Arautegia

Inprimatu

ERABAKIA, 2024ko martxoaren 25ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, zeinaren bidez Osakidetzako osasun komunitarioa koordinatzeko gobernantza-organoen osaera eta eginkizunak ezartzen diren.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Akordioa
  • Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 83
  • Hurrenkera-zk.: 2013
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/03/25
  • Argitaratze-data: 2024/04/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak

Testu legala

Osasun sailburuaren 2020ko maiatzaren 13ko Aginduaren bidez zehaztu zen COVID-19aren pandemian konfinamendua arintzeko fasean kasuen eta kontaktuen kontrola eta azterketa egiteko zaintza- eta kontrol-programarako giza baliabideen antolamendu-egitura. Bertan ezarri zenaren arabera, Erakunde Sanitario Integratu (ESI) bakoitzean kasuak eta kontaktuak kudeatzeko eremuak egongo ziren, agindu horren eranskinean definituta daudenak. Kudeaketa-eremu horietako bakoitzaren buru familiako eta komunitateko erizaintzako espezialistak izan ziren. Haien prestakuntza-programa ekainaren 17ko SAS/1729/2010 Aginduan argitaratu eta onartu zen (2010eko ekainaren 29ko BOE, 157. zk.). Aipatutako Aginduan «COVID-19a kudeatzen duten erizaintzako langileak» izendapena eman zitzaien langileoi, eta Sarean lan egiten zuten gainerako erakundeekin.

Sare horrek urteotan egin duen lanaren emaitza modu positiboan baloratu izan denez, eta kontuan izanik bermatu zuela zaintza-programa ESI guztietan modu koordinatuan eta sarean hedatzea, egoki jo zen estrategia komunitarioa hedatzeko antzeko egitura bat ezartzea.

Hori dela eta, trantsizio-aldi bat izan zen, eta tarte horretan, COVID-19a kudeatu zuten erizainen sarea Osakidetzako Osasun Komunitarioko Sarea (OOKS) bihurtuz joan zen. Azpimarratu behar da «bihurtzearekin» adierazi nahi dena zera dela, sarea eredu izan zela OOKS eratzeko, egiturari, banaketari eta funtzionamenduaren zati bati dagokionez. OOKS, beraz, ildo estrategiko baten emaitza izan zen, hain zuzen ere, Osasuna Lehen Mailako Arretatik eta ikuspegi komunitario batetik lantzeko ildo estrategikoaren emaitza. Eta horren ondorio izan da ere erabaki honetan deskribatutako Zuzendaritza Batzordea sortzea.

Era berean, Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategian (2019) dagoeneko aipatzen zen orientazio komunitarioaren garrantzia, 4. ildo estrategikoan: «Goreneko gaitasunean sakontzea erizaintzaren garapen profesionala». Ondoren, 2023-2025 aldirako Plan Estrategikoan, arlo horretan lan egiteko beharra berretsi zen, batez ere, 1. ildoan: «Osasuna sustatzea eta gaixotasuna prebenitzea, bizitzaren bilakaeraren ikuspegia txertatuz, eta aurrera egitea pertsonen eta komunitatearen erantzunkidetasunetik eta parte-hartze aktibotik».

2023an, hausnarketa estrategikoko prozesu bati ekin zitzaion, eta «Osasuna ikuspegi komunitariotik lantzeko estrategia. Lehen Mailako Arreta" dokumentuan jaso zen. Bertan gogoeta berriak, lan-ildoak eta funtzio-esparru berri bat eman ziren, osasuna ikuspegi komunitario batetik lantzeko. Ildo horietan adierazitakoek eta egoerak ere erakusten dute beharrezkoa dela Erabaki bat hartzea, zeinaren bidez Osakidetzako Osasun Komunitarioa Koordinatzeko Zuzendaritza Batzordearen osaera eta eginkizunak ezarriko diren.

