26 udalerritako udaltzainek parte hartu dute Segurtasun Sailak antolatutako "Jokoaren ikuskapena: adingabeak eta ordutegiak" jardunaldian

Juego_Arkaute._Baja_resoluci_n__5_de_11_.jpg

2019.eko urtarrilak 14

Formakuntza-saioa Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egin da

Arkaute, 2018ko urtarrilak 14.

Segurtasun Sailak Euskadiko hainbat udalerritako udaltzainei zuzendutako jardunaldi bat antolatu du astelehen honetan. Jardunaldiaren helburua jokoaren ikuskapenari, eta, zehazki, joko-aretoen ordutegiak eta lokaletan adingabeak egotea kontrolatzeari eta zaintzeari, buruzko informazioa eta formakuntza ematea izan da. Guztira 40 udalerritako 26 udaltzainek parte hartu dute Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egin den formakuntza-saio honetan.

 

Segurtasuna koordinatzeko zuzendaria, Rodrigo Gartziak eman dio hasiera formakuntza-jardunaldiari. Euskadiko hainbat udalerritako 40 udaltzaini emandako formakuntzan joko-aretoak, apustu-etxeak eta ostalaritzako lokalak ikuskatzeko hainbat jarraibide eta jarduera azaldu zaizkie, jokoaren arloan ordutegiei eta adingabeei buruzko araudia betetzen den kontrolatzeko eta zaintzeko helburuarekin.

 

Ertzaintzak jokoaren eta ikuskizunen arloan diharduen unitate berezi bat du, eta bere ardura da Segurtasun Sailak urtero egiten duen eta Jokoaren Euskal Kontseiluak onartzen duen Ikuskapen Plana praktikan gauzatzea. Unitateak urtero, gutxienez, ostalaritza-establezimenduetan dauden makinen % 25, apustuetako lokal guztiak eta joko-aretoak, bingoak eta kasinoak ikuskatzen ditu.

 

Ertzaintzak 2018an egindako ikuskapenen ondorioz guztira 49 zehapen-espediente ireki ziren: 11 ixteko ordua ez betetzeagatik, beste 11 adingabeei jokatzen uzteagatik eta 8 joko-aretoan adingabeak egotea onartzeagatik. Era berean, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren 10/2015 Legea ezarrita, 4 zehapen-espediente ireki zitzaizkien lau adingaberi joko-aretoan egoteagatik, debekatuta baitute halako lokaletan sartzea.

 

 

Hain zuzen ere, adingabeen jokoa hobeto kontrolatzeko eta zaintzeko, Segurtasun Sailak, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagaren bidez, jarraibide zehatz bat eman zien 2017an Ertzaintzaren Zuzendaritzari, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari eta Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari, adingabeak joko-aretoetan sartzea eragozteko helburuarekin, eta, Euskadiko udalerrietako udaltzaingoak inplikatuta, kontrolak eta zaintza areagotzeko.

 

Joko eta Ikuskizunen zuzendari Aitor Uriarte arduratu da Euskadiko jokoaren sektorearen erradiografia egiteaz. Jarraian, Kudeaketako eta Sistemetako aholkulari juridikoak adingabeei eta jokoaren arloko ordutegiei buruzko hainbat alderdiren berri eman du. Saioan zehapen-espedientearekin lotutako gaien berri ere eman du Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako aholkulari juridikoak. Azkenik, Joko eta Ikuskizunen Unitateko ertzainek azaldu dituzte jokoaren ikuskapenari buruzko alderdi praktikoak.

 

Iazko urtean Ertzaintzako eta Polizia Judizialeko kideek ikastaroak eta jardunaldiak eskaini zizkieten joko-aretoetako langileei ere, besteak beste, dokumentuen (NANak, pasaporteak, etab.) edo billeteen faltsifikazioaren inguruan, eta indarkeria edo beldurra erabilita egindako lapurretetan bete beharreko jarraibideak ere eman zizkieten.

 

Jardunaldi horietan indarrean dagoen egungo araudiarekin zerikusia duten hainbat alderdi ere azaldu zituzten, besteak beste, 18 urtetik beherako adingabeek debekatuta dutela halako lokaletan sartzea.