Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du biharko kostaldeko itsas arriskuagatik nabigaziorako.

Argitalpen-data: 

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du bihar martxoak 24rako, larunbaterako, kostaldeko itsas arriskuagatik nabigaziorako lehenengo bi milietan 12:00etatik 21:00etara.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, gaur, ostirala, sortuko den borraska batek prezipitazio ugari eta haize zakarra ekar ditzake, bai eta itsasoaren egoera nabarmen okertzea ere, bihar, larunbata, martxoak 24.

Euskalmeten iragarpenen arabera, olatuen altuera adierazgarria 3,5 metrotik gorakoa izan daiteke, eta larunbateko ordu zentraletan 5 metrotik gorakoa ere izan daiteke. Kontuan izan behar da olatuek eta haizeak busti egin ditzaketela pasealekuak, malekoiak eta dikeak, nahiz eta marea bizirik izan ez.

Euskalmeten ustez, larunbateko, hilaren 24ko, arratsaldetik aurrera eta igandean, hilaren 25ean, iparraldeko fluxua iritsiko da eta horrek prezipitazio ugariak eta orokorrak ekarriko ditu, eta elur-maila 1.000 metro inguruan koka liteke.

Haize zakarra

Egoera horrek mendebaldeko haize zakarra ere ekarriko du bihar, larunbata; haizeak lehenengo hego-mendebaldetik joko du eta eguerditik aurrera mendebaldetik eta ipar-mendebaldetik. Haize kolpeak 100 km/h-tik gorakoak izan daitezke agerian diren tokietan, bai mendebaldeko mendialdeetan bai kostaldean; eta 70-80 km/h-tik gorakoak agerian ez diren tokietan, eta, bereziki, EAEren mendebaldean. Iragarpenen arabera haize-bolada gogorrenak 9:00etatik 21:00etara bitartean izango dira.

Berehala iritsiko den denboralea laburra izango bada ere, borraskaren ibilbideari eta sakonerari buruzko ziurgabetasuna handia da, eta iragarpenean aldaketaren bat edo beste izan daiteke.

 

Oharra: Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.

 

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza

Gomendioak:

Denboraleak

Prebentzio-neurriak:

  • Saiatu itsasontzirik ez erabiltzen eta berrikusi amarrak. Ez egin uretako kirolik, inola ere ez.
  • Urrundu olatu handien kolpea jasotzen duten lekuetatik (harkaitzetatik, lur-muturretatik eta kaietatik)
  • Ez hurbildu itsas pasealekuetara, lur-muturretara edo itsaslabarretara. Uraren indarrak eraman egin zaitzake.
  • Ez bainatu urruneko hondartzetan, behar beste ezagutzen ez dituzunetan edo zaintza eta salbamenduko zerbitzurik ez daukatenetan.
  • Ez eta olatu handiak edo erresaka handia dauden lekuetan ere.
  • Ez zirkulatu ibilgailuarekin kostaldeko lerrotik hurbil dauden errepideetatik.
  • Urpekaritza egitekoa bazinen, utzi beste baterako.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

  • Itsasora eroriz gero, saiatu olatuak lehertzen diren lekutik aldentzen, eskatu laguntza eta itxaron erreskatatu arte.
  • Olatuek eramaten bazaituzte, zaude lasai; ez egin igeri korrontearen aurka; itsasertzeko korronteek indarra galtzen dute tarte batzuetan.

Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.