Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Amiantorekin kutsatutako lurzoruak. Ohar teknikoak

Xehetasunak

Euskal Autonomia Erkidegoan, kutsatutako lurzoruak ikertzeko eta lehengoratzeko alderdi teknikoak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuak arautzen ditu, lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 LEGEA eta gai jakin batzuk garatzen dituzten beste dokumentu batzuk (gida metodologikoak eta ohar teknikoak) garatzen dituenak.

Oro har, testu horietatik ateratzen diren jarraibideek gai kutsagarrien gama zabal batentzako erantzunak eman nahi dituzte. Hala ere, horietako bakoitzak izan ditzakeen ezaugarri desberdinak alde batera utzita, badira batzuk dauzkaten berezitasunengatik berariazko gogoeta egitea merezi dutenak. Horren adibide ditugu, adibidez, petrolioaren hidrokarburoak, eta baita dokumentu honetan biltzen diren ohar teknikoen xede den kutsatzailea ere: amiantoa. Ez soilik berez dituen ezaugarri fisiko-kimikoak edo toxikologikoak direla tarteko, baizik eta baita historian zehar izan dituen aplikazioengatik ere, lurzoruaren kutsatzaile nabarmena da amiantoa, eta arreta berezia eskaini behar zaio.

Dokumentu hau sei ohar teknikok osatzen dute, amiantoz kutsatutako lurzoruen ikerketa eta lehengoratzea diseinatu eta gauzatzeko moduaren homogeneizazioan aurrera egiteko lehen jarraibide batzuk emateko, ahal den neurrian, Euskal Herrian jarduera horietarako erabili ohi diren prozedurak errespetatuz.

Lehen ohar teknikoan, ingurumenean eragina duten amiantoaren ezaugarriak deskribatzen dira, hurrengo oharretan ematen diren jarraibideak hobeto ulertzen laguntzeko. Gehiegizko xehetasunetan sartu gabe, bigarren oharrak oinarrizko irizpideak eskaintzen ditu amiantoaren edo amiantoa duten materialen presentziaren eraginpean egon daitezkeen kokalekuak ikertzeko. Lurzoruaren ikerketaren emaitzen baloraziorako, hirugarren oharrean aipatzen diren erreferentziazko kontzentrazioak eta laugarrenean deskribatzen den arriskuen analisirako prozedura erabiliko dira. Ohar tekniko sail hori osatzeko, lehenik eta behin analisi teknikak berrikusi dira, eta, bigarrenik, saneamendu aukerak.