Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Artzain Eskolak berrikuntza pedagogiko eta metodologikoari ekin dio datozen ikasturteetan kalitate handiagoko prestakuntza eskaintzeko

Artzain_Eskola_1.jpg

2019.eko martxoak 01

• Arantzazuko eskolak XXII. ikasturtea itxi du gaur 8 artzain gazte berriren diplomekin.

• Arantzazuko eskolak 22 urte daramatza prestakuntza lanetan, Euskadin artzaintza biziberritzeko eta, aldi berean, latxa ardi arrazaren kontserbazioan lan egiteko.

• Artzain Eskolako klausura ekitaldian Oñatiko Madina baserriko Maximo Zumalde eta Arantxa Lasagabaster omendu dituzte, baita SUSTRAIA telebista programa ere, urte hauetan guztietan eskolaren lanari eta artzain jarduerari emandako estalduragatik.

Artzain Eskola artzainak prestatzeko azken ikasturtearen klausura ekitaldia egin du gaur goizean Arantzazuko Gomiztegi baserrian, eta 8 gazteri diploma eman zaie. Guztiek jaso dituzte artzain profesional moduan egiaztatzen dituzten diplomak eta makilak.

Klausura ekitaldian izan dira Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Oroz, Artzain Eskolako zuzendari Batis Otaegi, Gipuzkoako Nekazaritza eta Landa Inguruneko zuzendari Xabier Arruti, Bizkaiko Nekazaritzako zuzendari nagusi Maite Peñacoba, Oñatiko alkate Mikel Biain, eta HAZI Fundazioko zuzendari Asier Arrese.

Arantzazuko Eskolak 22 urte daramatza etorkizun profesional ardien sektorean garatu nahi duten pertsonak prestatzen, Euskadin artzaintza biziberritzeko eta, aldi berean latxa ardi arrazaren kontserbazioan lan egiteko.

Artzain Eskolarentzat, prestakuntza funtsezko estrategia da helburu horiek lortzeko. Horregatik, eskolak iragarri du datozen bi urteetan jauzia egin nahi duela berrikuntzarantz, kalitatezko prestakuntza garatzeko. Horretarako, bere prestakuntza eskaintza berritu eta hobetuko du, erreforma metodologiko eta pedagogikoa eginez, eta datozen ikasturteetan eduki eta material berriak sartuz.

2018/2019 ikasturteko ikasleen profila

Ikasturte hau amaitu duten 8 ikasleak 40 urtetik beherakoak dira guztiak, eta erdiek dagoeneko artaldea dute; datu horrek bermatzen du beste urte bat egin izana sektorean belaunaldien arteko erreleboa izan dadin.

Artzain berrien jatorriari dagokionez, 5 Bizkaian bizi dira, 2 Gipuzkoan, eta bat Nafarroatik etorri da.

Artzainen azken promozio honekin, dagoeneko 278 lagun prestatu dira 22 urteetan Artzain Eskolan. Diplomatu diren lagunen %79 gizonak dira, eta %21 emakumeak.

Urtero ikasle gehienak Euskal Autonomia Erkidegokoak dira gehienbat, %70 (42 lagun Arabatik, 52 Bizkaitik eta 100 Gipuzkoatik), %15 Nafarroako Foru Erkidegotik etorri dira , eta beste %15 gazte atzerritik (%9) edo beste erkidego autonomo batzuetatik (%6).

Ikasturtearen ezaugarriak

Gaur amaitu den ikasturtea 2018ko urrian hasi zen, eta bost hilabeteko iraupena izan du, guztira 839 ordurekin. Ikasturteko zatirik handiena, 523 ordu, baserriari buruzko ezagutzan oinarritutako modulu teorikoak ematera zuzendu da; artaldearen elikadura, ugalketa, osasuna eta gobernatzea; eta esnea eraldatzeko eta amaierako produktua komertzializatzeko prozesua. Teoriaz gain, ikasleek 274 ordu eman dituzten artzain profesionalen baserri edo ustiategietan praktikak egiten, eta enpresa proiektu bat garatu dute, epaimahai baten aurrean defendatzeko.

Omenduak

Artzain berriei diplomak eman ondoren, Oñatiko Madina baserriko Maximo Zumalde eta Arantxa Lasagabaster artzainak omendu dituzte, Artzain Eskolarekin lankidetzan aritzeko beti erakutsi duten prestasunagatik, eta SUSTRAIA telebista programa ere omendu dute, urte hauetan guztietan eskolaren lanari et artzaintzari emandako estalduragatik.

Gainera, aipamen berezia jaso du Joni Lopez ikasle ohiak, tristeki zendu berri den kanariar artzainak.

Maximo Zumalde eta Arantxa Lasagabaster artzainak

Maximo Zumalde eta Arantxa Lasagabaster artzainak Oñatiko Araotz auzoko Madina baserriko senar-emazte artzainak dira. Oraingoan, Artzain Eskolak omenaldia egin nahi izan die, aspaldi eskolarekin mantentzen duten harreman beroagatik. Senar-emazteak beti agertu dira prest Artzain Eskolari laguntzeko, eta euren baserrian ikasle ugari hartu dituzte praktikak egin ditzaten.

SUSTRAIA telebista programa

Artzain Eskolak SUSTRAIA telebista programako talde osoa omendu nahi izan du, eskolaren garapenari, sortu zenetik, eman dion estalduragatik. Erreportajeen bitartez, programak artzaintzaren munduaren alde egindako lana ezagutarazi dio gizarteari, baita Artzain Eskolan prestatu eta gero sektore horretan diharduten ikasleen proiektuak ere.

Joni Lopez

Joni Lopez, eskolako ikasle ohia, joan den irailean hil zen, justu Kanaria Handira 20 euskal artzain gaztek Kanaria Handira egin zuten bisita baten anfitrioia izan eta gero, bertan bizi baitzen. Joni Lopezek artzaintzaren kultura bultzatu zuen bere jaioterrian, Santa Lucia de Tirajanan, eta Artzain Eskolan prestatu zen 2012-2013 ikasturtean.