Osasun Sailak eta Osakidetzak abenduaren 31ra arte luzatu dute gripearen aurkako txertaketa-kanpaina

2018.eko azaroak 28

Gripea egonkor dago, eta, guztira, hamaika pertsona ospitaleratu dira orain arte, bederatzi larri

Pasa den urriaren 24an kanpaina abiarazi zenetik, guztira 299.912 pertsonak hartu dute txertoa; horien % 80k 65 urtetik gorako du

 

Osasun Sailak eta Osakidetzak erabaki dute abenduaren 31ra arte luzatzea gripearen aurkako txertaketa-kanpaina; hasieran, abenduaren 5era arte izatea aurreikusten zuten. Horrela, arrisku-taldeetako ahalik eta pertsona gehienei eman nahi zaie txertoa hartzeko aukera. Horrela, txertoa hartu nahi duten 65 urtetik gorako guztiek, gaixotasun kronikoa dutenek eta haurdun dauden emakumeek urte-amaiera arte izango dute hura hartzeko aukera; horretarako, dagokien osasun-zentrora edo anbulatoriora joan beharko dute. Hori horrela, osasun-agintariek gogorarazten dute txertoa hartzea, eskaintzen duen segurtasuna eta eraginkortasuna aintzat hartuta, gripeari aurre egiteko eta gaixotasunak pertsona ahulenetan konplikaziorik ez eragiteko tresna eraginkorrena dela.

Txertaketa-kanpaina pasa den urriaren 24an jarri zen abian, eta, orain arte, 299.912 pertsonak hartu dute txertoa, aurreko urteko zifren antzera. Horietatik, % 80 inguru 65 urtetik gorakoei eman zaie; alegia, talde horretan % 46,6k hartu dute. Nabarmentzekoa da osasun-profesionalei emandako dosi-kopuruaren gorakada; aurreko kanpainako aldi beraren aldean, % 11 gehiago.

Euskadin gripeak ez du ia aldaketarik izan aurreko astearen aldean; 100.000 biztanleko 21,1 tasari eusten dio, atalase epidemikoaren azpitik. Aurten, atalase epidemikoa 100.000 biztanleko 55,7 kasukoa da. Osakidetzako Lehen Mailako Arretarako sarean, gripearen sindromeagatiko 156 kontsulta erregistratu dira, eta eragin handiagoa izan du Gipuzkoan.

Gaur arte, guztira hamaika pertsona ospitaleratu dira gripearekin; horietatik, bederatzi larri zeuden. Nabarmendu behar da ospitaleratutakoen artean arrisku-taldeetan sartzeko irizpideak betetzen zituzten kasuen % 75ek ez zeukala txertoa jarrita.

Osasun Sailaren eta Osakidetzaren Zainketa Epidemiologikoaren-Mediku Jagoleen Sarearen azken txostenak –gripea aztertzen du astero– dakar, gainera, denboraldiko lehen bi isolamenduak gertatu direla, A (H1N1) pdm09 birusaren eta A (H3N2) birusaren ondoriozkoak. Bi andui horiek aurtengo txertoan jaso dira. 

Gripearen berezko sintomak nabaritzen dituztenen kasuan, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren aholkua honako hau da: osasun-baliabideak arduraz erabiltzea eta, horrela, sintomatologiaren arabera, beren arazoari arreta eta konponbidea emateko osasun-zerbitzu egokiena zein den baloratzea (familia-medikua, etengabeko arreta-guneak edo EAGak eta, azken aukera gisa, konplikazio larrien kasuan, ospitaleetako larrialdiak). Horrela, berriz ere esan dute ez dela egon behar izango alferrik itxaroten arreta jasotzeko eta, aldi berean, ez dugula osasun-sistema bera kolapsatuko.

Hori horrela, gogorarazi behar da gripea gaixotasun desatsegina dela, baina onbera biztanle osasuntsuetan, eta ez duela tratamendu berezirik; beraz, atsedena hartzea, likido ugari hartzea eta sukarra arintzeko antitermikoak hartzea dira gomendio nagusiak. Sukarrak jarraitzen badu, medikuarekin kontsultatu beharko dugu. Era berean nabarmendu behar da eritasun birikoa dela eta antibiotikoak kasu horretan ez direla eraginkorrak (oso kasu jakinetan baino ez lirateke hartu beharko, eta betiere medikuak hala aginduta); aldi berean gomendatzen da, transmisio- eta kutsadura-maila altua denez, zuhurtziazko neurri higienikoak hartzea, esaterako, eztul edo doministiku egitean ahoa edo sudurra besoarekin estaltzea edo eskuak sarri garbitzea edo behin erabiltzeko zapiak erabiltzea.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 28a