Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2018ko urriaren 3koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Bermeoko Hirigune Historikoa Babesteko eta Kontserbatzeko Plan Bereziaren Berrikuspenaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 201
  • Hurrenkera-zk.: 5102
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/10/03
  • Argitaratze-data: 2018/10/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2018ko martxoaren 19an, Bermeoko Udalak eskabide bat bete zuen, Bermeoko Hirigune Historikoa Babesteko eta Kontserbatzeko Plan Bereziaren Berrikuspenaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategikoa atxiki zitzaizkion eskabideari.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, 2018ko ekainaren 11n Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak hainbat erakunderi eskatu zien egoki iritzitako oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, beharrezkotzat jotzen bada ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egitea, eman zezatela euren iritzia zehazteko nolako zabalera, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan behar duen espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak. Zehazki, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, guztiak Eusko Jaurlaritzakoak; Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia, Kulturako Zuzendaritza Nagusia, Azpiegitura eta Lurralde Garapen Zuzendaritza Nagusia, guztiak Bizkaiko Foru Aldundiarenak; Euskal Herriko Itsasertz Mugartea, Ura-Uraren Euskal Agentzia eta Ekologistak Martxan elkartea.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait txosten bidali dituzte Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusiak, Azpiegitura eta Lurralde Garapen Zuzendaritza Nagusiak eta Uraren Euskal Agentziak (espedientean daude horien emaitzak).

ZUZENBIDE-OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Bermeoko Hirigune Historikoa Babesteko eta Kontserbatzeko Plan Bereziaren Berrikuspena (aurrerantzean Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako. 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

Lehenengoa. Bermeoko Udalak sustatutako Bermeoko Hirigune Historikoa Babesteko eta Kontserbatzeko Plan Bereziaren Berrikuspenaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

  1. Planaren deskribapena: Helburuak eta jarduketak.

    2001eko martxoaren 26ko Foru Aginduaren bidez behin betiko onartu zen Bermeoko hirigune historikoa birgaitzeko Plan Berezia, Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 22ko 396/1998 Dekretura egokitzeko, zeinaren bidez izendatu baitzen monumentu-multzo. Neurri horren helburua zen Hirigune Historikoaren (aurrerantzean, Hirigune) morfologia eta elementuak kontrolatzea, eta eraikin bakoitzaren egoera eta babes-maila jasotzea modu zehatzean, fitxa bidez.

    Indarrean dagoen Plan Bereziaren helburua, hau da 2001ekoarena, eraikin-sarea kanpotik hobetu eta antolatzea zen batik bat; planaren berrikuspena, berriz, eraikin-sarean oinarritzen da eta, horretarako, honako helburu zehatz hauek ezartzen ditu:

    Egituraren, eraikuntzaren eta segurtasunaren inguruko baldintzak moldatzea.

    Bizigarritasun-baldintzak hobetzea.

    Irisgarritasun-baldintza egokiak lortzea.

    Programak edo etxebizitzen antolamenduak eragindako muga funtzionalak gainditzea.

    Helburu horiek eraikinen barnean etxebizitzak zein lokalak izan islatu beharko lirateke, baita kaleen eta espazio publikoen dinamikan ere, eta horrek hirigunea suspertzeko balioko luke. Hauek dira proposamenak:

    Hirigunea eta gainerako hiri-bilbea zeharka lotzeko, aldaparen alde, proposatzen da Etxeberriatar Kresentzia kalea eta Eskinarruaga kalea oinezkoentzat jartzea, zoladura goratuz dauden espaloiekin nibelatzeraino, aldi bereko espazioak sortu eta oinezkoen zirkulazio-fluxua Lamera parkerantz bideratzeko eta alderantziz. Ildo beretik, Intxausti kalea eta Nardiztar Jon kalea oinezkoentzat jartzea proposatzen da, oinezkoen zirkulazio-fluxua Arana Goiritar Sabin plazarantz eta hirigunearen ekialderantz bideratzeko.

    Hiri-bilbearen muturrak, Bastarre kalea eta Landatxuko Eskailerak kalerantz doan azken zatiak, badirudi bideratua dagoela bizileku eta eremuaren gainerakoak baino jende gutxiago bilduko duen benetako zaku-hondo bat bihurtzera. Gainera, hirigune historikoa eta Bermeoko portuaren artean dauden etxebizitzen kota-aldea oso handia izateak irisgarritasun-arazo larriak eta hiri-egituran haustura handia sortzen ditu. Alderdi hori hobetzeko, proposatzen da erabilera anitzeko eraikin bat egitea, sarbide bikoitza eta estalki erabilgarria izango dituena; eraikin horrek, batetik, portu zaharreko zabalgunearen eta Bastarre kalearen artean dagoen kota-aldea kenduko luke eta, bestetik, eremuari erakargarritasuna emango lioke.

