Arautegia

Inprimatu

140/2018 DEKRETUA, urriaren 9koa, Garapenerako Lankidetzako Eragileen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroa sortu eta arautzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 199
  • Hurrenkera-zk.: 5042
  • Xedapen-zk.: 140
  • Xedapen-data: 2018/10/09
  • Argitaratze-data: 2018/10/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional

Testu legala

Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legearen 10. artikuluak garapenerako lankidetzako eragileen erregistro bat sortzea aurreikusten du.

Otsailaren 22ko 1/2007 Legearen 9.1 artikuluan definitutako garapenerako eragileen euskal administrazio publikoak eta haiei lotutako entitate publikoak alde batera utzita gaitasuna eta kaudimena identifikatzea eta bermatzea da Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroaren helburua.

Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroan inskribatzea ezinbesteko legezko baldintza da entitate publikoak ez diren garapenerako lankidetzako eragileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzak jaso ahal izan ditzaten. Inskribatzen diren entitateen egokitasuna eta inskribatutako datuen egiazkotasuna egiaztatu beharra dakar horrek, bai eta jasotako informazioa eguneratuta egoteko eta inskribatutako erakundeen benetako egoerarekin denbora guztian bat etortzeko beharrezkoak diren neurriak hartu beharra ere.

Bestalde, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu era arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 3.2.d) artikuluak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari ematen dio, besteak beste, Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa kudeatzeko zeregina.

Erregelamendu honen bidez, Garapenerako Lankidetzako Eragileen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroaren araubide juridikoa ezartzen da eta entitateek bertan inskribatzeko bete behar dituzten formalitateak eta betekizunak zehazten dira. Horrez gain, ahalbidetu egiten dira erregistroaren funtzionamendua eta garapenerako lankidetzaren arloko diru-laguntzak jaso ditzaketen erakundeen ahalmena eta kaudimena identifikatu eta bermatzeko zeregina.

Ondorioz, lehendakariaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Gobernu Kontseiluak 2018ko urriaren 9ko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hau

Garapenerako Lankidetzako Eragileen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroa sortu eta arautzea da dekretu honen helburua. Erregistroa Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legearen 10. artikuluan dago aurreikusita.

  1. Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa herritarrentzako eta erregistrora sartzeko interesa duten entitateentzako zerbitzu publiko bat izango da.

  2. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta dekretu honek ezarritakoak izango dira inskribatzeko, aldatzeko eta ezerezteko prozedurak.

  3. Entitateek ez dute inolako tasa edo prezio publikorik ordaindu beharko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroan inskribatzeagatik edo aldaketak egiteagatik.

  1. Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari atxikita dago.

  2. Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa kudeatzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Zerbitzu Juridikoaren lana da.

  3. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak emango ditu, Zerbitzu Juridikoaren proposamenak aztertuta, Garapenerako Lankidetzako Eragileen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan datuak inskribatzeko eta ezerezteko prozedurei bukaera ematen dieten ebazpenak.

  1. Zehazki, entitate hauek izango dute inskribatzeko aukera:

    1. Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE).

    2. Otsailaren 22ko 1/2007 Legearen printzipio eta helburuen barruan garapenerako lankidetza-ekintzak aurrera eramaten dituzten irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuek, hala nola unibertsitateek, erakunde sindikalek edo bestelako erakunde sozialek.

  2. Erregistroan inskribatu ahal izateko, lankidetza-eragileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

    1. Nortasun juridikoa eta jarduteko lege-gaitasuna duten erakundeak izatea.

    2. Irabazi-asmorik ez izatea.

    3. Entitatearen helburuetako bat, erakundeak berak onartutako estatutuen edo agirien arabera, garapenerako lankidetza izatea.

    4. Egoitza edo ordezkaritza eta administrazio-egitura egonkorra Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroak zeregin hauek izango ditu:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko garapenerako lankidetzako eragileen inskripzioak gauzatzea.

  2. Erregistroko datuak eguneratzea eta inskripzioak ezereztea.

  3. Erregistroan dauden datuen ziurtagiriak ematea.

  4. Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroan dauden agiri eta datuen kontsulta erraztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan aurreikusten diren baldintzetan.

  5. Informazio-oinarri bat eratzea eta informazio hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak erabili ahal izatea garapenerako lankidetzaren egoerari buruzko estatistikak eta ikerketak egiteko. Informazio hori, aipatutako erabileraren emaitza gisa, argitaratu ahal izango da. Datuak Euskal Estatistika Planari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak ezarritakoa betez erabiliko dira.

Lankidetza-eragileen datu hauek inskribatuko dira Lankidetzarako Eragileen Erregistroan:

  1. Entitatea identifikatzeko datuak: izena, identifikazio fiskaleko zenbakia, egoitza soziala, Euskadiko ordezkaritzaren egoitza, Euskadiko ordezkariaren edo ordezkarien identifikazio-datuak (bakoitzaren sexua adierazita), entitatearen forma juridikoa eta, inskribatuta egonez gero, inskripzio-data.

  2. Entitatearen nortasun juridikoa egiaztatzen duten datuak: eskritura edo eratze-agiria, estatutuak edo sortze-akta eta dagokion erregistroan inskribatuta egotearen ziurtagiria.

  3. Erakundearen helburuak. Helburu horiek bat etorri beharko dute Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legearen 3. eta 4. artikuluetan definitutako printzipio eta helbururen batekin.

  4. Inskribatuta dagoen edozein daturen aldaketa aldaketarik egin bada, entitatearen azkentzea edo desegitea eta ondasunen likidazioa eta zertarakoa.

  5. Beste edozein datu, indarrean dagoen legediak hala ezartzen badu.

  1. Inskribatzeko eskaera bide elektronikoz aurkeztu beharko da, inprimaki normalizatua erabiliz. Inprimaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web orrian eskura daiteke, administrazio-prozedura arautzen duen arautegiak ezarritakoaren arabera.

  2. Eskabideak aurkezteko, aipatutako egoitza elektronikoan onartzen edo erabiltzen den edozein identifikazio- eta sinadura-mekanismo erabil daiteke.

  1. Dokumentazio osagarria bide elektronikoz aurkeztuko da, jatorrizko agiriaren kopiak digitalizatzeko edozein prozedura erabiliz. Kasu honetan, aurkeztutako kopia digitalizatuek bermatuko dute jatorrizko agiriarekiko fideltasuna, eskatzailearen edo haren ordezkariaren erantzukizunpean. Administrazioak, administrazio-prozedura arautzen duen arautegian ezarritakoaren arabera, jatorrizko agiria erakusteko eskatu ahal izango du, aurkeztutako kopia elektronikoa erkatzeko.

  2. Inskripzio-eskaerari agiri hauek erantsi behar zaizkio:

    1. Entitateak Euskadin duen legezko ordezkariaren izendapenaren kopia, pertsona hori ez baldin badago inskribatuta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren Ordezkarien Erregistro Elektronikoan.

    2. Eusko Jaurlaritzaren erregistro ofizialen batean inskribatuta ez dauden entitateek edo eskaeran erregistro horiek kontsultatuak izateko baimen espresua ematen ez duten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

      1. Dagokion erregistroan erregistratu izanaren ziurtagiria.

      2. Entitatearen estatutuak edo haren nortasun juridikoa egiaztatzen duen agiria.

      3. Entitateak onetsitako agiriak, haren helburuak garapenerako lankidetzarekin lotuta daudela erakusten dutenak.

    3. Egoitza soziala edo ordezkaritza Euskadin izatearen egiaztagiria.

  3. Aurkeztutako dokumentazioa aztertuta falta edo akatsen bat dagoela ikusten bada, hamar eguneko epean falta konpontzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio entitate interesdunari, eta ohartaraziko zaio hala egiten ez badu bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, administrazio-prozedura arautzen duen arautegian aurreikusten denaren araberako ebazpena eman ondoren.

  4. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, eskaera jasotzen duenean, entitatea inskribatuta dagoen Administrazio Publikoko erregistroetako dokumentazio zehatza eskatuko du, dokumentazio hori behar badu.

  1. Eskaera eta horri erantsitako dokumentazioa aztertuta, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak ebazpen arrazoitua emango du, inskripzioa egiteko edo ukatzeko agindua emateko.

  2. Ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskaera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren erregistro elektronikoan sartzen denetik. Gehieneko epea ebazpen espresua jakinarazi gabe pasatzen bada, inskribatzeko eskaera baietsitzat jo ahal izango da.

  3. Ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariari, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroko inskripzioa adierazpenezkoa izango da, eta, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legearen 10.2 artikuluak ezarritakoaren arabera, inskribatuta egotea ezinbesteko betekizuna izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzak eta diru-laguntzak jaso ahal izateko.

  1. Garapenerako lankidetzako eragileak behartuta egongo dira inskribatutako agiriekin edo datuekin zerikusia duen edozein aldaketa erregistroari jakinaraztera. Entitatearen gobernu-organoaren eta ordezkaritzaren erabakiz aldaketa egiten denetik bi hilabeteko epea izango dute horretarako. Entitateak ez badu epe barruan egiten jakinarazpen hori, inskripzioaren ondorioak eten ahal izango dira, administrazio-prozedurari buruzko arautegi orokorrean aurreikusten den moduan. Nolanahi ere, dokumentazioa aurkezten den egunean bukatuko da etete hori.

  2. Aldaketak egitea eskatzeko eredu normalizatua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago argitaratuta.

  3. Inskribatutako datuak aldatzeko eskaera jasotzerakoan, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak egingo du aldaketa, ofizioz, betiere dekretu honek entitatea inskribatzeko ezartzen dituen baldintzak betetzen badira.

  4. Erakundearen forma juridikoa aldatzeko egiten bada datu-aldaketa, eta aldaketa horren ondorioz lehenengo entitatea azkendu eta helburu eta xede berberak dituen beste bat edo batzuk sortzen badira, entitate berriek inskripzioaren antzinatasunari eutsi ahal izango diote, garapenerako lankidetzaren arloko diru-laguntzen deialdietan parte hartzearen ondorioetarako.

  1. Eragileen Erregistroko inskripzioa honela ezereztu daiteke:

    1. Entitatearen eskariz. Eskaera entitatearen gobernu-organoek egin beharko dute.

    2. Kasu hauetan, ofizioz, aurretik entzunaldiaren tramitea eginda:

      1. Entitatea behar bezala egiaztatuta azkentzen edo desegiten denean.

      2. Otsailaren 22ko 1/2007 Legeak ezarritako helburu eta betebeharrak edo dekretu honetan aurreikusitakoak bete gabe uzten direnean behin eta berriz.

      3. Inskripzioan jasota dauden datuak edo agiriak faltsuak direla egiaztatzen denean epai judizial irmo baten bidez.

  2. Inskripzioa ezereztea eskatzeko eredu normalizatua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago argitaratuta.

  3. Erakundearen inskripzioa ezerezteko eskaera haren gobernu-organoak egin behar du, eta, eskaerarekin batera, ezerezteko erabakia hartu dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar da, indarrean dagoen legediaren arabera.

  4. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria da Garapenerako Lankidetzako Eragileen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroko inskripzioa ezerezteko ebazpena emateko eskumena duen organoa.

  5. Inskripzioaren ezereztearen ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, eskaera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren erregistro elektronikoan sartzen den egunetik. Gehieneko epe horretan ez bada ebazpen espresua jakinarazten, interesdunak baietsitzat jo ahal izango du bere eskaera.

  6. Inskripzioa ezerezteko ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariari, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

  7. Ezerezteko prozedura ofizioz hasitako kasuetan, hiru hilabeteko epea bukatzen denean iraungi egingo da prozedura.

  1. Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa publikoa da, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea betez erabili ahal izango da bertarako sarbidea izateko eskubidea.

  2. Datu pertsonalak babestearen arloan indarrean dagoen arautegiak ezartzen dituen baldintzetara egokituko da publikotasuna, eta Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroan dauden datuen edukiak ziurtatuz gauzatuko da publikotasun hori.

Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroan inskribatuta egotea eskatuko da dekretu hau indarrean jartzen denetik sei hilabete pasatuta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak garapenerako lankidetzaren arloan publiko egiten dituzten laguntzen eta diru-laguntzen deialdietan.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko urriaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.