Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Eusko Jaurlaritzak 2030erako Euskadiko Airearen Kalitate Plan berria onartu du, pertsonen osasuna hobetzeko (Gobernu Bilera 2024-3-19)

Argitalpen-data: 


      AirearenKalitatea.png
  • Helburutzat hartu da nitrogeno oxidoen eta sufre dioxidoaren emisioak %70 eta PM2.5 emisioak %50 murriztea, 2005eko balioekin alderatuta
  • Planak 28 ekintza aurreikusten ditu, pertsonen osasuna eta ingurumena babesteko Airearen Kalitateari buruzko Europako Zuzentarauaren proposamen berrian ezarritako airearen kalitatearen balioak betetzeari aurrea hartuta
  • Biztanleriaren osasunarekin zuzenean lotutako parametro atmosferikoei lotutako hobekuntza aukerak dira, hain zuzen, plana egiteko arrazoi nagusiak 

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egindako 2030erako Euskadiko Airearen Kalitate Planak biztanleriaren osasunarekin zuzenean lotutako parametro atmosferikoei buruzko hobekuntza aukerak identifikatu ditu.

Dokumentuak Euskadiko airearen kalitatearen egungo egoeraren diagnostikoa du abiapuntu, eta emisio iturri nagusiak eta kutsatzaile garrantzitsuenak identifikatzen ditu. 2030erako Airearen Kalitate Planaren azken helburua da Euskadik airearen kalitate maila gero eta osasungarriagoak lortzea, Airearen Kalitateari buruzko Europako Zuzentarauaren proposamen berrian ezarritako mugak betetzeari aurrea hartuta, eta, gainera, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) gomendio zorrotzenak kontuan hartuta.

2030erako Euskadiko Airearen Kalitate Planaren helburuak dira, hain justu, nitrogeno oxidoen (NOx) eta sufre dioxidoaren (SO2) emisioak %70 murriztea, eta PM2.5 emisioak (2,5 mikrometroko diametroa duten partikulak) %50 murriztea, 2005eko balioekin alderatuta. Era berean, neurketa puntuen %100ek Airearen Kalitateari buruzko Europako Zuzentarau berrian proposatutako urteko batezbestekoak betetzea lortu nahi da, eta neurketa puntuen %50 Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatutako urteko batezbesteko txikienaren azpitik egotea.

Euskadik bete egin ditu Goteborgeko Protokoloan Europar Batasuneko estatu kideentzat ezarritako kutsatzaile guztiak kontrolatzeko eta murrizteko konpromisoak. Murrizketa horiek EBko 27 estatu kideek kutsatzaile guztietan lortutakoak baino handiagoak ere izan dira, SO2-n izan ezik, horren murrizketa zertxobait txikiagoa izan baita.

Horrela, Planaren helburua da kutsadura atmosferikoak osasunean dituen ondorio txarrak murriztea, eta airearen kalitatean eragin handiena duten sektoreetan, hala nola garraioan, industrian eta bizitegietan, kutsatzaileen emisioa murriztea. Plan hori 5 ardatz estrategikoren inguruan egituratu da: kutsadura atmosferikoa eta osasuna; mugikortasun jasangarria eta hiri berroneratzea; funtsezko beste sektore batzuetan ere kutsadura murriztea; airearen kalitatearen kontrola, jarraipena eta ebaluazioa hobetzea; eta herritarren prestakuntza, sentsibilizazioa eta kontzientziazioa. Eta horien gainean 28 ekintza definitu dira.

Airearen kalitatea hobetzeko 28 ekintza

Osasunaren arloan, planak proposatzen du azterketak egitea kutsadura atmosferikoak Euskadiko biztanleen osasunean duen eragina aztertzeko –eragin ekonomiko eta soziala barne hartuta–; bai eta kutsadura atmosferikoari lotutako osasun ondorioak zaintzeko sistema epidemiologiko bat diseinatzea, informazio sistema espezifikoekin, biztanleria zaurgarrienari arreta berezia eskainiz (eskola inguruneak, eguneko zentroak, osasun zentroak, etab.), eta metodologia bat garatzea ere, eskura dagoen ingurumen informazioa osasun datuekin erlazionatzeko aukera ematen duena.

 

Mugikortasunaren atalean, berriz, honako hauek nabarmentzen dira: ibilgailu kutsatzaileenen parkea jasangarriagoengatik berritzea, ibilgailu elektrikoa kargatzeko azpiegiturak bultzatzea, eta garraio publikoa erabiltzeko deskontu eta pizgarri fiskalak sustatzea. Horrez gain, lanerako garraio jasangarrirako planak sustatzea proposatzen da, bai sektore publikoan, bai 500 langiletik gorako enpresetan –edo txanda bakoitzeko 250 pertsona dituztenetan–. Mugikortasun aktiboan eta ingurune osasungarriak bultzatuko dituen hiri berroneratzean jarduteko, udalerrietako aparkalekuen eskaintza optimizatu eta arrazionalizatzea aurreikusten da, eta 50.000 biztanletik beherako udalerrietan Emisio Gutxiko Eremuak ezartzea sustatzea.

Energia eraginkortasuna eta energia berriztagarriak sustatzeko, besteak beste, proposatzen da kutsadura atmosferikoaren eragina murrizteko udal ordenantzen garapena bultzatzea, eta jatorri industrialeko usainak dakarren arazoa ezaugarritzeko azterketak egitea, beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak eskatzeko.

Airearen kalitateari buruzko informazioa hobetzeko, planak hainbat ekintza biltzen ditu, hala nola airearen kalitatea denbora errealean eta iragarpen bidez ebaluatzeko sistema bat bultzatzea, airearen kutsaduraren aurre alertak jakinarazteko eta larrialdietan jarduteko protokoloetan integratzeko sistema bat ezartzea, eta airearen kalitatea kontrolatzeko sarean egungo araudian arautu gabeko kutsatzaileak neurtzeko aukera ematen duten ekipamenduak sartzea, besteak beste, black carbon (karbono beltza) partikula ultrafinak edo ozonoaren aitzindariak.

Azkenik, herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko asmoz, airearen kalitateari eta haren kutsadurari buruzko gaiak hezkuntza programetan txertatzea aurreikusten da, eta herritarrei zuzendutako kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpainak egitea, airearen kalitatea hobetzeko.

Plan honi esker, aurrerapausoak emango dira Euskadiren helburuak Europako Itun Berdearen helburuekin lerrokatzeko, zehazki, 2050erako zero kutsadura izatearekin lotutako arloan dituen neurriekin. Horrez gain, beste plan sektorial batzuen hedapena bultzatu eta erraztu nahi da, batez ere osasuna lehentasuntzat daukaten horiena.

2024-2030 aldirako planaren irismenari lotutako aurrekontu orokorra 45 milioi euro ingurukoa da –jarduera ildoei esleitutako partida guztiekin bat datorrena–, eta horietatik 7 milioi euro 2024rako dira.

 

 

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)