Osasun Sailak eta Osakidetzak Euskadin talidomidaren eraginpean egon daitezkeen pertsonak ebaluatzeko lanak amaitu dituzte

2018.eko azaroak 24

Eskatutako informazio guztia bidali diote Espainiako Gobernuaren mendeko Batzorde Zientifiko-Teknikoari; izan ere, hark irizpideak ezarri ditu farmakoak eragindako malformazioak dituzten pertsonen estatuko erregistroa prestatzeko 

Euskadin, guztira, 28 pertsonak bete dituzte Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean lan klinikoak eta diagnostikoak; prozesuan Talidomidaren Biktimen Elkartearen lankidetza estua izan dute  

 

Osasun Sailak eta Osakidetzak Talidomidaren eraginpean daudenen estatuko erregistroa sortzeko beharrezko lan klinikoak eta ebaluazio-diagnostikoak egin dituzte. Probak Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Genetika Zerbitzutik koordinatu dira; bertan, Euskadi osorako unitate diagnostikoa finkatu da eta, horietan, guztira, duten sortzetiko malformazioa beren amek farmako hori –dagoeneko merkatutik atera da, baina haurdunaldian goragaleak arintzeko merkaturatzen zen– kontsumitu izanarekin zerikusia izan dezakeelako susmoa duten 28 pertsonak eskatu dute balorazioa egiteko.

Dokumentazio kliniko guztia, azterlan osagarrien emaitzak eta behin-behineko txostenak dagoeneko bidali dira Carlos III.a Osasun Intitutuko Unitate Teknikora –Zientzia eta Osasun ministerioei atxikita dago–, zientzia-irizpideetan oinarrituta, 1950-1985 aldian, haurduntza-prozesuan Talidomidarako deskribatutakoekin bat datozen eta beste enbriopatia edo nahasmendu kromosomiko batzuen bidez azaldu ezin diren malformazioak izan zituzten pertsonen erregistroa zehazteko. Erregistratzeko helburua da pertsona kaltetuaren izaera aitortzea, beste maila bateko aldarrikapenak ebazteko aurretiko urrats gisa, besteak beste ekonomikoak.

Kardiologiako, Oftalmologiako, Otorrinolaringologiako eta Erradiodiagnostikoko profesionalek genetista kliniko eta molekularrekin jardun dute elkarlanean proba horiek egiten; proba horietan, 28 pertsona baloratu dira. Horiek hartzeko, Lehen Mailako Arretako profesionalen elkarlana funtsezkoa izan da, bai eta Osasun Sailak eta Osakidetzak AVITE - Espainiako Talidomidaren Biktimen Elkartearekin elkarlanean jardutea ere; besteak beste, zabalkunde-kanpaina bat jarri dute abian, beren gizarte-sareen bidez, Talidomidaren eraginpean daudelako susmoa duten pertsonek ebaluazioa egiteko –gainerako autonomia-erkidego guztiekin adostuta– duten eskubidearen berri emateko. AVITEren Zuzendaritzak eskerrak eman ditu Osasun Sailak eta Osakidetzak Euskadiko ustezko kaltetuekin izandako “inplikazioagatik, eraginkortasunagatik, gardentasunagatik eta elkarlanagatik”, eta egin den lana “inplikazioaren, laguntzaren eta profesionaltasunaren eredu” dela esan du.

Probak urtarrilaren eta ekainaren bitartean egin dira, eta, gaur egun, ebaluatu diren pertsonak Batzorde Zientifiko-Teknikoak Estatuan ebaluatutako kasu guztien informazio klinikoa egiaztatzeko eta behin betiko diagnostikoak ondorioztatzeko zain daude.

Osasun Sailak denbora darama Espainiako Gobernuari egoera horren eraginpean dauden pertsonen gaineko kezka adierazten, Espainiako Gobernua baita pertsona horien demanda nagusiak ebazteko eskumenak dituen bakarra, eta denbora darama, halaber, kolektibo horren egoera hobetzen laguntzeko lanean. Jon Darpón sailburuak eskerrak eman ditu profesionalen taldeen eta Talidomidaren Biktimen Elkartearen inplikazioagatik eta elkarlanagatik, eta esan du bere ustez erregistro hori sortu izana “urrats garrantzitsua” dela, farmakoaren eraginpean dauden kaltetuei "beharrezko aitorpena egiteko”. Horrela, bada, Sailak bere esku dagoen guztian lankidetzan jarduteko asmoa duela esan du.

 

                                                     Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren  24a