    Era berean, Talara eta egun dauden ekipamenduetatik anbulatorioa, psikiatrikoa, kontserbatorioa, kultura-etxea, Vicealmirante Fontán Lobe BHI hurbilago dagoen eremu bat libre uztea proposatzen da, psikiatrikoa ixten duen hormak anbulatorioko hormarekin bat egiten duen uneraino kendu Arresi kalearen bihurgunean eta Ongintza kalea eta Arresi kalea Tonpoi kalearekin gurutzatzen diren gunea oinezkoentzako eginda. Horrela, azalera lauago eta eguzkitan egoteko baldintza hobeak izango lituzkeen gune bat lortuko litzateke.

    Energia elektrikoko eta telefoniako aireko lineak lurperatzea.

    Saneamendu-sare nagusia hobetu eta sistema bereizgarriekin ordeztea.

    Hirigune osora zabaltzea zuntz optiko bidezko telekomunikazio-sarea.

    Argiteria publikoko sistema ez-eraginkorrak ordeztea.

    Hiri-hondakin solidoak biltzeko sarea hobetzea.

    Berrikuspenaren eremua portu zaharraren inguruan kokatzen da, eta Bermeoko udalerriaren hirigune nagusiaren erdigunea da; 13,8 Ha ditu, gutxi gorabehera.

  2. Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu edo beste jarduera batzuetarako esparrua: Planaren xedea da Bermeoko hirigune historikoaren funtzionamenduan eragin negatiboa duten zeharkako arazoei konponbidea ematea; horien artean, honako hauek daude: irisgarritasuna, genero-ikuspegia, mugikortasuna, osasuna edo araudiaren malgutasuna. Hori guztia eraikuntza- eta hirigintza-proiektu elkartu baten barnean burutuko da.

        Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan: planak ez du ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

      3. Planaren egokitasuna ingurumen-gaiak integratzeko, batez ere garapen iraunkorra sustatzeko helburuarekin: Babes- eta Kontserbazio- Plan Bereziaren berrikusketak hirigintzako gaur egungo eta etorkizuneko arazo eta beharrei erantzuteko tresna izan nahi du; horretarako, helburu orokor hauek ezarri dira:

        Ondare-ingurunea eremuaren elementu egituratzaile gisa hartzea. Haren antolamendua premisa hauetan oinarrituko da, besteak beste: herri barruko garapena lehenestea gaur egun hiriak duen egituraren barnean; horrekin, hiriaren jarraipena eta eraikin-sarearen trinkotasuna lortuko dira eta, beraz, lurzorua modu arrazionalizatuago batean erabiliko da.

        Ekipamenduak eta espazio libre egokiak aurreikustea.

        Hori dela eta, irizten da egokia dela garapen iraunkorra sustatzen duten ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko.

      4. Planarekin edo programarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: ingurumenean nolabaiteko inpaktua izan dezaketen jardunek obra-faseekin dute zerikusia batez ere: lur-mugimenduak, makineria-zirkulazioa, lurzoru-okupazioa, ustekabeko isurpenak, uraren kalitatearen gaineko eragina, hondakinak sortzea, soinu-mailen igoera, partikulek eragindako airearen kutsadura eta abar. Ziurta dezakegu, beraz, ez dela izango Plana burutzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuan burutzen diren jarduketak eta jarduerak.

      5. Era berean, plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia ezartzeko.

    2. Eraginen ezaugarriei eta ziurrenik ukituko den eremuari dagokienez, eraginpeko lekuan ez da hauteman ez naturagune adierazgarririk, ez ingurumen-balio altuko eremurik.

    3. Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera. Honako hauek dira hartu beharreko neurri nagusiak:

      Proiektua gauzatzerako orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

      Lurrak eta soberakinak kudeatzea: baimendutako soberakin-biltegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko da biltegia.

      Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

      Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da.

      Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Induskatutako lurzoruen kontrola: Bermeoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Eraikigintza eta eraikuntza jasangarria:

      1. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikigintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere.

        Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

        (Ikus .PDF)

        Kultura Ondarea babestea:

        Euskal Kultura Ondarearen Zentroak emandako txostenean jasotako oharren arabera:

        Portuaren inguruan dauden pabiloi industrialak ordezkatzeko aurreikusten diren eraikin berriek Hiriguneko ingurumenarekin bat egin beharko dute. Estalki laua duten tipologiak ingurumen horretatik apartekotzat hartzen dira, lur-arraseko aprobetxamenduak izan ezik. Era berean, ez dira onartzen partzela-eranskinak, eta dagoen partzelazioa ordezteko, ezin da portu alderantz bolumen bakarreko eraikinik altxatu.

        Inguruko urbanizazioaren diseinu berrian txerta dadin, psikiatrikoko partzela iragazkortzeari dagokionez, horma egituratzen duten pilastra-pareen artean pasabide berriak irekita edo landaredi arinago batekin lortuko da hori.

        Bigarrena. Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Bermeoko Hirigune Historikoa Babesteko eta Kontserbatzeko Plan Bereziaren Berrikuspenak eragin nabarmenik izango duenik ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

        Hirugarrena. Bermeoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

        Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Bermeoko Hirigune Historikoa Babesteko eta Kontserbatzeko Plan Bereziaren Berrikuspena onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

        Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 3a.

        Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

        IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik