San José sailburuak BIEMHko Osalaneko stand inauguratu du

bec.JPG

2018.eko maiatzak 28

María Jesús San José BIEMHko azokaren inaugurazioan

“SEGURTASUNAK MAKINA-ERREMINTA HOBETZEN DU” 

Barakaldo, 2018ko maiatzaren 28a.- María Jesús San José Lan eta Justizia sailburuak OSALANek makina-erremintaren BIEMHko azokan jarri duen standa inauguratu du gaur goizean. Aurten, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen 25. urteurrena ospatzen den honetan, OSALANek 100 m2-ko erakusketa-espazioa aurkeztu du BECen. Bertan, erakundeko langileak egongo dira eta hainbat aukera eskainiko dira; esatera baterako, makinen segurtasunari buruzko dokumentuei begiratu bat ematea, adituen aurkezpenak ikusi eta entzutea, makinen erabiltzaileei zuzendutako prebentzio-aholkuak ematen dituzten iraupen laburreko hainbat bideo ikustea eta ukimen-pantaila baten bidez makineriarekin loturiko lan-segurtasunaren eta –osasunaren inguruko edukietan zehar nabigatzea.

Bisitan zehar, esfortzu horrek Lan eta Justizia Sailak herritar langileen segurtasuna eta osasuna bere lanaren erdigunean kokatzeko duen konpromisoa erakusten duela nabarmendu du sailburuak. Osalanek zeregin horretan duen berebiziko garrantzia dela eta, erakunde horretako teknikarien profesionaltasuna azpimarratu nahi izan du espresuki sailburuak.

San Josék ohartarazi duenaren arabera –geroz eta makina ahaltsuago eta sofistikatuagoekin, azokako erakusketetan ikusi ahal izan den bezala-, “lan egiteko moduetan garrantzi handiko aldaketa azaleratzen ari da; eta horrek arrisku berriak eragiten ditu (esate baterako, nanoteknologiek eragindakoak, eremu elektromagnetikoekin loturikoak, industria sistemen robotizazioaren eraginez sortutakoak, material adimendunenak, eta abar) eta prest egon behar dugu horiei aurre egiteko”.

Duda barik, -esan du San Josék- “garapen teknologikoak geroz eta gaitasun eta erreminta gehiago eskaintzen dizkigu eraginkortasuna hobetzeko baina, era berean, arrisku berriak sortu ditzake eta prest egon behar dugu horien aurrean, izan ere, ezin dugu ahaztu gizarte baten heldutasuna langileei eskaintzen zaien lan-segurtasunaren eta -osasunaren arabera neurtzen dela”.

“Hori da hain zuzen ere Osalanek bi urtez behingo azokan standa jartzearen zentzua, edozein enpresa-ekimenetan prebentzio-praktika onenak behatzeko garrantziaren inguruan ohartaraztea” –ondorioztatu du sailburuak-.