen parte hartzea erabakiak hartzeko prozesuan

2016.eko urriak 27

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak antolatu duen Gobernantza +65 ekimena gaur jarri da abian. Aurkezpen-ekitaldian, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak proiektua aurkeztu die gogoeta-prozesuan parte hartuko duten eragile guztiei.

Gobernantza +65 ekimena 2015-2020 aldirako Zahartzaro Aktiborako Euskal Estrategian biltzen da, eta gaur egungo gobernantzaren ereduari buruz gogoeta egitea du helburu. Sailburuak berak azaldu duenez, “adineko pertsonengan eragina duten erabaki politikoak eta sozialak hartzeko prozesuan, adineko pertsonen ikuspegia eta esperientzia txertatzeko modu berriak bilatu nahi dira, hau da, bilatu nahi den eredu berrian adineko pertsonak ez dira gizarte eta politikaren arloko erabakien arreta, kudeaketa eta plangintzako ‘objektu’ huts izango, baizik eta erabakiak hartzeko prozesuan eskubide osoko ‘subjektu’ izango dira”.

Nabarmendu duenez, Gobernantza +65 ekimena “ekintzara bideratutako gogoeta- eta bilaketa-espazio bat da, eta prozesuan lortzen diren emaitzetan oinarrituta birformulatuko da Euskadiko gobernantza-eredua, betiere adineko pertsonengandik, adineko pertsonentzako eta adineko pertsonekin”.

Gobernantza +65 ekimenak parte-hartze prozesu zabala eta irekia proposatzen du. Hurrengo hilabeteetan ehun bat pertsonek elkarlanean jardungo dute gobernantzaren gaur egungo eredua eta testuingurua hobetuko duen baliozko proposamena aurkitzeko. Pertsona horien artean hainbat kolektibotako bozeramaileak daude: zahartzen ari den biztanleria ordezkatzen duten kolektiboetako ordezkariak, profesional publiko eta pribatuen ordezkariak, gerontologiaren arloko erakunde eta antolakundeetakoak, elkarte eta kolektiboetakoak, alderdi politikoetakoak, sindikatuetakoak eta hedabideetakoak.

Horrez gain, honako kide hauek osatutako aditu-batzorde bat sortu da: Daniel Innerarity, Filosofia Politiko eta Sozialeko katedraduna eta IKERBASQUEko ikertzailea Euskal Herriko Unibertsitatean eta Globernance Institutuko zuzendaria; Susana del Rio, Zientzia Politikoetako doktorea; ‘Citizens and Governance’ Europako Batzordeko adituen batzordeko kidea; Sara de la Rica, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomiako katedraduna, Espainiako Bankuaren eta FEDEAren ikerketako ‘Fuentes Quintana’ FEDEA katedraren zuzendaria eta IZA Journal of European Labor Studies aldizkariaren koeditorea; Roberto San Salvador del Valle, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien katedraduna eta Deusto Cities Lab Katedrako zuzendaria; Joseba Muxika, Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako foru-zuzendaria; Sergio Murillo, Bizkaiko Foru Aldundiko Autonomia Pertsonala Sustatzeko zuzendari nagusia, Marian Olabarrieta Ibarrondo, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako foru-zuzendaria; eta Javier Bikandi, Eusko Jaurlaritzako Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendaria; eta Imanol Zubero soziologian doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle titularra. Azken honek zahartzeari eta parte hartzeari buruzko hasierako hitzaldia egin du gaur.

Prozesua

Parte-hartze hori bideratzeko, hiru lan-batzorde eratuko dira. Lan-batzorde horietako bakoitza 25 pertsona inguruk osatuko dute, eta hurrengo hiletan hainbat gairi buruz eztabaidatuko dute eta gogoeta egingo dute.

  • Lehen batzordean NOR? galderari erantzuten saiatuko dira. Horretarako, Euskadiren garapenean zahartzearen irudia, inpaktua  eta aniztasuna identifikatu eta aztertuko da, eta, hartara, Herriaren eraikuntzan adineko pertsonen egitekoa, inklusioa eta parte-hartzea aztertuko da. Kolektiboaren indarrak eta ahuleziak aztertuko dira, behar bezalako zahartzea izatearen erronkari erantzuteko.
  • Bigarren batzordea ZER? galderari erantzuten saiatuko da. Horretarako, funtsezkoa izango da jakitea zer gaitan eta alderditan den garrantzizkoa adineko pertsonek eragiteko eta erabakitzeko ahalmena izatea. Zeharkako ikuspegia behar da bistaratzeko zer eskumen-esparrutan den beharrezkoa adinaren ikuspegia. Adinekoen ikuspegia txertatzeko bideak eta metodologiak bilatuko dira, eta hori gauzatzeko beharrezkoak diren prestakuntza eta trebakuntza aurreikusiko dira.
  • Azkenik, hirugarren batzordeak NOLA? galderari erantzun beharko dio. Egiteko moduaz arduratuko da. Batzorde horretan lidergo konprometiturako eredu bat bilatuko da. Aztertuko dira testuinguru globalaren eta tokikoaren erronkak, gaur egungo ordezkaritza-ereduaren indarrak eta ahuleziak, gaur egungo legezko esparrua eta erreferentzia gisa baliagarriak izan daitezkeen nazioarteko esperientziak.