Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2017ko apirilaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Barne Eraberritzeko Plan Berezian Muskizko Donibanen egindako aldaketari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa emateko dena, Muskizko Udalaren eskariz.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 91
  • Hurrenkera-zk.: 2407
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2017/04/10
  • Argitaratze-data: 2017/05/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2016ko abenduaren 30ean, Muskizko Udalak eskabidea bete zuen, Barne Eraberritzeko Plan Berezian (aurrerantzean, Plana) Muskizko Donibane aldatzeari dagokion ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, planaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategiko bat aurkeztu zituen, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko urtarrilaren 26an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko Zuzendariordetzari.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena jaso da (espedientean dago horren emaitza).

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera (otsailaren 27ko 3/1998), ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, langintza-prozesuaren lehen faseetan eta betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, ingurumenean eragingo dituen ondorioen analisia, hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak kontuan hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan dago aurreikusita zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Aipatutako 6.2 artikuluak zehazten duenez, besteak beste, udal-mailan azalera txikiko eremuen erabilera ezartzen duten plan eta programei (6.1 artikuluan aipatuak) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin beharko zaie. Horren prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da. Guztiarekin ere, V. eranskinean ezarritako irizpideak bete beharko dira.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Muskizko Donibaneko Barne Eraberritzeko Plan Bereziaren aldaketa-proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Xedapen hauek ikusi dira: Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; ingurumen-ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; urriaren 1eko 39/2015 Legearen hirugarren xedapen iragankorra, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, baita aplikatzekoa den gainerako araudia ere, eta, beraz, honako hau

Lehenengoa. Barne Eraberritzeko Plan Berezian Muskizko Donibane aldatzeari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Muskizko Udalak sustatua, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

  1. Planaren deskribapena: Helburuak eta jarduketak.

    Azterketaren eremua bat dator Muskizko Donibaneko poligonoko PRCL-1 lurzatiarekin. Finkatu gabeko hiri-lurzoru gisa dago kalifikatuta, eta Muskizko Donibaneko Barne Eraberritzeko Plan Bereziak xehatzen du eremu horren garapen-plangintza. Barne Eraberritzeko Plan Bereziaren aldaketaren helburua hirigintzako parametro erregulatzaile batzuk ezartzea da, aipatutako lurzatian aurreikusitako babes ofizialeko etxebizitzen sustapena zuzen gara dadin. Horretarako, gainerako lurzatietan agortu gabeko eraikigarritasun-geldikinak lekualdatuko dira, eta ez da egingo aldaketarik sektorean aurreikusitako eraikigarritasun osoan. Ondorioz, 7.900 m2-an ezartzen da lurzatiaren gehieneko bizileku-eraikigarritasuna, aurreko 4.600 m2-en aldean; horrek esan nahi du 35 etxebizitza gehitu daitezkeela. Halaber, lurzatiaren azalera zuzenduko da, eta 2.600 m2 izatetik 3.200 m2 izatera igaroko da. Horrez gain, malgutasun bolumetrikoz hornitzen da etxebizitzen sustapena, betiere poligonoan indarrean dauden gutxieneko parametroei erreparatuta (eraikinen gehieneko altuera edo horien arteko tarteak). Kontuan hartu da, gainera, lurzatian dagoen desnibela, altuerak zenbatzeko erregulazio espezifikoa behar baitu.

  2. Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen du proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua: Planaren helburua da beharrezko hirigintza-parametroak ezartzea, araubide orokorreko babes ofizialeko 90 etxebizitzaren sustapen itundua zuzen gara dadin. Planak hirigintzako erregulazio hori ahalbidetzen du; bertan alderdi nagusi gisa jaso dira lurzatiaren eraikigarritasun-parametro berriak eta, eremuko topografiari erreparatuta, lerrokadura- eta sestra-parametroak ezartzen ditu, bai bolumetria datu berrietara egokitzeko, bai bolumetria- eta altuera-irizpide eta -parametroak erregulatzeko.

      2. Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Planak Muskizko Donibaneko Barne Eraberritzeko Plan Berezian ezarritako antolamendu xehatuaren hirigintza-parametro batzuk aldatzen ditu soilik; beraz, esan daiteke ez duela eraginik izango beste plan edo programa batzuetan.

      3. Plana egokia da ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko; batez ere, garapen jasangarria sustatzearren: Planean proposatutako zehaztapenak onartzearen azken ondorioa da hiri-kalitatea hobetzea.

        Era berean, hiri-eredu trinkoa indartzen da eta, eraikinak diseinatzeko, kontuan hartzen dira Eraikuntzako Kode Teknikoan energiaren efizientziari dagokionez ezarritako neurriak. Hori dela eta, Planaren xedea egokia dela irizten da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko.

      4. Ingurumen-arazoak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartze eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

    2. Eraginen ezaugarriei eta ziurrenik ukituko den eremuari dagokienez, eraginpeko lekuaren inguruan ez da hauteman ez naturagune adierazgarririk, ez eremu ingurumen-baliodunik edo -kalteberarik.

    3. Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean berean jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua.

      Lurren eta soberakinen kudeaketa: obrak hasi aurretiko jarduketa gisa, landare-lurraren geruza kendu egingo da aldatuko diren alorretan.

      Proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta berariazko araudietan aurreikusitakoa beteko da.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan (eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

      Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Induskatutako lurzoruen kontrola: Muskizko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen (lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) 10.2 artikulua betez.

      Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: era berean, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen Errege Dekretuan (otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioik obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Bigarrena. Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat, zehaztea ez dela aurreikusten Muskizko Donibanen egingo den Barne Eraberritzeko Plan Bereziaren aldaketak eragin garrantzitsurik izatea ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

      Hirugarrena. Muskizko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 10a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik