Segurtasun Sailak ohorezko bederatzi aipamen eman ditu Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruan

FOTO_FAMILIA-SEGURIDAD_PRIVADA.jpg

2018.eko ekainak 14

Sariak Ertzaintzaren Erandioko Egoitza Nagusian banatu dira

Erandio, 2018ko ekainak 14.

Bederatzi pertsonak jaso dituzte gaur Ertzaintzaren Erandioko Egoitza Nagusian Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruko ohorezko aipamenak, 2016ko martxoaren 1eko aginduari jarraituz. Segurtasuneko sailburu Josu Zubiagak, Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondok eta Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartziak banatu dituzte merituzko ekintzen arrisku-ezaugarri bereziak, nekagarritasuna, ekimen profesionala eta gizarte-garrantzia kontuan hartuta eta ofizioz edo, bestela, partikularren, langileak kide diren enpresen edo segurtasun pribatuarekin zerikusia duten beste erakunde batzuen ekimenez Ertzaintzarekin lankidetzan jarduteagatik ematen diren aipamen horiek.

 

Ertzaintzaren Erandioko Egoitza Nagusian hirugarren urtez jarraian egin da segurtasun pribatuko langileei ohorezko aipamenak emateko ekitaldia. Aurten, zehazki, ohorezko zazpi sari, diploma bat eta ohorezko bi plaka eman dituzte, pertsona fisikoak, erakundeak, korporazioak, entitateak edo establezimendu publikoak edo pribatuak saritzeko.

 

Euskadiko segurtasun pribatuaren arloan ohorezko aipamenak emateko Ebaluazio Batzordeak guztira 33 proposamen aztertu ditu, eta horietako 9 saritzea erabaki du.

 

Sari nagusia, domina, esleitu gabe geratu da edizio honetan, aipamen horretarako ez denez proposamenik jaso.

 

Horrela, ohorezko sariak Emilio Guirao eta José Luis Gonzalez (Eulen), José Ramón Arnaiz (Securitas), Florin Lucian (Prosegur) eta Jon Calvo (Porsetecnisa) segurtasun-zaindariei, Miguel Alcoba El Corte Ingleseko segurtasun-ordezkariari eta BAUSSA enpresako AENOR Komiteko presidenteari eman dizkiote.

 

Ekitaldi berean diploma bat Bilbao Guardas enpresari eman diote; ohorezko plaka bat Securitasen iparraldeko zuzendari Patxi Garcíari, segurtasun pribatuari egindako ekarpenagatik Euskadiko lehenengo Telezaintza eta Urrutiko Kudeaketa zentroak sortu, diseinatu eta ezartzeagatik; eta bigarren ohorezko plaka Peldaño Argitaletxeari, Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Biltzarra antolatzearen alde egindako apustu erabakigarriagatik.