Segurtasun Sailak 380ra igo du Ertzaintzaren 27. Promozioan bete beharreko lanpostu-kopurua

Promoción_25.jpg

2018.eko maiatzak 10

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariak gaur emango du 80 plazak gehitzeko ebazpena

Basauriko Ertzain-etxearen zaharberritze lanak aurkezteko gaur egin den ekitaldian jakinarazi du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltran de Herediak Ertzaintzaren 27. Promozioaren hautaketa, prestakuntza eta sarbide prozesuan bete beharreko lanpostu-kopurua 380ra igotzea erabaki dela. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak gaur bertan emango du beste 80 lanpostu gehitzeko ebazpena. Deialdian bertan dago jasota aukera hori.

2017ko abenduaren 15ean argitaratu zen EHAAn Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko hautaketa-prozeduraren deialdia. Deialdian, 300 lanpostu eskaini ziren, eta guztiek 1. hizkuntza-eskakizuna zuten ezarrita.

Era berean, ebazpen horretan jaso zen deitutako plaza-kopurua handitzeko aukera,  “betiere hautaketa-prozesu hau gauzatu bitartean edozein arrazoi dela bide sortzen diren plaza hutsen arabera”.  Lanpostu-gehikuntza hori ere deialdiko oinarriek arautuko dute, eta behin-behineko zerrendak argitaratu aurretik egin beharko da.

Segurtasun Sailak erabakia hartu du probak egin bitartean ere bajak eta erretiroak izan direlako Ertzaintzan, eta horixe izan da, beraz, beste 80 plaza gehitzeko erabakia hartzeko arrazoia.

Ez da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak oposizio-fasean Ertzaintzaren deialdi bateko lanpostu-kopurua gehitzen duen lehenengo aldia, berez promozio batean baino gehiagotan gertatu da. 26. Promoziorako deialdian 50 plaza gehitu ziren –250etik 300era–, 23koa 2010eko apirilean deitu zen eta hasieran eskainitako 140 plazei beste 90 gehitu zitzaizkien. Hautagaiek, hasiera batean, urrian hasiko dute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako prestakuntza.