Lehendakaria Euskadin boluntariotzan aritzen direnen lana eskertzeko ekitaldiaren buru izan da

2015-12-02

Urkulluk hirugarren sektorearekin lankidetza eta gizartearen parte-hartzea aintzat hartuko dituen «gobernamendu berri» batekiko konpromisoa agertu du

Iñigo Urkullu lehendakaria izan da Euskadin boluntariotza sozialean aritzen direnen lana eskertzeko egindako ekitaldiaren buru, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toña izan du zeregin horretan lagun. Abenduaren 5ean ospatzen den Boluntarioen Nazioarteko Egunaren harira antolatu dute, hain zuzen ere, ekitaldia. Lehendakaritzan egin diete omenaldia eta, bertan, lehendakariak nabarmendu du zein handia den kolektibo horrek gizartearen garapenaren eta integrazioaren alde egindako lana.

Euskadin, 150.000 lagun baino gehiago aritzen da boluntario gisa, hainbat kolektibo eta elkartetan bilduta. Eusko Jaurlaritzak gaur egin nahi izan dien gorazarrean, lau boluntariok hartu dute hitza: Livia López Gutiérrez, Araski elkarteko kidea; Claudia Sánchez Zabalago, SERSO San Viator Euskal Herriakoa; Mikel Díez de Arcaya, SECOTekoa (Seniorrak Lankidetzaren alde), eta Endika Ostolaza, Euskalerriko Eskautak elkartekoa. Gainera, bolondresak egindako bideoa ere proiektatu egin da ekitaldian.

Haien hitzaldien ostean, lehendakariak hartu du txanda, eta hirugarren sektorearekin lankidetza eta gizartearen parte-hartzea aintzat hartuko dituen «gobernamendu berri» batekiko konpromisoa agertzeko baliatu du. «Krisialditik ateratzeko eta sistema leuntzeko unea dugu hau, pobrezia desagerrarazi, giza eskubideak unibertsal bihurtu, garapen jasangarria ahalbidetu eta toki eta mundu mailan gobernamendu mota berri baten oinarriak finkatzekoa.

Ildo horretan, adierazi du gutxi barru onartuko dela Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Legea, eta antolatutako herritar ekimenaren eta administrazio publikoaren elkar osagarritasunaren aldeko apustu bat dela. Aipatutakoaren gisako neurriak parte-hartze handiagoko politika sorta bat hartzeko xedearen barruan kokatzen dira. Azaldu duenez, helburua ez da «krisiari egoeraren araberako irtenbidea ematea», ezpada garai berrira egokitzeko gaitasuna hobetzea.