Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2017ko ekainaren 26koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian inskribatzen baitira Santurtzin (Bizkaia) diren Serantes mendiko gotorlekuak, kultura-ondasun gisa, Monumentu Multzo izendapenaz.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 137
  • Hurrenkera-zk.: 3658
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2017/06/26
  • Argitaratze-data: 2017/07/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Autonomia Estatutuaren 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen arloan. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2017ko urtarrilaren 18ko Ebazpenaren bidez, Santurtzin diren Serantes mendiko gotorlekuek duten balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian inskribatzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hori 2017ko urtarrilaren 24ko EHAAn argitaratu zen (16. zk.).

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3. artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, Santurtziko Udalak alegazioak jarri zituen, zegokion epearen barruan, honako hauekin lotuta: «El Fuerte» izena, eraikuntza-data eta testuinguru historikoa, okupazio-aldia eta Serantes mendiaren altimetriak.

Aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, horiei erantzun egin zaie, espedientean jaso diren Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txosten teknikoen arabera. Txosten horien ondorioak oinarri hartuta, aldaketak egin dira I. eranskinean («Mugaketa» izenekoan) eta II. eranskinean («Deskribapena» izenekoan); izan ere, horien bidez, baietsi egiten dira alegazioak.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kulturako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

Lehenengoa. Santurtzin (Bizkaia) diren Serantes mendiko gotorlekuak, kultura-ondasun gisa eta Monumentu Multzo izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian inskribatzea.

Bigarrena. Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako, aipatutako ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskineko mugaketarekin eta II. eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.

Hirugarrena. Jabetza Erregistroari agindu honen berri ematea, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako.

Laugarrena. Santurtziko Udalari eskatzea higiezin hori babes dezan, udalaren hirigintza-plangintzarako tresnan jasoz.

Bosgarrena. Agindu hau jakinaraztea espedienteko interesdunei, Santurtziko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara eta Kultura eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailei, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari.

Seigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Inskribatzeko agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beraz, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, bi hilabeteko epean, agindu hau azkenengoz argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 26a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

  1. Mugaketa.

  1. Serantes Gotorlekua: honako erreferentzia hauek zedarritzen dute perimetroa:

    Ekialde-hegoaldean: sestra-kurba, 340 m-ko kota duena, gailurrera doan bide nagusiarekin bat egiten duen tokitik Serantes gotorlekua hegoaldean inguratzen duen bigarren mailako bideraino.

    Mendebaldean: bigarren mailako bidea, gailurrera doan bide nagusiarekin bat egiten duen tokiraino; toki horretatik, lubanarroarekiko lerro paralelo bat dago, bide nagusiarekin bat egiten duen tokiraino doana, 342 m-ko kotan, gutxi gorabehera.

    Iparraldean: gailurrera doan bide nagusia.

  2. Gailurreko Dorre Handia: 445 m-ko kotako sestra-kurbak zedarritzen du eremua, alde batera utzita antena eta hari erantsitako instalazioak.

  1. Mugaketaren justifikazioa.

    Mugaketa horretan, Serantes mendiko gotorleku-sistemaren elementu nagusiak sartzen dira: Serantes Gotorlekua eta gailurreko Dorre Handia, bakoitzak bere mugaketa duela. Hartara, mugaketa etena ezartzen da, elementu bakoitzaren azaleraz gainera, inguruko eremu bat hartzen duena, eremu horren babes kulturala bermatzeko; izan ere, eremu horietan egindako jarduketek kultura-ondasunean eragin dezakete zuzenean.

    Planoan, honela daude adierazita elementuok:

  1. Gotorlekua.

  2. Dorre Handia.

    (Ikus .PDF)

Serantes mendia Abraren ezkerraldean dago, 450,84 m-ko altuera du eta ageri-ageriko mugarri orografikoa da itsasadarraren ingurunean. Menditik, ikusmiran hartzen dira kostaldeko eremu zabal bat, Bilboraino doan itsasadarraren harana eta Bilbora sartzeko bide historikoek eta egungoek osatzen duten gunearen ikuspegi zabala.

Serantesko gotorleku-multzoa lerro baten gainean dago ezarria, El Mazo (245 m g.g.b.) muinoan hasi, eta mendiko gailurreraino heltzen dena. Behatoki natural bat da, ikusmira ederra eskaintzen duena; erabat urbanizatutako ingurune baten ondoan dago, eta, egun, Bilbo Handiko naturagune nagusietako bat da.

