SOS Deiak zerbitzuaren larrialdietako APP irisgarriak 9.000 deskarga baino gehiago izan ditu apiriletik ekainera bitartean.

Argitalpen-data: 

GPS posizioa bidaltzea eta ahotsez komunikatzeko zailtasunak dituzten pertsonengana iristea ahalbidetzen du.

SOS Deiak larrialdietako APPak 9.302 deskarga izan ditu apiriletik ekainera bitartean, eta denbora horretan 261 abisu jaso dira eta horietatik 58k jarduera errealak eragin dituzte.

Bildutako datuen arabera, APPren bidez tramitatutako 261 abisuetatik 218tan datuak bidali ziren eta 43 hitzez egin ziren. Erabiltzaileen sexuari dagokionez, 6.126 (% 66) gizonezkoak izan ziren eta 3.047 (% 33) emakumezkoak.

Dispositibo mugikor berria doakoa da, eta 112 telefonoaren operadoreekin botoia sakatuta bakarrik komunikatzeko aukera ematen du. Aktibatuta badago deia hasten den une berean bidaltzen du GPS seinalea, eta horri esker balio handikoa da bereziki trafiko-istripuetan, mendiko bilaketa-lanetan, eta abarretan, lokalizazio zehatza beste zailtasun bat gehiago izaten den kasuetan, alegia. Era berean, orientatzeko zailtasunak dituzten adinekoak aurkitzea ere errazten du.

Gainera, aplikazioari esker komunikatzeko zailtasunak dituzten pertsonak 112rekin komunikatu ahal izaten dira grafikoen bidez eta 112-SOS DEIAK operazio-pantailan zuzenean ikus daitekeen txat baten bidez, erabiltzaileak gertaerari buruz egoki irizten duen informazioa eman ahal izan dezan.

Laburbilduz, APP irisgarriaren bidez entzumen edo mintzamen zailtasunak dituzten pertsonak nahiz behar duten pertsona guztiak 112-SOS DEIAK Koordinazio Zentroarekin komunikatu ahal izaten dira, eta larrialdi batzuk pertsonalizatu ere egiten dira. Erabiltzaileek euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez dute sarbidea.

Larrialdietako 112ren APP berria jaisten dutenek, nahi izanez gero, GPS sistemaren bitartez lokalizatzeko aukera aktibatu dezakete, eta datu medikoak ere eman ditzakete (alergiak, gaixotasun kronikoak, hartutako botikak, eta abar), eta hori lagungarria izango da osasun-arazoren bat duten erabiltzaileen arreta hobetzeko. Aplikazioak, bestalde, konfiantzazko bigarren pertsona batekin harremanetan jartzeko telefono-zenbakia gehitzeko aukera ere ematen du.