Urkullu Lehendakariak Europar Batasuneko kidego diplomatikoarekin partekatu du giza garapen jasangarriaren euskal eredua

lhk_embajadores_ue_01.jpeg

2018.eko urtarrilak 10

  • Lehendakariak, Madrilen, topaketa izan du, EBko 25 bat enbaxadorerekin; laugarren topaketa izan da, 5 urtean
  • Topaketan, Euskadiko egoera politikoari eta ekonomikoari buruz eztabaidatu da, bai eta Europaren etorkizunari buruz ere

Iñigo Urkullu Lehendakariak, gaur eguerdian, Madrilen, topaketa izan du Europar Batasun osoko herrialdeetako enbaxadoreekin. Bileran, Lehendakariak Euskadiren gizarte- eta ekonomia-garapenaren eredua partekatu du, eta gaurkotasun politikoari buruz eztabaidatu dute. Giza garapenaren euskal eredua, akordioaren kultura, hazkunde jasangarria, enplegua, ekonomiaren lehiakortasuna, bizikidetza eta autogobernua bileran aztertu diren gaietako batzuk izan dira.

Bilera enbaxadore italiarrak Madrilen duen egoitzan izan da, eta, Iñigo Urkullu Lehendakariarekin batera, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Mikel Anton Europako Gaietarako zuzendaria izan dira. Topaketan, hainbat herrialdetako 25 bat enbaxadorek parte hartu dute.

Urkullu Lehendakariak defendatu du “herrialde lehiakorrenak garapen-maila eta gizarte-berdintasun handiena dutenak direla”. Hori horrela, Euskadiko gizarte-ereduak giza garapena eta kohesioa bermatzea lehenesten duela azaldu du eta, horretarako, aurrekontu operatiboaren bi heren gizarte-politiketara bideratzen duela. Aldi berean, lehiakortasuna irabazteko, Lehendakariak nabarmendu du 8.800 milioi euroko zuzkidura dagoela 2020ra arte, “Plana: Inbertsioa, Berrikuntza, Nazioartekotzea eta Industria”ren esparruko jarduketetan. Hori guztia, industriaren pisua BPGd-aren % 25era iristeko eta “enplegu gehiago eta hobea” sortzeko.

Lehendakariak bere Gobernu Programan ezarritako Herrialdeko 15 helburuak azaldu ditu, eta honako hauek nabarmendu behar dira: langabezia % 10etik jaistea; 20.000 lehen lan-esperientziarekin; berrikuntzako 100 proiektu estrategiko lortzea; Euskadi Europan genero-berdintasunean lehen 4 herrialdeen artean egotea; % 20 murriztea pobrezia-tasa; edo % 20 murriztea berotegi-efektuko gasen emisioa.

Lehendakariak azaldu du Eusko Jaurlaritzak Bizikidetza eta Giza Eskubideen Plana duela. Lehentasunen artean honako hauek aipatu ditu: eragindako kalte bidegabearen aitorpena; benetako politika publikoak, justizia eta ordaina ematea biktima guztiekin elkartasunean; ETAren aldebakarreko desagerpena; espetxe- eta gizarteratze-politika berria; eta bizikidetzari lotuta dauden erronka berriei erantzutea.

AUTOGOBERNU GEHIAGO ETA HOBEA

Katalunian, Euskadin eta Espainian bereizitako gehiengo gizarte-borondateak daudela ikusita, Lehendakariak uste du beharrezkoa dela “etapa berriari ekitea, akordiorako benetako borondatea duen elkarrizketan oinarritzen dena”. Lehendakariak defendatu du “autogobernuaren ideala identitate desberdinen arteko adostasunean eta bizikidetzan aurkitzen dela, elkarrenganako errespetuaren eta aitorpenaren oinarrian”. Hori horrela, adibide gisa Kontzertu Ekonomikoaren eta Kupoaren inguruan lortutako akordioa jarri du, “euskal autogobernuaren giltzarria”. Akordio hori eremu politikora ere eraman daiteke, Lehendakariaren iritziz, baldin eta Euskal Nazioaren berezitasuna aitortzen bada.

Europar Batasuneko enbaxadoreen aurrean, defendatu du legezko bideak egokitu behar direla, beren herritarrei etorkizunari buruzko kontsulta egin nahi dieten komunitate politikoek, parlamentu-erakundeen autogobernuaren berariazko erabaki argiaren bidez, hala egin ahal izateko. Hori da “argitasun-zuzentarau”aren proposamen baten zentzua Europar Batasunaren funtsean, esan du.

HELMUGA:EUROPA

Eusko Jaurlaritza Jean Claude Juncker presidenteak irekitako prozesuaren esparruan EBren etorkizunari buruzko euskal ikuspegia jaso duen dokumentuari azken ukituak ematen ari da. Lehendakariak Europar Batasunak “sortze-balioak berreskuratzeko” dagoen beharra defendatu du.

Lehendakariaren iritziz, Europako herrien artean gero eta Batasun estuagoa  izateko, partekatutako erantzukizunaren ikuspegitik, parte-hartze eraginkorra antolatu behar da estaturik gabeko errealitate nazionalak adierazten dituzten legegintzako eskumenak dituzten gobernuen Europako gobernamenduan. “Hori da gure proiektuaren helmuga”, esan du.

LAUGARREN TOPAKETA

Hori izan da Lehendakariak Europako kidego diplomatikoarekin izan duen laugarren bilera: lehenengoa, 2013ko urtarrilean (Madril); bigarrena, 2014ko ekainean (Madril); eta, hirugarrena, Donostiako Miramar Jauregian, 2016an.