Gotorleku-sistemaren elementu nagusiak Serantes Gotorlekua eta gailurreko Dorre Handia dira, eta, haietara heltzeko, nagusiki, bide bihurri bat hartu behar da, gotorlekuak diseinatu zituzten ingeniari militarrek egina.

Gotorlekuak pentagono irregular baten oinplanoa du, 8.500 m2-ko azalera duena, gutxi gorabehera. Nahiz eta azken gerra karlistaren garaian Serantesko gortorlekuak aipatzen diren (1875), oraingo gotorlekua geroago eraiki zen, 1879an proiektua onartu ondoren, Bilboko Itsasadarreko defentsa-sistemaren berrantolaketaren testuinguruan, eta lanak 1882an bukatu ziren. Inguruan duen lubanarroa 3-4 m-koa da sakon, eta, iparraldeko angeluan, kanoi-zulo bat du. Gotorlekuak altuera txikiko parapeto bat du inguruan. Barrura sartzeko, guardia-aretoa zeharkatu behar zen, bi isurialdeko pabilioi bat, arku eskartzanodun sarbide-baoak dituena (2012-2013 urteetan zaharberritu zen).

Guardia-aretotik, gotorlekuko kale edo galeria nagusira sartzen da, eta, haren alboetan, eraikuntzen hondarrak daude: ezkerraldean, pabilioiek osatutako lau lerro, zeharka antolatuak (hiru pabilioi, eta bi pabilioi independentek osatutako beste lerro bat), eta, haien iparraldean, luzetara antolatutako pabilioi bat, horma gezi-leihodunak dituena. Kale nagusiko eskuinaldean, pabilioi handi bat dago, paraleloan antolatua: partez berreraiki da, estalkiraino.

Partez kontserbatzen dira gotorlekuaren eta gelen inguruko harresiak. Harlangaitzez edo kareharrizko harlanduxkoz eginak dira, eta, izkinetan, harlanduak dituzte. Eraikinetan, bao gezi-leihodunak daude, adreiluz inguratuak, garaiko gotorlekuen tankerara. Zenbait pabilioi gotorlekuko soldaduen eta gobernadorearen aterpe gisa erabiltzen ziren; pabilioi bat munizioen biltegia zen, eta beste batean, sukaldea eta janari-biltegia zeuden.

Gotorlekua XX. mendearen hasierara arte erabili zen (1915 inguruan artilleria kendu zen, nahiz eta bizitoki izan zen 1926ra arte, eta 1928an eraisteko asmoa hartu zen).

Serantesko gailurrean, dorrea dago. 1879ko proiektua onartzeko dokumentuan dator ere (non «Torre avanzada del Serantes» deitzen zaion), eta bere obrak 1881ean bukatu ziren. Harlandu irregularrez egindako eraikina da; lau angeluko oinplanoa eta bi altuera ditu, eta zabaltza bat, garitoiz inguratua, erdiko errematea izan zuena. Beheko aldean, albo bakoitzean, bost kanoi-zulo daude, eta beste bana izkinetan; goiko aldean ere, kanoi-zuloak daude, hego-ekialdeko fatxadan bao zabalagokoak direnak. Egun, ia osorik galdu dira terrazadun itxitura eta erdiko erremateko atala; gainera, dorreko harresiak oso hondatuta daude, eta lehenbailehen sendotu beharra dute.

Oro har, egungo egoera aintzat hartuta, kontserbatutako egiturak hondarrak dira, eraikuntzak bainoago. Gotorlekuan, hormen oinarriak kontserbatzen dira, izan altuera handia edo txikia, eta erraz antzematen dira multzoaren oinplanoa, forma eta antolamendua. Dorreak, kontserbazio-egoera halamoduzkoan egonda ere, zutik dirau, eta gailurreko irudiaren erreferentea da. Hondarrak dimentsioak eta interpretagarritasuna aintzat hartuta hemeretzigarren mendeko arkitektura militarraren lekukotza dira, Bizkaiko esanguratsuena. Gainera, gotorlekuen hondarrak paisaian daude txertatuta, eta haren berezko elementuak dira, ingurune naturalari interes kultural nabarmeneko osagai bat gehituz. Hori dela-eta, lehengoratze-jarduera edo esku-hartze oro ikuspegi integratzaile batetik egin behar da, eta zaharberritze- eta berreraikitze-lanek helburu izango dute elementu guztien berezko ezaugarriak zaintzea, oinarri hartuta ingurunean eta Serantesko paisaian inpaktu negatiborik izango ez duten testuradun eta koloredun materialak eta akaberak.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.