Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Basque Teameko Jagoba Vizuete karatekak goi maila utziko duela iragarri du, Eusko Jaurlaritzak babestuta

Argitalpen-data: 

- Munduko txapelketa batean banakako domina bat lortu zuen lehen euskaldunak lehia uztea erabaki du, diziplina honetan 25 urte eman ondoren, horietatik 12 gorengo mailan

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 19an. Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendariak eta Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak lagunduta, Jagoba Vizuete karatekak agur esan du gaur Eusko Jaurlaritzako Lakuako prensa-aretoan, Gasteizen.

Hausnarketa sakonaren ostean, Jagoba Vizuetek karatean izan duen ibilbide profesionala amaitutzat ematea erabaki du, diziplina honi eskaini dizkion 25 urteren ondoren pilatutako nekeagatik. Egin duen lan guztiaz gain, urte hauetan guztietan sekulako zortea izan duela ziurtatu du arabarrak, eta ingurukoei eta bere garapen profesionalean lagundu dioten pertsona eta instituzio guztiei eskerrak eman dizkie. Jagobak Basque Team Fundazioaren beka jaso du 2015etik.

Karatekak Tokio 2020n lehiatzeko aukera guztiak agortu nahi izan ditu. Joko horietan sartuko da lehen aldiz kirol hau programa olinpikoan, baina sailkatze-prozesua asko zaildu da. Parte-hartzea hiru pisutara mugatu dute eta pisu bakoitzean hamar onenak lehiatuko dira. Ia-ia zerrendako lehen hiru postuetan egotea derrigorrezkoa da Japoniako hiriburuan 2020an jokatuko dituzten Olinpiar jokoetan parte hartu ahal izateko. Vizuete azken unera arte ahalegindu da hori lortzen, baina helburua ia ezinezkoa da gaur egun.

Jagoba Vizuete (Vitoria-Gasteiz, 1988-07-15) bost urterekin hasi zen karatea praktikatzen, anaiek animatuta. Hasieratik biak izan dira bere entrenatzaileak (Angel eta Jorge Vizuete) eta haiekin batera zuzendu du kirolarekin, borroka-arteekin eta gaur egun asko gustatzen zaion crossfitarekin lotutako negozio familiarra. 

Jagoba oso goiz hasi zen karatean gailentzen. 12 urterekin Espainiako txapeldun izan zen haur-kategorian eta gaur egun estatu mailako 19 titulu pilatzen ditu; estatu mailako titulua kategoria guztietan irabazi duen bakarrenetarikoa da (haur-kategorian, gazte-kategorian, kadeteetan, juniorretan, 21 urtez azpiko kategorian, seniorretan, unibertsitate-mailan, eta klub eta selekzio mailan). 14 urterekin sartu zen estatuko taldean, 18 urterekin maila absolutura pasatu zen eta orain arte maila horri eutsi dio. 

Nazioarte mailan ere arrakasta ugari izan ditu Jagoba Vizuetek bere kirol-ibilbidean. Karateko Munduko txapelketa batean banakako domina bat lortu duen lehen euskalduna izan da Vizuete. 2014an Bremenen (Alemania) jokatutako Munduko txapelketan gertatu zen. Hitzordu hura inflexio puntua izan zen gasteiztarrarentzat eta kategoria absolutura salto egitea ahalbidetu zion. Ez zuen uste dominengatik borrokatzeko aukera izango zuenik, baina txapelketa ikaragarria eginda, Munduko onenen artean sartu zen. Orduan jakin zuen karateko elitean egoteko gaitasuna bazuela. Jagoba finalerdietarako sailkatu zen Emirerrietako Sulaiman Almulla, Salim Bendiabel frantziarra eta Anel Castillo dominikarra azpiratu eta gero. Garaipenak, dena den, bukatu egin ziren finalerdietan, azkenean urrea eraman zuen Enes Erkan turkiarraren kontra galduta. Jagobak dino orokorrean ez dituela borrokak gogoratzen, baina borroka haren oroitzapenak ondo gordetzen ditu.

Munduko txapelketako brontzeaz gain, 2018ko maiatzean Serbiako Novi Saden jokatutako Europako txapelketan erdietsitako taldekako zilarra ere nabarmentzekoa da. Jagoba eta bere taldekideak finalean sartu ziren eta oso gutxigatik ez zuten urrea bereganatu. Jagoba azken borrokan, borroka erabakigarrian, irten zen tatamira. Irabazi egin zuen, baina azken garaipenetik bi puntura geratu ziren. Zilarrak loriaren zaporea izan zuen, urte askoren ondoren borrokatu eta gero, podiumera igo baitziren.      

Jagoba Vizuete gorengo mailan aritu da 2018an eta 2019an. Leganeseko Espainiako txapelketan, hain zuzen ere, finalera iritsi zen eta bertan Babacar Seck (egungo Munduko brontzea) izan zuen aurrez aurre. Zilarra eskuratu zuen Jagobak.

Hala ere, Premier League txapelketak eta Europako eta Munduko txapelketek asko eskatzen dute eta gasteiztarrak agur esateko unea heldu zaiola sentitu du. Jagoba Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziatua da eta Kirol Erakundeen Zuzendaritzan masterra dauka. Hemendik aurrera kirol munduari lotuta jarraituko du, ‘Fitness Gasteiz’eko karate eskolan bere ezagutzak heleraziko baitizkie haur eta gazteei.

Jagoba Vizueteren palmaresa  

  • Brontzea 2014ko Munduko txapelketan
  • Zilarra taldeka 2018ko Europako txapelketan
  • Zilarra eta brontzea unibertsitate mailako Munduko txapelketan
  • Urrea eta brontzea unibertsitate mailako Europako txapelketan
  • 19 aldiz Espainiako txapeldun
  • 5 aldiz Espainiako azpitxapeldun
  • 9 aldiz hirugarren Espainiako txapelketan