Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Altzairutegietako zepa balorizatu eta beste jarduera batzuetarako erabiltzea sustatzeko dekretua onartu da (Gobernu Bilera 2019-04-09)

Argitalpen-data: 

fotoconsejo.jpg

Gobernu Kontseiluak, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailak proposatuta, altzairua arku elektrikoko labean fabrikatzeak sorrarazten duen zeparen balorizazioa arautzen duen Dekretua onartu du. Euskadin dauden altzairutegi kopuru handia dela eta, bertan sortzen diren zepak Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen diren hondakin ez arriskutsuen artean bigarren bolumen handienetakoa da, guztizkoaren % 16.

Dekretua “ekonomia zirkularraren” aldeko Europaren estrategiaren baitan kokatzen da, eta horren helburua da baliabide naturalen erabileran eraginkortasuna hobetzea, lehengai gisa berrerabiltzea sustatu eta, hala, material berriak erauztea eta hondakinen isurketa murrizteko. Ekonomia zirkularra hazkunde iraunkorraren alde eta klima-aldaketaren aurka egiteko zutabeetako bat da.

Estrategia horri jarraiki, arau berriak −2003ko aurreko dekretua eguneratzen du− altzairua arku elektrikoko labean fabrikatzeak sorrarazten duen zeparen balorizazioa eta gerora agregakin siderurgiko gisa erabiltzea arautzen du, hala ingurumena eta osasun publikoa babestea bermatzeko.

Orain artean, indarrean dagoen araudiak ez du lortu zepak zabortegietan biltzea desagerraraztea, eta horrek ingurumen-inpaktuak dakartza. Dekretuaren helburua da, beraz, zepa horiek balorizatzea, eraikuntzan edota beste jarduera batzuetan erabiltzeko material pikordunak lortzeko, merkatuan balioa duten materialak lortzeko.

Ikerketek egiaztatu dute agregakinak eraikuntzan erabiltzeko (hormigoia) eta zementua  fabrikatzeko dituen onurak, eta lehengaiak erauzi eta prozesatzearen ondoriozko ingurumen-inpaktuak murrizten dituela,  baita ondoren zabortegietan biltzea murriztu ere.

Dekretuak azalpen-zati bat, hamaika artikulu, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat, hiru azken xedapen eta bi Eranskin ditu. Gainera, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak gida tekniko bat osatu du eraikuntzaren sektorean eman daitezkeen erabilerentzako, material hori gehiago erabiltzea sustatzeko.