Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du gaur asteazkena, uztailak 4, eguerdirako, prezipitazio ugariengatik, eta zenbat eta ekialderago, orduan eta handiagoa da probabilitatea

Argitalpen-data: 

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du gaur, asteazkena, uztailak 4, 13:00etatik 21:00etara bitartean, ekaitz-prezipitazio ugariengatik EAE osorako. Zenbat eta ekialderago, orduan eta handiagoa da probabilitatea.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera, ezegonkortasun handia izango dugu gaur, aire hotz poltsa bat sartzea espero baita, eta horrek eragingo duen ezegonkortasuna mendebaldetik ekialdera hedatuko da eta arratsaldean sortuko diren ekaitzak gogorrak izan daitezke han-hemenka.

Arratsaldean, beraz, ekaitz-zaparrada handiak, eta zenbait lekutan oso handiak, izango dira, eta mendebaldetik hasi eta ekialdera joango dira hedatzen. Gainera, egoera ezegonkorra dela eta, ekaitz horiek tamaina handiko txingorra ere ekar dezakete, bai eta haize-bolada zakarrak edo oso zakarrak ere. Ekaitzik gogorrenak bereziki EAEren ekialdean sor daitezke.

Euskalmeten iragarpenen arabera, bihar, uztailak 5, ezegonkortasunak behera egingo du eta ez da, beraz, ekaitzik espero, nahiz eta kantauri isurialdean goizaldean euri-zaparradak izan ditzakegun, batez ere kostaldean. Kasu horretan euria itsasotik sartuko da.

Erradarraren irudiak eta iragarpen eta abisu eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmeten webgunearen (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter bidez (@Euskalmet eta @112_SOSDeiak)

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzak honako gomendioak egiten ditu:

  • Aztertu inguruko isurbideen egoera.
  • Bertan behera utzi mendi-irteerak eta txangoak
  • Ez aparkatu ibilgailurik eta ez kanpatu ibilgu lehorretan edo urak erraz har litzakeen lekuetan.
  • Kendu ibilgailuak putzuak sor litezkeen tokietatik eta urak har litzakeen garajeetatik.
  • Autoa hartu behar izanez gero, kontsultatu radarra edo @Euskalmet edo @112_SOSDeiak Twitter kontuak.
  • Autoa hartu behar izanez gero, saiatu bide nagusiak eta autobideak erabiltzen, eta ikuspen-arazorik edukiz gero, aparkatu autoa toki segururen batean.
  • Lotu ondo olanak, lorontziak eta haizeak eraman ditzakeen bestelako objektuak.

Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.