Eta, azaldutako guztiarekin bat etorriz, Osakidetzako zuzendari nagusiaren proposamenez, Administrazio Kontseilu honek, adierazitakoa behar bezala betetzeko eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 8.5 artikuluak ematen dizkion eskumenak erabiliz, honako erabaki hau hartzen du:

ERABAKIA

Lehenengoa. Osakidetzako Osasun Komunitarioa Koordinatzeko Zuzendaritza Batzordea sortzea.

  1. Osakidetzako Osasun Komunitarioa Koordinatzeko Zuzendaritza Batzordea ente publikoaren kide anitzeko organoa da, eta hierarkikoki eta funtzionalki Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren mende dago, Lehen Mailako Arreta Koordinatzeko Zuzendariordetzari atxikita. Oro har, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean horrelako organoetarako ezarritako aurreikuspenek arautzen dute.

  2. Osakidetzako Osasun Komunitarioa Koordinatzeko Zuzendaritza Batzordea honako hauek osatzen dute:

    Batzordeburua: Asistentzia Sanitarioko zuzendaria edo hark eskuordetzen duena.

    Idazkaria: Prebentzio, Sustapen eta Heltze Komunitarioko Arlo Korporatiboko Teknikari Arduraduna, edo hark eskuordetzen duena. Jardun horretan ahotsa izango du, baina botorik ez.

    Batzordekide hauek izango dira:

    Lehen Mailako Arreta Koordinatzeko zuzendariordea, edo hark eskuordetzen duena.

    Erizaintzako zuzendariordea, edo hark eskuordetzen duena.

    Ospitaleko Arretako zuzendariordea, edo hark eskuordetzen duena.

    Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena.

    Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordea, edo hark eskuordetzen duena.

    Osasun Saileko Komunikazio Kabineteko titularra, edo hark eskuordetzen duena.

    Osasun Saileko Arreta Soziosanitarioko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena.

  3. Sortutako batzordea osatzen duten pertsonak edo haien ordezkoak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak izendatuko ditu ebazpen baten bidez, baita batzordeburua eta idazkaria ere.

    Bigarrena. Osakidetzako Osasun Komunitarioa Koordinatzeko Zuzendaritza Batzordeari esleitutako eginkizunak definitzea.

    Jarraian, Zuzendaritza Batzordearen eginkizun-esparru berria planteatzen da:

    Jarduteko ildo estrategikoak eta lehentasunezko helburuak finkatzea, Osasun Planean eta Osasun Sailaren eta Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzaren plan eta programa estrategikoetan oinarrituta.

    Ekintza komunitarioko ildo orokorrak eta urteko lehentasunezko helburuak ezartzea.

    Proposatutako ekintzak garatzeko eta ezartzeko behar diren baliabideen zuzkidura eta finantzaketa ziurtatzea.

    Maila makroan koordinatzeko aliantzak ezartzea, tokiko administrazioan sinergietan eta lankidetzan gauzatzeko, herritarrekin lotura zuzenena duen administrazioan, hain zuzen ere. Aliantzak bultzatzea Euskadiko ekintza komunitarioekin zerikusia duten beste erakunde, entitate eta eragile batzuekin.

    Emaitzen betetze-maila ebaluatzea.

    Hirugarrena. Erakunde Sanitarioetako erreferenteak.

    Eginkizunak behar bezala kudeatzeko, Osakidetzako Osasun Komunitarioa Koordinatzeko Zuzendaritza Batzordeak erreferentziazko pertsona bat izango du Erakunde Sanitario bakoitzean. Pertsona horren bitartez, informazioa eta ekimenen berri emango da, Erakunde Sanitario Sanitarioek osasuna ikuspegi komunitario batetik lantzeko proiektu, ekimen eta helburuei dagokienez egindako jardueren koordinazio handiagoa bermatzeko.

    Laugarrena. Indarrean jartzea.

    Erabaki honek hartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, hargatik eragotzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 25a.

    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

    MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik