Nora Abete, Kontsumobideko Zuzendaria: "Oso praktika kezkagarriak detektatu ditugu etxez etxeko salmentetan"

2018.eko ekainak 29

Komertzial batzuek informazio faltsua eskaintzen dute. Adibidez, led bonbillak aldatzea “nahitaezkoa” dela, edo osasun langileak izatearen plantak egitea, koltxoiak saltzeko

Euskadin 1.400 erreklamazio baino gehiago jaso dira etxez etxeko salmentengatik lehendabiziko 6 hilabete hauetan. Iaz 3.000rekin bukatu zen urtea

Kontsumoko Euskal Erakundea Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikirik dago, eta bertako zuzendariak saltokiez kanpoko salmentei buruzko informazio-kanpaina aurkeztu du gaur. Aurkezpenean, Yolanda Díez ere izan da, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumoko zinegotzia. Kanpainaren helburua da pertsona kontsumitzaileen eskubideen berri ematea eta, gainera, etxeetara joaten diren komertzial batzuek darabiltzaten praktika ez oso zuzenak eragoztea.

Iaz, Euskadin (Kontsumobide, KIUB eta Kontsumitzaile Elkartea) 2.934 erreklamazio egon ziren etxez etxeko salmentei lotutako erreklamazioengatik. % 38 hazi ziren aurreko urtearen aldean eta, Nora Abeteren esanetan, “gehikuntza horrek kezkatu egiten gaitu. Praktika oso kezkagarriak detektatu ditugu. Komertzial batzuek, ia esklusiban, bakarrik bizi diren pertsona nagusietara zuzentzen dituzte beren salmentak”.

Gai horretako erreklamazioak % 12 ziren guztira. 2018ko lehendabiziko 6 hilabeteetan, 1.465 erreklamazio, kexu eta salaketa jaso dira dagoeneko gai horren inguruan.

Zuzendariak azaldu duen bezala, Kontsumobideren helburua da pertsona kontsumitzaileen eskubideak defendatzea, haien defentsarako protagonismoa haien eskuetan utziz. “Ezin bestekoa da herritarrak hezi eta informatzea haien eskubideak ezagutu eta erabil ditzaten eta, horregatik, kanpaina hau bereziki garrantzizkoa da, gainera talde bereziki babesgabeei eragiten dielako”.

Alde horretatik, Nora Abetek azaldu du kanpaina, uztailean hasten dena, informazio foileto baten argitalpenean eta irrati-iragarkietan oinarrituko dela, baita telebistako tarte labur batzuetan ere. Donostian ere aurkeztuko da uztailaren 3an, eta uztailaren 11n Vitoria-Gasteizen.

Foiletoa kontsumoko bulegoetan, udal zentroetan eta osasun zentroetan banatuko da, eta etxez etxeko salmenta bisitetan gerta daitezkeen lau egoera erakusten dizkie herritarrei: osasunari lotutako produktuen salmenta; beste produktu batzuena, adibidez, entziklopediak, liburu bildumak, led bonbillak, etab.; elektrizitate eta gas hornidura; eta gas azterketa faltsuak.

Kontsumobideren aholkua da zuhurrago jokatzeko atez ate saldu edo kontratatu nahi duten komertzialen aurrean. Horregatik, aholkatzen dugu komertzialek estututa ez jokatzea: ezer erosi edo sinatu baino lehen, benetan beharrezkoa den pentsatu behar da eta, baiezkoa bada, merkatuko beste aukera batzuekin konparatu.

Edonola ere, gure aholkua da gogoetarik edo lasai irakurri gabeko kontraturik ez sinatzea. Gainera, gogorarazi nahi dugu ez direla eman behar pertsona- edo banku-datuak.

Bestalde, saltokitik kanpo kontratuak erosi edo sinatzen dutenek atzera egiteko eta kontratua hausteko eskubidea dute. Atzera egiteko epe orokorra 14 egun da. Zerbait gertatuz gero edo informazioa biltzeko, aholkatzen dugu Kontsumobidera edo Kontsumo Informazioko Udal Bulego batera edo beste elkarte batzuetara jotzea. 

Bestalde, Yolanda Díez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak erakundeen arteko eta herritarren lankidetza aipatu dute giltzarri gisa, eta aldi berean irmo nabarmendu dute goiburuko mezua: “harekin egiten dugu lan, alegia, erantzukizunez kontsumitzearekin. Letra larriz idatzi behar da hori, neurri honetara egokituta praktikatu behar baitugu, erakunde publikoek, pertsona kontsumitzaileek eta, noski, baita saltzaileek ere”.

Bilboko zinegotziak nabarmendu du kontsumoa “erantzukizun, iraunkortasun eta elkartasun ikuspegi hirukoitzaz” landu behar dela, “denak erosle heziak izan gaitezen, batez ere talde sentikorrez ari garenean: adineko pertsonak, adibidez”.

Alde horretatik, Yolanda Díezek herritarren eskueran jarri du berriz KIUBen osagarria den Kontsumoari Buruzko Udal Bulego berria, Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako ezaugarriak dituen bulego publiko bakarra. Itxaropen kaleko 22. zenbakian dago, Bilboko Udal Etxebizitzek lagatako lokal batean, hiriko erdigunean bete-betean.