Duintasuna eskultura jarriko da Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan

2016.eko urriak 26

Joan den udan deitutako ideia-lehiaketa irabazi duen lana aurkeztu du GOGORA Institutuaren zuzendariak.

GOGORA Institutuaren zuzendari Aintzane Ezenarrok gaur aurkeztu du Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan jarriko den eskultura. Kolunbarioak Gerra Zibilean eta frankismo garaian desagertu ziren eta identifikatzerik izan ez diren pertsonen gorpuzkiak hartuko ditu, eta bertan kokatuko dira identifikatutako hainbat pertsonaren gorpuzkiak ere senitartekoek bertan atseden hartzea erabaki dutelako. Aukeratu den eskultura joan den udan Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak deitu zuen ideia-lehiaketako irabazlea izan da, eta 16 lanen artetik aukeratu da.

Eskulturaren izenburua Duintasuna-La dignidad da, corten altzairuz dago eginda eta Ignacio Arregui da egilea. Epamahirako lan horrek “hainbat xafla bata bestearen gain ezarriz gurekin ez daudenak hutsenearen bitartez sinbolizatzen ditu, desagertutako horien arteko elkarrizketa lortzen du eta orainean obraren ondotik igarotzen garenon artekoa ere, galdutakoen memoria eta duintasuna aldi berean errekuperatuz”.

Egilearen esanetan eskulturak “bidegabeki errepresaliatutako pertsona guztien duintasunarekin berriz elkartzea sinbolizatu nahi du”. Esleipenaren zenbatekoa guztira 60.000 eurokoa izan da.

Hautatutako lana gaur goizean aurkeztu da GOGORA Institutuaren egoitzan, Bilbon, eta bertan izan da hautatutako lanaren egile Ignacio Arregui ere.

Duintasunaren Kolunbarioa Eusko Jaurlaritzaren Memoria Historikoaren arloko 2015-2016ko Lehentasunen Oinarri-Programan jasotako hamabi proiektuetako bat da (programa GOGORAk hartu zuen bere gain). Institutuaren zuzendari Aintzane Ezenarrok adierazi duenez, “beharrezkoa ez ezik ezinbestekoa ere bada biktimen duintasuna errespetatzeko, gorpuzkiak hartzeko eta omentzeko leku bat eraikitzea”. 

Kolunbarioak 60 hobi izango ditu, eta Elgoibarko Olasoko hilerrian eraikiko da.  Bertan emango zaie atseden azken urteotan hobietan aurkitu diren eta Gerra Zibilean eta frankismo garaian desagertutako eta identifikatu gabeko pertsonen gorpuzkiei.

Kolunbarioa eraikitzeko lanak aste honetan bertan hasi dira, eta hasiera batean Elgoibarko udalak finantzatuko ditu. GOGORAk 2017ko aurrekontuaren bitartez hartuko du bere gain lanen finantziazioa. Aurreikusten da lan osoa, eskultura instalatzea barne dela, amaituta izango dela urte amaierarako.