Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Galderen geografia. Laburpena

Ez da ipuin-bilduma soila, hamabost ipuin soltez osatua; batasuna duen liburua baizik. Hala dio Irene Aldasorok berak hitzaurrean. Ipuinak ez direla hiriko estanpa edo hiritarren karikatura batzuk: azaleko itxuraren atzean karga sinboliko itzela duten istorioak direla. Kontakizun bakoitza besteen osagarri eta aberasgarri. Batek beste batean oihartzun egiten duela. Denak elkarren kide direla, kontakizunetako baten izena erabiliz esanda. Aipatzen du itzultzaileak hitzaurre berean, gizarte oso bat isladatzen duela Dublindarrak: "Joycek salatu nahi zuen gizarte indargabetu, paralizatu eta ohiturei lotu huraxe. Joycek jende arrunt horren egunerokotasunaren akta jasotzen du ahalik eta objektibotasun handienaz, berak ikusten duen bezala, eta haien jokabidearen juzkurik egin gabe".

Irene Aldasorok Joyceren eskutiz bat erabiltzen du kontakizunek ordena kronolojiko bat ere jarraitzen dutela argitzeko. Joycek bere anaia Stanislausi idatzitako hitzak honakoak: "Honako hau da istorioen ordena: Ahizpak, Enkontrua eta beste istorio bat, nire haurtzaroko istorioak; Apopilo etxea, Lasterketaren ondoren eta Eveline, nire nerabezaroko istorioak; Buztina, Elkarren kideak eta Kasu triste bat, helduaroko istorioak; Huntz eguna batzar gelan, Ama bat eta liburuko azken istorioa, Dublingo bizitza publikoko istorioak. Gogoratzen zarenean Dublin milaka urtean hiriburu izan dela, britainiar inperioko "bigarren" hiria dela, eta ia Venezia halako hiru dela, harrigarra da nola ez duen ezein artistak mundura atera".

1914. urtean, idatzi eta bederatzi urtetara, argitaratu zizkioten James Joyce idazleari kontakizunok, ezezko askoren ondoren. Euskadi Saria jaso du Irene Aldasorok 2000. urtean kontakizunok itzultzeagatik.

Galderen geografia. Zatiak

AHANTZI

Julio Zesarrek Marco Brutori,
Eskuan sastakaia ikusi ondoren:
-Marco, semea, eskuan duzuna, baino,
Zer zenuke nahiago?

Marco Brutok Julio Zesarri:
-Munduan den ahaztura guztia.

AINGERU

-Zer gertatzen da pospolo bat piztu
Eta zigarroa erretzen den bitartean?

Aingeru bat igarotzen da hegoak erreak

ARITMETIKA

ALTZIBIADES:

Maisu, zergatik da hain zaila herri honetan politikaz
hitz egitea?

SOKRATE:

Aritmetika jakin behar delako.

ALTZIBIADES:

Nolatan hori?

SOKRATE:

Beti amaitzen baitugu hildakoak kontatzen.

BORROKA

Hasieran, maite den lurraren alde borrokatzen da.
Hurrena, borrokatzen den lurra maite egiten da.
Azkenik, borroka bera da maiteen.

DISTANTZIA

ALTZIBIADES:

Zergatik dago bihotza burutik urruti?

SOKRATE:

Distantziagatik.

ALTZIBIADES:

Distantzia dagoela esan nahi duzu bataren eta bestearen artean?

SOKRATE:

Bai, distantzia gehiago dago buruaren eta bihotzaren artean, Groenlandiaren eta Tropikoaren artean baino.

EGIA

Egiak,
Ezinaren grina asebetetzen.
Gezurrak,
Gertatzen denaren izua leuntzen.

GEOGRAFIA

Bertan jaio naizen arren,
Ez dut ezagutzen nire herria.
Nire hizkuntza bera duen arren,
Ez dut ulertzen nire herria.
Horixe da nire aberria,
Poliki-poliki hiltzen nauena,
Beti itzultzen naizen atzerria,
Gaixo bat bere minera bezala.

HARRO

ALEXANDRO HANDIAK ARISTOTELERI:

Pertsiar etsaiak larrutu ditugu,
Haien lurraldeak eskuratu,
Mundua gure oinetan da.
Ez al zaude greziar izateaz harro?

ARISTOTELEK ALEXANDRO HANDIARI:

Harro egongo nintzateke
Greziar izatea lana balitzait.
Nire oinetakoak eramateaz,
Horretaz nago oso harro,
Izerdi truk baitira erosiak.

LO

Ez du ezertarako balio lo egiteak.
Zer axola guri mundu handi bat irabaztea,
Gau ttiki bat galduko badugu?

NAHI

Urretik, haren begirada itsua.
Marfiletik, haren grabitatea.
Purpuratik, haren odola.
Arrabitatik, isiltasuna.
Sastakaitik, haren hotza.
Arrosatik, haren arantzak.
Heriotzatik, bizitza.

NEGAR

DEMOKRITO:

Zergatik egiten duzu hiletetan negar?

HERAKLITO:

Inor hiltzen denean, gure baitako zerbait hiltzen delako.
Eta zuk zergatik egiten duzu barre?

DEMOKRITO:

Inor hiltzen bada, ni bizirik nagoen seinale.

ODOL

ARISTOTELEK ALEXANDRO HANDIARI:

Zuk hildako gizon-emakumeek
Ona dute osasuna.
Gauero agertzen zaizkizu
Begiak bildu orduko.
Gela betetzen dizute
Odolaren usain mikatzez.

OPTIMISMO

Igogailu batera sartu eta zerura iritsi arte itxaron,
Ezinezko maitasunik ez dagoela amestu,
Txanponaren modura, zorteak bi aurpegi dituela sinetsi,
Mahomarengana mendia ez badator,
Mahoma mendira badoala esan,
Unibertsoaren ardatza geu garela pentsatu,
Soldadutzak gizon, eta kartzelak doktore bihurtzen
gaituztela aipatu,
Fedeak ibaiak beren arroetatik mugiarazten dituela
Uste osoan egon,
Itsasoan bizi direnez gero, arrainak
Zoriontsuago ote diren galdetu,
Bakartien santutzat hartu Robinson Crusoe,
Hiri honetan bilatu Desira izeneko tranbia bat,
Etsaia aurretik igaroko delakoan eserita gelditu, atarian,
Lagunei utzitako liburuak itzultzen direlako
ziurtasuna eduki.

OROITZAPEN

1 Ezinezkoa ihes egitea.
Noranahi joanda ere,
Hantxe zeunden zu.

2 Alferrikakoa da egunero ureztatzea.
Oroitzapenak ez du lorerik ematen

PASIO

1 Pasioa, lorez beteriko zelaia.
Zenbat eta gehiago ebaki,
Orduan eta gehiago hazi.

2 Gorputzaz inguraturik,
Ihes egiteko leku bat besterik ez:
Arima.

POESIA

Norberak bizi duen
Istant iheskorra harrapatu
Eta beti guztirako bihurtzen saiatu

SU

-Nork amata lezake sua lorez,
Eta arrosa piztua garrez?

-Nork itsasoa hustu
Begi-zulo tristeetara?