Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila

Ezagutu Euskadi

Berriak

Gasteiz, pintxoen Olinpoa

  • Gasteiz, pintxoen Olinpoa
    Gasteiz, pintxoen Olinpoa
2017/08/02
Gasteiz, pintxoen Olinpoa

Europako Hiriburu Berdea izendapena lortu zuen 2012an, eta horri esker, oso ezaguna da nazioartean. Alabaina, Arabako hiri noble hau oasi hiritar bat baino askoz ere gehiago da natura eta kirola maite dutenentzat. Almendra itxurako Erdi Aroko hiriguneak, eraikin abangoardistekin eta hirian zehar ikusgai dauden eskulturekin batera, tradizioz modernoa den hiribildu bat uzten du agerian. Kaleetan zehar, eliza liluragarriez gainera, pintxoen egiazko tenpluak daude nonahi. Gastronomia dugu Gasteizek eskaintzen duen plazer handienetako bat. Tradizio gozoa ahaztu gabe, modernotasunerantz doa, joera berrietara egokituz. Hiriak alderdi guztietatik duen askotarikotasuna dela tarteko, fintasun izugarrizko harribitxi txiki bihurtu da Gasteiz. Eskuetan Arabako Errioxako ardoa duzula, prestatu zure bost zentzumenak altxorraren mapa honetan murgiltzeko. Bertan, hiriko sukaldaritzako gauza miragarriak ezkutatuta dauden puntuak ezagutuko dituzu. Erdigunean, Sagartoki jatetxeak (Prado kalea, 18) patata purez egindako jateko moduko miniatura eskainiko dizu; barnean, hirugiharra eta arrautza gorringoa ditu. Jaki gozo-gozoa, inondik ere. El Clarete jatetxean (Zerkabarren kalea, 18), berriz, askotariko plater tradizionalak dituzu eskura, ukitu pertsonalarekin eta egile ukituarekin landuak, ez hotz ez bero utziko ez zaituen emaitza fina lortzen dutela. Zure leitmotiva 'gutxiago gehiago da' baldin bada, El Rincón de Luis Mari (Errioxa kalea, 14) duzu itsasontzia; eta Antxopi, berriz, bandera. Ogi zati arrunt baina gozo bat da, gainean piperra, antxoatxoa, arrautza egosia, maionesa eta oliba olio tanta bat dituela. Ezinezkoa da horrekin ez konkistatzea. Eta, hain justu, dualtasunez jositako hiria denez Gasteiz, PerretxiCo tabernan (San Antonio kalea, 3) puzzle bat osatzen dute, non osagairik tradizionalenak ezin hobeto uztartzen diren bertako pintxoetako ukitu modernoarekin. Hala, askotarikotasun orekatsuko sukaldaritza lortzen da. Bestalde, Dato kale jendetsuan, ezin saihestuzko hiru taberna daude: Saburdi, Usokari eta Regadera. Ezinezkoa izango zaizu ez erortzea lehenengo tabernan baratxuri-piperrekin prestatutako bakailaoaren sareetan. Eta Usokariko eta Regaderako jaki gozo-gozoek harrapatu egingo zaituzte, bai ala bai. Dena den, hirigunean zehar egiten ari garen bidaldiarekin jarraitu aurretik, funtsezkoa da Toloño tabernako (San Frantzisko kalea, 3) Gilda dastatzea. Elezaharraren arabera, horixe da hiriko onena. Nolanahi ere, taberna horretan onddoekin egiten duten risottoa ere itzal handikoa da. Eta izen bereko plazan dagoen La Virgen Blanca jatetxeko (Andre Maria Zuriaren plaza, 2) pintxoek merezi duen ospea ematen diote hiriari. Ez huts egin! Gasteizko hirigunean zehar ibiliz gero, bertako txokoetan galduz, ehunka urte dituzten kaleek askatutako magia suma dezakegu. Kale horiek, 1.181. urtean Antso VI.ak sortu zituenetik, ekimen historiko ugariren eszenatoki izan dira, eta artista zein jakin-nahi ugari liluratuta utzi dituzte. Paseo zoragarria, nola ikusmenarentzat, hala ahosabaiarentzat. Bertan, ezinbestekoa da Erkiaga taberna (Errementari kalea, 38) bisitatzea, hiriaren dualtasun fin hori ezin hobeto ordezkatzen duena. Sari ugari jaso dituzten pintxo berritzaileak eskaintzen ditu, non eta ingurune historiko batean. Hauek dira, besteak beste, taberna horren sorkuntza lan garrantzitsuenak: Silencio (Isiltasuna), ogi txikortua, eta gainean, errukularen, tipulinaren, marrubiaren, tomatearen, bieiraren, olagarroaren eta legatz ketuaren arteko nahasketa harrigarria bezain zoragarria; eta La Vieira del Peregrino (Erromes maskorra), tenperatura baxuan melatutako bieira, muskuilu bitsarekin, ozpin-oliotan dauden algekin eta Albariñoarekin beheratua, izotz lehorrezko oinarri apaingarri baten gainean. Gainera, La Malquerida (Hedegile kalea, 10) eta El Siete (Aiztogile kalea, 3) tabernek kalitate goreneko pintxoak eskaintzen dituzte, eta horiek ingurune zoragarriarekin uztartuz, ezin ezabatuzko aztarna utziko dizute zure ahosabaian zein oroimenean. Jazza eta rocka, berpizkundea eta abangoardismoa, industria eta natura. Kontraste harmoniatsuz jositako txokoa da Gasteiz. Aberatsa sentipenei zein kulturari dagokienez. Kultura hori bilakatuz eta garai berrietara egokituz joan da; baina, betiere, sukaldaritzari egindako gurtza ardatz nagusitzat joz. Azken batean, hiri hau, bere muino historikoaren oinetan zabaltzen dena, pintxoen egiazko Olinpoa da.

Eskaintzak

Irisgarritasuna
Eskaintzak
Itzultzea