Ogasuneko sailburuordeak, Itziar Agirrek, "Medición del valor Social para la Sostenibilidad"

7583921200_IMG_0598.JPG

2018.eko uztailak 05

Egun on denoi:

Eskerrak eman nahi dizkiet antolatzaileei, udako eskolako hau irekitzeko ekitaldira gonbidatzeagatik; ziur nago topaketa honetan, programan ageri diren hizlarien kalitatea kontuan hartuta, zuok guztiok egungo gaiak eta interes handikoak ezagutzeko aukera izango duzuela.

Zuok guztiok ikastaro honetan parte hartzeak erakusten du jasangarritasuna sustatzen duten erakunde eta enpresa mota berriak ezagutzeko eta horietan sakontzeko duzuen benetako interes berezia. Ikastaroaren deskribapenean adierazten den bezala, 2 jardunaldi hauetan, helburu da enpresek eta erakundeek, akziodunen finantza balioa ez ezik, stakeholder edo interes talde guztietan sortzen den balioa ere neurtu ahal izatea eta, horretarako, balioak ekonomikoak bakarrik ez diren efektuak sartzea. Horrela, gizarteari bideratuta sortzen den balio erreala eskuratuko da, azken batean, bere balio soziala.

Oscar Wildek zera zioen: “gaur egun, guztiaren prezioa ezagutzen dugu eta ezeren balioa”.

Arrazoia zuen. Gure gizarteak aurrez aurre duen arazoetako bat hura eratzen duten eragile bakoitzak emandako balio sozialaren ezjakintasuna da. Eta, gaur egun, badirudi helburu nagusiak, besteak beste, justizia, ekitatea, garapen erkidea, ongizatea eta abar lortzeko balio soziala sortzea zer beharrezkoa den argi dagoela, baina, hala ere, ez dakigu zein den horiek sortzeko gaitasuna eta oraindik gutxiago aplikatzen ditugun baliabideei ahalik eta etekin handiena aprobetxatuz eta ateraz sortzen badugu.

Balio soziala monetizatzen saiatzen gara, edo beste balio batzuk, besteak beste, konfiantza, gizarte kohesioa, ekintza kolektibo baten gaitasuna. Baina, zenbateraino izan gaitezke zehatzak?

Azken urteotan, zenbait azterlanek balio sozialaren kontzeptuari ez ezik, haren monetizazioari ere saiatu dira edukia ematen; horrela, funtsa eman nahi izan diote, eragile sozial guztiek aitortzeko, baina ez da erraza hori hala egitea, izan ere, ukiezinak direnak neurtzean ezin da kuantifikazio zehatzik egin.

2008ra arte, enpresaren erantzukizun bakarra akziodunentzat onura maximizatzea zen, baina horrek dagoeneko ez du balio egungo testuinguru ekonomiko sozialean eta ingurumenekoan. 

Gizarteak, beraz, balio soziala neurtuko duen eta, aldi berean, haren sorrera identifikatzeko aukera emango duen sistema behar du, suspertzea kuantifikatu eta ebatziko duena. Balio hori jatorrian eta helmugan identifikatu behar da, benetan suspertzeari buruz hitz egin ahal izateko eta berriro prozesuan etengabe sartu ahal izateko.

Stakeholder edo interes talde guztiei akziodunei beraiei baino gehiago ordaintzeko aukera izango duen onuraren maila egokia zehazten ikasi beharko dugu. Eta ez bakarrik kuantifikatu interes talde bakoitzarentzat bakarka indarra, baita horien arteko loturen indarra ere. Onura errealen eta enpresen gainerako kapital formen, alegia, giza kapitalaren, sozialaren eta ingurumenekoaren kostuak/onurak identifikatzen huts egiten duten onura faltsuen artean bereizten ikastea. Ohiko finantza kostuen edo enpresarentzat, ingurumenarentzat eta erkidegoarentzat onura bilakatzen diren kostuen artean bereizten ikastea: eta, horrela, win-win-win estrategia hartzeko gai izatea.

Jardunaldi hauetan, enpresei beharrezko tresnak ematea lortzeko erronka izango duzue, neurketa metodoak haren zuzendaritzari laguntzeko diseinatuta egoteko, ongi egiteko, on egiteko, akziodunaren onuraren maximizaziotik aldaketaren aldeko eragile global bilakatzeko trantsizioa egiteko diseinatuta dauden metodoekin, Bruno Roche-k eta Jay Jakub-ek esan bezala.

