Arantxa Tapia hurbildu da "Telmo" merkataritza-ontzia bedeinkatzeko eta emateko ekitaldira. Balenciaga SA ontziolak inoiz egin duen ontzirik luzeena da.

2016.eko urriak 27

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua eta Javier Zarraonaindia Industriako sailburuordea bertaratu dira Balenciaga ontziolak eraiki duen “TELMO” merkataritza-ontzia bedeinkatzeko eta emateko ekitaldira.

Itsasontzia Zumaiako instalazioetan eraiki den arren, itsasontzia emateko ekitaldia Pasai Donibaneko kaian egin da.

Sailburuak ontzigintzako sektoreari, oro har, eta Balenciaga ontziolari, zehazki, luzatu dizkie zorionak, ontzigintzan berrikuntzaren alde eta ingurumen-iraunkortasuneko neurrien alde egiten duten apustua aintzat hartuta.

TELMO merkataritza-ontziari buruzko informazio gehiago:

BALENCIAGA SAk Zumaian duen ontziolan eraiki du, eta ontziola horrek, 1921. urtean sortu zenetik, inoiz eraiki duen ontzirik luzeena da.

UROLA SHIPPING SLU sozietateari emango zaio. Sozietate hori 2015eko ekainean sortu zen, eta jabetzaren % 100 BALENCIAGA SAren esku dago.

Ontziak karga orokorra, edukiontziak, ontziratu gabeko materialak, aleak eta ontziratu gabeko karga arriskutsuak garraiatzeko baimena du.

5.710 tona garraiatzeko edukiera du, eta guztira 99,99 metroko luzera eta 15,6 metroko zabalera. Bestalde, 2.666 kW-ko propultsio-motorra du.

Zamategia Box motakoa da, 64,4 x 12,8 x 9,2 metrokoa, eta bereizketetarako bi trenkada mugikor ditu, karga behar bezala egokitzeko. Horrez gain, bi eskotila hidrauliko ditu, folding motakoak, gainean edukiontziak eramateko aukera ematen dutenak.

Europako eta munduko ingurumen-araudirik zorrotzenera egokituta dago. Ihes-keak iragazteko sistema du eta gehiegizko SOx-a ezabatzen du. Espainiako Estatuan sistema hori duen ontzi bakarra da. Gainera, lasta-urak tratatzeko oso planta modernoa du txertatuta, joan den irailean mundu-mailan onartutako araudiaren araberakoa.

Zumaiako ontziolan egunero lan egiten duten 300etik gora pertsonek 14 hilabete eman dituzte ontzia eraikitzen.

BALENCIAGA SAk bere ontzi-enpresarako eraikitzen duen lehen unitatea da, eta oso aurreratua du bigarren ontziaren eraikuntza. Bigarren ontzi horrek “DEUN” izena du eta TELMO ontziaren bikia da. Datorren abenduan uretaratuko dute.

Bi ontzi horiekin, BALENCIAGA SAk iraganean izan zuen posizioa berreskuratuko du; izatez, laurogeiko hamarkadako sektorearen krisialdi handiarekin desagertu ziren Marítima del Gran Bilbao eta Naviera Uralar ontzi-enpresetan partaidetzak izan zituen, gehiengoa ez bazuen ere. 34 milioi eurotik gorako inbertsioa da.