Osakidetzak hiru espezialitate medikoren LEP-ak behin behinean gelditu ditu, harik eta ireki den informazio espedientea ebatzi arte

2018.eko ekainak 06

Neurriak Angiologia eta Hodietako Kirurgiaren, Anestesiaren eta Kardiologiaren kategorietan du eragina. Amaitutako kategoria gehienek normaltasunez jarraitzen dute.

Mª Jesús Múgica Osakidetzako zuzendari nagusiak gaur goizean egin du agerraldia, Andoni Arcelay Asistentzia Medikoko zuzendariarekin batera, 2016-2017ko Lan Eskaintza Publikoaren inguruan hartzen ari diren gardentasun-neurriei buruzko informazioa eskaintzeko. Jakinarazi dutenez, Osakidetzak erabaki du Angiologia eta Hodietako Kirurgiaren, Anestesiaren eta Kardiologiaren kategorietan informazio-espedientea irekitzea. Espedientea ebatzi bitartean, espezialitate horien administrazio-ekintzak prebentzioz eteteko erabakia hartu da. Era berean, ez du baztertzen informazio-espediente gehiago irekitzea probak egin ondoren lortutako emaitzak zalantzazkoak diren kategorietan.

Osakidetzako zuzendari nagusiak gogoratu duenez, Jon Darpón Osasun sailburuak aurreratu zuen bezala, azterketa egin duten kategorietako 67 epaimahaiei informazio xehatua eskatu zaie, emaitzen koherentziaren analisi zehatza egiteko. Era berean, Osakidetzatik eta IVAPetik kanpoko agente batek azterketen emaitzen analisi estatistikoa egingo du, eta informazio hori justiziaren esku jarriko da, beharrezkoa bada.

Osakidetzak gogorarazi nahi du emaitzak dagoeneko egin diren kategoria medikoetako batzuetan baino ez direla jarri zalantzan. “Inork ez ditu zalantzan jarri 74 kategorietako ariketak; beraz, datozen asteburuetarako aurreikusitako azterketak egin egingo dira, aurreikusi bezala”, esan du Mª Jesús Múgicak. Hori horrela, berriz ere nabarmendu nahi izan du Osasun Saileko eta Osakidetzako zuzendaritza nagusiko eta IVAPeko kargu batek ere ez duela epaimahaietan parte hartzen.

Gainera, egoera hori ahalik eta lasterren argitzeko, biharko Osakidetzaren LEPen Jarraipen Batzordea deitu da; bertan, Osakidetzaz eta IVAPez gainera, LEP sinatu duten sindikatuek parte hartzen dute, Sindikatu Medikoak besteak beste, kontuan hartuta epaimahaiek hartutako neurri eta akordioak ezagutzen dituela.

Azkenik, Osakidetzak aurretiaz pertsona guztien zintzotasunean sinetsi eta Osakidetzako LEP honen epaimahai independente eta burujabeetan parte hartzen ari diren 1.376 profesionalenganako errespetua eskatu du, berriz ere.