Aldi berean negozio jasangarriak emango dituen metodoa, onurekin, bai, baina baita giza, gizarte eta ingurumen ongizaterako onura gehiagorekin ere. Giza, gizarte eta ingurumen kapitala mobilizatu eta sortuko duen sistema, finantza sistema hutsaz gainera; horretarako, balio kate osoa aztertu beharko dugu, giza, gizarte eta ingurumen ikuspegi horretatik, bai eta ondoko banaketa ere.

Alibaba express-eko Jack Ma-k zioen dirua egitea oso erraza dela. Baina dirua jasangarritasunez egitea, gizartearekin arduratsu eta mundua hobetzen den bitartean, oso zaila da.

Eusko Jaurlaritzak jasangarritasunarekin duen konpromisoa duela denbora askokoa da; duela hamar urte baino gehiago hartu zuen lema gisa giza garapen jasangarria. Baina, aurten, aurrerapen esanguratsua egon da, Basque Country 2030 Agenda formulatzean; Lehendakariak aurkeztu zuen, pasa den apirilaren 11n, eta Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat dator; agenda hori 2015ean onetsi zen. Dakizuen bezala, ahalegin horrek ez du bakarrik Gobernuak garapen jasangarrirako helburuetarako duen ekintza ardazten, gure gobernu mailak horiek lortzeko egiten duen ekarpena ere adierazi nahi du.

Zehazki, Ogasun eta Ekonomia Saila garen aldetik, Sailak sustatutako bonu jasangarriak ematea zehazki 2030erako Basque Country Agenda prestatzeko ekimenean sartzen da, jasangarritasuna finantzen eremura zabaltzeko, mundu osoan eta, zehazki, Europan gero eta indar gehiago duen joerarekin jarraitzeko.

Jasangarritasunaren ideia konplexuagoa da, eta proiektu zehatzei begiratzeari utzi gabe, ESG irizpideei ere lotzen zaie, alegia, erakundeetatik zabaltzen diren ingurumeneko, gizarteko eta gobernamenduko irizpideei. Horrek guztiak esan nahi duena da erakundeek eta beren akzio eta politikek konpromisoa hartu behar dutela jasangarritasunarekin eta garapen jasangarrirako helburuei egin beharreko ekarpenarekin. Gobernu jasangarria nahi dugu, jasangarritasunerako politikak zabalduko dituena.

Eta, finantzen kasuan, gainera, helburua ez da bakarrik zer garen eta zer egiten dugun, baita mundua aldatzen ari dela eta inbertitzaileek jasangarritasunarekiko konpromiso hori gero eta gehiago eskatuko dutela ulertzea ere. Horrek abantailak ekarriko dizkio jasangarritasunarekin bat egiten duenari.

Larry Fink-ek, Black Rock-eko buru exekutiboak, zera esan zuen: “onura histerikoen kultura behar dugun epe luzeko ikuspegiaren aurkakoa da, erabat. Denboran itzulera jasangarriak sortzeko, fokua, gobernamenduan ez ezik, enpresek gaur egun aurrez aurre dituzten ingurumen eta gizarte alderdietan ere jarri behar da”.

ESG (environmental, social and Gobernance) alderdiek inpaktu errealak eta kuantifikagarriak dituzte. Eta ez dugu ukatuko, inpaktu horrek ageriko itzulera dakarkie administrazio publikoei.

Bestalde, beste eremu batetik, baina Ekonomia eta Ogasun Sailaren barruan ere, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Lege (9/2017) berriaren ondoren, beste urrats bat gehiago eman da gizarte klausulen arloan; izan ere, besteak beste, administrazio publikoak erreserbarako gutxieneko ehunekoak ezartzera eta erreserba hori betetzen dela bermatzeko gutxieneko baldintzak ezartzera derrigortzen ditu.

Eusko Jaurlaritzak, pasa den martxoaren 13an, sektore publikoko kontratazio organo bakoitzak kontratu erreserbatu moduan gutxienez kontratu kategoria jakinean lizitazio oinarriko zenbatekoen % 5 izapidetu behar duela onetsi zuen. Eusko Jaurlaritzaren eta bere sozietate publikoen konpromiso horrek % 30eko gorakada ekar lezake Euskadiko laneratzeko enpresen eta enplegu zentro berezien urteko fakturazioan. Klausula mota horren erabilera bere funtzio soziala aldarrikatzen duen enpresa tipologia batentzako aukerak eragiten dituen elementu integratzailea da.

