Osakidetzak eta Euskadiko farmazialarien elkargoek farmaziako profesionalak prestatuko dituzte GIBaren autotesta eskuratzen duten pertsonei laguntzeko

2018.eko otsailak 12

Proba erosten dutenei informazio zehatza emango zaie eta, positibo emanez gero, jarraitu beharreko urratsak azalduko zaizkie

 

Osakidetzak eta Euskadiko Farmazialarien Elkargoek GIBaren autotestaren inguruko prestakuntza espezifikoa emango diete Euskadiko farmaziako profesionalei. Datozen egunotan bilerak egingo dira Bizkaiako, Gipuzkoako eta Arabako Farmazialarien Elkargoetan, Hiesa eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planeko eta Farmazialarien Elkargoetako adituek zuzenduta, autotesta egiteko erabakia hartzen dutenei behar duten informazio guztia emateko eta positibo emanez gero jarraitu beharreko urratsak azaltzeko.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Euskadiko farmaziek berriz batu dituzte euren indarrak osasun-laguntza segurua eta kalitatezkoa emateko, oraingoan GIBaren diagnostiko goiztiarraren esparruan.

Prestakuntza-saioetan oinarrizko gaiak aztertuko dira, besteak beste, autotestaren ezaugarriak, autotesta nola erabili, GIBaren egungo egoera eta proba hori ezartzeko izan diren arrazoiak. Proba etxean bertan egin daiteke, eta azken urteotan Euskadiko farmazietan, osasun-zentroetan eta GKEetan egiten denaren osagarria da, eta esan behar da emaitzak adierazgarriak direla.

Era berean, Osasun Sailak eta Farmazialarien Elkargoek prestatu duten eta farmaziako profesionalek autotesta erosten duten pertsonei emango dieten informazio-txartela aurkeztuko dute saio horietan Osakidetzaren arduradunek. Txartel horretan agertzen dira emaitza positiboa bada emaitza hori egiaztatzeko erreferentzia zentroak, hiesari buruzko informazioa eskatzeko telefono-zenbakia eta GIBarekin bizi diren pertsonei laguntzen aritzen diren eta prebentzio lana egiten duten GKEen beste hainbat telefono-zenbaki.

   

Gasteiz, 2018ko otsailaren 12a