Turismoak euskal ekonomian duen gero eta garrantzi handiagoak eta merkataritzaren beharrezko eraldaketak markatzen dute 2030eko Euskadiko Turismo eta Merkataritzako Plan Estrategikoa

Argitalpen-data: 


      ESTRATEGIA_TURISMO_COMERCIO.jpg

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak gaurko Gobernu Kontseiluan aurkeztu du 2030eko Turismo eta Merkataritzako Plan Estrategikoa. Estrategia hori “euskal turismoak eta merkataritzak hamarkada honetan izango dituzten erronkei eta desafioei aurre egiteko bide-orria da. Bi zeharkako sektore horiek lotura estua dute elkarren artean, baina oso agertoki desberdinetatik abiatzen dira eta erantzun bereiziak behar dituzte”.

 

Sailburuak azaldu duenez, turismoa “une korapilatsu hauetan, garrantzi handiko motorra da euskal ekonomiarako. Hala izaten jarrai dezan eta etorkizunean eragin handiagoa izan dezan lan egingo dugu, betiere turismo-eredu jasangarri, errespetagarri, orekatu eta lehiakor batetik. Era berean, 2030eko Turismo eta Merkataritzako Estrategiaren bidez, erronka handiko une batean aurre egin behar diogu euskal merkataritzaren eraldaketa sakonari. Erronka horien artean daude kontsumo-ohituretan gertatzen ari diren aldaketen ondoriozkoak eta eraldaketa digitalaren, ingurumenekoaren eta sozioekonomikoaren ondoriozkoak. 2030eko Turismo eta Merkataritzako Estrategiak zeharkakoak diren eta haien artean oso desberdinak diren bi sektoreri erantzuten die. Bi sektore horiek Euskal Autonomia Erkidegoko barne-produktu gordinaren % 18 hartzen dute eta enpleguaren % 25 —zuzenean 240.000 familia ari dira sektore horietan lanean—.”

 

Euskal Autonomia Erkidegoko 2030eko Turismo Estrategia

Euskal Autonomia Erkidegoko 2030eko Turismo Estrategian agerian geratzen da Euskadik turismo jasangarriaren hiru alderdien alde —ingurumena, gizartea eta kultura, eta ekonomia— duen konpromiso irmoa, Garapen Jasangarriaren Helburuarekin bat eginik. Horretarako, Estrategiak 4 ardatz, 16 ildo estrategiko eta 32 proiektu ditu oinarri. Helmuga, industria, marketina eta gobernantza dira palanka-ardatzak.

 

Helmuga 4 ildo estrategikoren inguruan hedatzen da: lurraldearen garapen jasangarrirako mekanismoak formulatzea; aktibo turistikoak sustatzea; produktu turistikoak garatzea eta nabarmentzea; eta bisitariarekiko arreta eta elkarrekintza hobetzea.

 

Industria ere 4 ildo estrategikoren inguruan hedatzen da: euskal autonomia erkidegoko turismoaren arloko enpresa-sareari etengabe laguntzea, eraldaketa digitalaren eta berrikuntzaren aldeko apustuarekin; enpresa-garapena, ekintzailetza eta inbertsioak sustatzea; jasangarritasuna, erantzukizuna eta etika integratzea; eta, azkenik, talentua erakartzea, atxikitzea eta garatzea.

 

Marketina lurraldearen irudia eta marka finkatzean oinarritzen da, Euskadiko Marketin Turistikoaren Estrategiaren babesarekin. Gainera, sustapena bi publikori zuzentzen zaio. Batetik, merkaturatzaileei eta bitartekariei, eta, bestetik, azken publikoari, xede-publikoaren interesetara egokitutako merkaturatze eta sustapen segmentatuaren bidez.

 

Gobernantza giltzarria da lurraldeko jarduera turistikoaren lidergo partekatuan, lau jardun-ildoren bidez. Lehena, gobernantza turistikoaren eredua finkatzea da. Horretan garrantzi handia dute Europako funtsek, helmuga eraldatzeko eragile diren aldetik. Funts horiek dagoeneko 86 milioi ekarri dizkiote Euskadiri turismoaren arloan. Bigarrena, sareetan parte hartzea eta itun estrategikoak indartzea da. Hirugarrena, sinplifikazioa eta arauzko garapena da. Eta, laugarrena, Euskadiko Adimen Turistikoaren Sistemaren etengabeko hobekuntza eta bilakaera da. “Euskadin punta-puntako proiektu integral gisa garatu eta ezarri dugu, eta 2022an aurkeztu eta gauzatu dugu. Eredu hori ezagutza kudeatzeko tresna gisa finkatu behar dugu, sektoreari nahiz administrazioei erabakiak hartzen lagun diezaien”.

