Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Iñaki Mendiguren

Iñaki Mendiguren Bereziartu 1954an jaio zen Gipuzkoako Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri zaharrean. Filosofia eta Letrak ikasi zituen Deustuko Unibertsitatean, eta bertan lizentziatu zen Historia moderno eta gaur egungoan.

Urtetan Arrasaten bizi izan da irakaskuntzan lan eginez. Gaur egun Ezkio-Itsason bizi da, bere jaioterrian, eta itzultzaile lanetan aritzen da bere kontura. Itzulpenak egiten ditu argitaletxe, enpresa edo erakundeentzat.

Bere itzulpen-lan garrantzitsuenen artean daude Tocqueville-ren Amerikako Demokrazia, bi liburutan eta Toynbee-ren Historiaren Azterketa, beste bi liburutan, biak Pentsamenduaren Klasikoak bilduman argitaratuak. Elizen Arteko Biblia itzultzen ere parte hartu du beste zenbait itzultzailerekin batera eta J. Swiften Gulliverren bidaiak argitaratua du Literatura Unibertsala bilduman.

Bere idazteko grina ez da ordea itzulpengintzara mugatu. Bi eleberri idatzi ditu, biak lehiaketa banatan sarituak. Biak daude argitaratuak: Haltzak badu bihotzik eleberriak 1989ko Café Iruña-Baqué saria irabazi zuen eta Elkar etxeak argitaratu zion hurrengo urtean, eta hamar urte geroago Ilunkerako xuxurlak lanagatik jaso zuen 1999ko Irun Hiria Eleberri saria.

Euskadi saria jasotako Harry Potter eta sekretuen ganbaraz gain, berak euskaratuak dira Harry Potter eta sorgin-harria, Harry Potter eta Azkabango presoa eta Harry Potter eta suaren kopa, laurak Elkarlanean-ek argitaratuak.