Zehazki, neurriak aipatzen dituen lizitazio bidez kontrata daitezkeen jarduera ekonomikoko kategoriek honako zerbitzu hauetan dute eragina: garbiketa, garraioa, basogintza, ostalaritza, inprenta, biltegiratzea, administrazio lanak, kudeaketa eta lan laguntzaileak, posta eta publizitatea, mantentze lana eta konponketa eta abar.

Eta, konpromiso horren berme gisa, motiboren batengatik % 5eko erreserbaren ehunekora iritsi ezean, lizitatutako zenbatekoak, erreserbatutako zenbatekoak eta erreserba ehunekora zergatik iritsi ez den jaso dituen memoria batean justifikatu beharko da.

Araudi berri horren bidez, kontratazio publikoa ardatz da “2020rako Europa Estrategia” izenekoaren helburuak betetzeko, alegia, “hazkuntza adimenduna, jasangarria eta integratzailea lortzeko eta, horretarako, aldi berean, funts publikoen erabilera eraginkorragoa bermatzeko.   

Aldi berean, lege berriak kontratazioa ez du xede gisa jotzen, berez, baizik eta ingurumenaren, gizartearen, I+Gren, ETEen sustapenaren… eremuetan beste politika publiko batzuk garatu ahal izateko tresna erabilgarri gisa.

Eta, nola aurreikusten du lege horrek politika horiek guztiak sustatzea?

Galdera horri erantzuteko kontratazio publikoa ulertzeko modu berriari erreparatu beharko diogu. Orain bilatzen dena ez da horrenbeste eraginkortasun ekonomikoa edo merkeago erostea. Lege berriak ideia horiek alde batera uzten ditu: ekonomikoki abantailatsuena den eskaintza orain da kalitate/prezio hobea duen eskaintza.

Jakina, kalitate hobe horrekin batera, zeharka gizarte eta ingurumen irizpideak sartuko dira; izan ere, uste da baliabide publikoen erabileran eraginkortasun hoberako aukera emango dela.

Baina jarduera hori ez da berria Eusko Jaurlaritzarentzat. Eusko Jaurlaritza beti egon da kontratazio publikoan gizarte eta ingurumen klausulak sartzeko sentsibilizatuta. Horrela, mahai gainean jarri behar dugu Gobernu Kontseiluaren 2008ko apirilaren 29ko akordioa; horren bidez, “autonomia erkidegoko administrazioaren eta bere sektore publikoaren kontratazioan gizarte eta ingurumen arloko irizpideak eta beste politika publiko batzuk” sartzea adostu zen.

Bide horretatik jarraitu du gaur egungo Gobernuaren programak, zeinak honako helburu hauetarako ekimenak ezartzen baititu: kontratazio publikoko prozesuetan gizarte klausulak eta ingurumeneko irizpideak sartzeko klausula bereziak sartzea; ekonomia zirkularra bultzatzea; kontratazio publikoan gizarte erantzukizuna bermatzea; ingurumenaren arloan eredugarria den administrazio publikoaren eraketan aurrera egitea eta, horretarako Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen Programa zabaltzea etab.

Baina lehen aipatu ditugun gizarte irizpideen ildotik, asko dira hartu ahalko diren neurriak, besteak beste: ahulenen gizarte integrazioari bide ematekoak, enplegu zentro bereziekin edo lanerako enpresekin azpikontratazioa sustatzea; lanaren eta norberaren bizitzaren kontziliazioa sustatzea; langileen babeserako, prestakuntzarako neurriak, eta lan baldintzak hobetzeko neurriak, esaterako, enpleguko egonkortasunerako.

Alegia, erakunde publiko baten, kasu honetan Eusko Jaurlaritzaren, balio soziala areagotzeko estrategia. Haren monetizazioa edo ebaluazioa erronka izugarria izango da.

Amaitzeko, eskerrik asko, berriro, gonbidatzeagatik, eta espero dut jarraian datozen hitzaldiez gozatzea, izan ere, ziur nago bikainak izango direla.

Eskerrik asko.