 

Elementu horiek guztiek etika turistikoarekin lotzen den beste elementu garrantzitsu bat ere barne hartzen dute; Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa. Kode horrek Turismoaren Mundu erakundearen abala du, eta Euskadi arlo horretan aitzindaria izan da. Prestakuntza- eta ikuskapen-prozesu zorrotz baten ondoren, 620 enpresa baino gehiago atxiki zaizkio, “eta horrek agerian uzten du turismo-sektoreak konpromisoa handia duela berritzen jarraitzearekin eta jasangarritasunean eta erantzukizunean aurrera egiten jarraitzearekin”.

 

2030eko Euskal Merkataritzaren Estrategia

 

Merkataritzak 3 trantsizio kontuan hartzen dituen testuinguru batean egin behar die aurre erronkei: ingurumen-trantsizioa, trantsizio soziodemografikoa eta trantsizio digitala. Kontsumo-ohituren aldaketek markatzen dute trantsizio hori, eta baliabideen digitalizaziorako, berrikuntzarako eta orotako kanaletarako joera du.

2030eko Merkataritzaren Estrategia merkataritza berritzailea, digitala, lehiakorra eta jasangarria lortzeko apustu argia da, eta 14 ekimenetan eta 6 eraldaketa-bektoretan oinarritzen da, beste merkataritza-trantsizio batera begira. Aipatzen diren lehen bi bektoreak dira eraldaketa horren jomuga: enpresa eta hiri-espazioa.

 “Hiri-ekonomiaren kontzeptu berri baten alde egiten dugu, hiriaren ikuspegi estrategikoa nahi dugun merkataritza-ereduarekin integratuz. Azterketek frogatzen dute hirietako jasangarritasunak laguntzen duela merkataritzaren, ostalaritzaren eta lotutako beste zerbitzu batzuen onurak hobetzen. Hiri gizatiartuagoak, efizienteagoak eta jasangarriagoak sortzeak, halaber, indartu egiten du merkataritzak gure herrien eta hirien kohesioan betetzen duen rola”.

Hirugarren bektorea giza kapitala da, pertsonak aldaketaren eragile diren aldetik. “Aldaketa disruptiboko une honetan, eskumenen, adinaren eta belaunaldi-erreleboaren kudeaketan eta enpleguaren kalitatean sakondu behar dugu”.

Laugarren bektorea ezagutzaren kudeaketa da, eta berrikuntzaren eskutik dator bultzada eraldatzailea. Horretan, beraz, funtsezkoa da Euskadiko Merkataritzaren Behatokiaren zeregina, “etengabe egokitu eta hobetu behar dugun zeregina. Kontsumitzaileen portaera sozialaren eta komertzialaren informazio-arrastoa ezagutzeak lagundu behar digu merkataritza-politikak egokitzen”.

Ezagutzaren kudeaketa, halaber, berrikuntza komertzialeko Hub berri batean garatzen da. Hub hori lagungarria izango da ekintzaileak, ingeniaritzak, garapen-erakundeak eta -gizarteak merkataritza-berrikuntzako proiektuen inguruan lotuko dituen ekosistema sortzeko.

Horretarako, beste komunikazio bat beharko da —estrategia horren bosgarren bektorea— eta sektorea gaztetzea eta eraldatzea erraztuko duen sektorearen irudi berria ahalbidetuko duten kode eta eduki komunikatiboak sortuko dira.

Eta, azkenik, seigarren bektorea gobernantzarekin lotzen da, turismoarekin gertatzen zen bezalaxe. Lehenik eta behin, Euskadiko merkataritzaren berariazko esparru arautzaile eguneratua beharko da. Gaur egun, merkataritza elektronikoaren, digitalizazioaren eta jasangarritasunaren gorakadaren aurreko esparru arautzailea dugu. Hartara, kontsumo-ohituretan izandako aldaketetara egokituko den legerian lan egin behar da, betiere epe luzera begira eta legeria berriaren barruan.

Bigarrenik, Sailak Merkataritza Zuzendaritzarako dituen baliabideak indartzea eta optimizatzea da eraldatzen ari den sektore bati laguntzeko funtsezko elementuetako bat. “Horiek indartzearen bidetik, soilik, ireki daitezke kudeaketa-eredu ausart eta berritzaile baterako alternatiba errealistak. Egitura aldetik zeharkakoak diren laguntzak edukitzeaz gain —hala nola merkataritza-bulego teknikoak, federazioak, elkarteak edo ganberak—, egiturari behar besteko indarra eman beharko zaio, 2030eko Merkataritzaren Estrategia modu fidagarrian, anbizio handiz eta merkataritza-sektoreak behar duen espiritu eraldatzailearekin aplika dadin”.

 

Informazio gehigarria