Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Nekazaritzako elikagaien euskal industriak SIRHAn erakutsiko ditu bere produktuak, zeina sukaldaritza eta ostalaritzako nazioarteko erreferenteetako bat baita

IMG_4699.jpg

2019.eko urtarrilak 28

  • Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak aurten ere eutsi egin dio nazioarteko merkatuetan nekazaritzako elikagaien euskal produktuak gehiago erakutsi eta saltzeko duen apustuari.
  • Euskal enpresek Euskadi Basque Country markapean bilduta jarriko dituzte ikusgai euren produktuak, Azoka Barrutiko Nazioarteko pabiloiko erakusmahai batean.
  • Urtarrilaren 26etik 30era bitartean, Lyonen (Frantzia) egiten den eta gastronomiaren eta ostalaritzaren munduan erreferente den nazioarteko erakusleiho garrantzitsu honetan egongo dira enpresak beren produktuak erakusten.

Nekazaritzako elikagaien 11 euskal enpresak Euskadi Basque Country markapean parte hartzen ari dira SIRHAren 19. edizioan. Gastronomia eta Ostalaritzako Munduko Azoka joan zen larunbatean hasi zen Lyon hiri frantziarrean.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak, HAZI Fundazioarekin lankidetzan, aukera ematen die nekazaritzako elikagaien euskal enpresei elkarrekin parte hartzeko, eta SIRHA da Sailak duen azoka egutegiko lehen hitzordua. Euskadiko Elikagaien Industria Sustatzeko 2019rako diseinatu den Planaren lerro estrategikoen barruan kokatzen da laguntza hori. Horrekin azken urteetan sustapen ekintzak egin diren merkatuetan elikagaien euskal produktuak bultzatu nahi dira eta, era berean, baita enpresentzako berriak diren merkatuetan nazioartekotzea ere.

Euskadi Basque Country-ren stand berriak, 11 euskal enpresa parte hartzaile biltzen dituenak, azoka barrutiko Nazioarteko pabiloian dago kokatuta eta 120 m² ditu. Gaur egun oso modan dagoen kontzeptu retro industrialean oinarritzen da standaren estetika, egurrezko egitura du eta sareta banatzaile bat du konpartimentuen artean, gardentasuna eta euskarria izanez produktuen erakusketa desberdinetarako. Estilo horrekin sukaldaritzako eta abangoardiako lokalen giroa sortu nahi da.

Eusko Jaurlaritzaren laguntzaren bitartez parte hartzen ari diren enpresez gain, badira beste hainbat euskal enpresa ere azoka honetan parte hartzen, nekazaritzako elikagaien sektorekoak nahiz ostalaritzakoak.

Frantzia, nekazaritzako elikagaien euskal produktuen lehen helmuga

SIRHA azoka garrantzitsua da euskal industriarako, izan ere, Frantzia, nekazaritzako elikagaien euskal produktuak esportatzeko lehen merkatua izateaz gain, Europako beste herrialdeetara sartzeko ate garrantzitsua ere bada.

Kontserbako elikagaien eta janari prestatuen Frantziako kontsumoa nazioko produkzioa baino handiagoa da; horregatik, etengabe ari dira handitzen horrelako produktuen inportazioak. Arrain kontserbek posizionamendu ona dute eta handia da kontsumo maila. Plater prestatuen sektorea merkatuko gourmet nitxoan dago, horren kalitate eta prezioagatik, eta gozoak eta gozokiak Frantzian eskatzen diren produktuak dira.

SIRHAk 19 edizio bete ditu, eta dagoeneko azoka bakar gisa finkatu da sukaldaritza eta ostalaritza sektorean, eta mundu osoko profesionalentzat elikaduraren hitzordu handi bihurtu da. Aurtengo edizioan 3.000 erakusle eta marka inguru hartzen ari dira parte, eta horietatik laurden bat nazioartekoak dira. Azoka bukatzen denerako, datorren asteazkenerako, urtarrilak 30, 200.000 bisitari profesional baino gehiago bertaratzea espero da.

ENPRESA PARTE HARTZAILEAK

Euskadi-Basque Country standean parte hartzen duten enpresak:

PRECOCINADOS GORENA

CONSERVAS ORTIZ

BON CAKE DESSERTS – GELTOKI

SALICA

CONSERVAS OLASAGASTI

LA COCINA DE SENEN

PAN BETTI 

YURRITA GROUP

SALANORT 

CONSERVAS NARDIN

INTERHAM

Azokako beste stand batzuetan parte hartzen duten enpresak:

Nekazaritzako elikagaien sektorea:

TXOGITXU

Sukalderako tresneria eta ostalaritza sektorea:

FAGOR INDUSTRIAL

SAMMIC

AZKOYEN

SALVA

COOKPLAY

WATERCUT METRONICS