Memoria Plaza Irunen erakusketaren aurkezpena

Memoria Plaza erakusketa Irunen izango da

2018.eko urtarrilak 16

• Erakusketa ikusgai egongo da Irungo Urdanibia Plazan urtarrilaren 22tik 28ra.

Irungo alkateak, José Antonio Santanok, eta Aintzane Ezenarrok, Gogora Institutuaren zuzendariak, Memoriaren Plaza Irunen erakusketa aurkeztu dute. Herritarrek parte hartzeko 2016an martxan jarritako proiektua da; helburua Euskadin azken urteotan gertatutakoei buruzko lekukotzak biltzea eta azaltzea da, memoria plural eta partekatua eraikitzeko asmoz. Erakusketa Irungo Urdanibia Plazan izango da urtarrilaren 22tik 28ra.

José María Santanok bere aurkezpen hitzetan esan du “bizikidetzaren alde lan eginez, etorkizunera begiratzeko garaiak bizi ditugula, memoria aintzat hartuz, egindako akatsak ez errepikatzeko. Horregatik, Irunen zenbait programa ditugu zabalik, horietako batzuk hurrengo belaunaldiei zuzendutakoak, memoria eta bizi izan duguna gogoratzeko ardatz dituztenak”.

Alkateak gogora ekarri du pasa den irailaren 2an Irun eta Hendaia lotzen dituen zubian jarritako plaka, Gerra Zibilaren eta frankismoaren biktimak oroitzeko jarritakoa, baita ihesean, Bidasoa ibaia gurutzatu zuten pertsonak eta kontzentrazio esparruetara bidali zituztenak ere. Era berean, urtero, azaroaren 10ean, terrorismoaren biktimak gogoratzen dira herrian, Iparralde etorbidean dagoen oroitarrian. Gazteei zuzendutako programen artean, memoria historikoari lotutako “Orbel Haizea” ekimena azpimarratu du, zeinaren bitarte, herriko ikasleek nagusienen kontakizunak ezagutzen dituzten.


EKITALDIEN EGITARAUA

Urtarrilaren 22an, astelehenean, izango da irekiera ekitaldia arratsaldeko 18:00etan eta asteazkenean, urtarrilaren 24an, 19:00etan biktimen mahai-ingurua egingo da. Bertan parte hartuko dute: Maider Garcíak, Juan Carlos García Goena GALen biktimaren alabak; María Isabel Gonzálezek Alberto Soliño bidegabeko polizia indarkeriaren biktimaren alargunak; María Ángeles Martínezek, Julio Martínez ETAren biktimaren alabak eta Alberto Muñagorrik ETAren lehergailuz betetako motxila batek zauritu zuenak hitz egingo dute mahai-inguruan.


PARTE-HARTZE DATUAK
Ekimena hasi zenetik -2016ko otsailean Bilbon egin zen lehenengoz- Memoriaren Plaza 15 herritan egin da, eta hauexek datuak: 30.100 lagunek hartu dute parte egin diren 15 erakusketatan eta bertan programatu diren ekitaldietan eta hauetatik 4.100 DBH4, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleak dira, beraientzat bereziki programatutako tailer didaktikoetan parte hartu dutenak.
Izan ere, Memoria Plaza erakusketak astean zehar goizez, hezkuntza tailerrak antolatzen ditu DBH4ko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat. Helburua da esperientzia esanguratsua eskaintzea Memoria eraikitzeko giltzarriak ezagut ditzaten laguntzeko eta gogoeta kritikoa egin dezaten errazteko.

 

HELBURUAK
Ezenarrok azaldu duenez, lau xede ditu Memoriaren Plaza proiektuaren fase ibiltariak:

  • Memoria jendarteratzea eta partekatzea, erakusketa baten bitartez, eta guztion artean eraikitako gogoeta sustatzea.
  • Herritarrei beren memoria-lekukotza uzteko espazio bat eskaintzea.
  • Memoriak udalerrien eremuan lantzea, eta dinamikak sustatzea iraganari buruzko gogoeta kritikoak partekatzeko.
  • Gogora Institutua ezagutaraztea eta herritarrengana hurbiltzea.


ERAKUSKETAGUNEA
Honako gune hauek izango ditu:

  • Lekukotzak grabatzeko eremua: erakusketara bertaratutakoek beren memoria-lekukotza in situ grabatzeko aukera izango dute.
  • Lekukotzen bideoak: Gerra Zibilaren nahiz 107/2012 Dekretuaren babespeko frankismoaren biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dituzte, bai eta terrorismoaren biktimenak ere.
  • Proiekzio eta debate eremua: zenbait dokumental proiektatuko dira eta mahai-inguru batzuk antolatzea aurreikusi dute.
  • Mezuen hormairudia: bertaratzen direnek beren mezua hormairudian idatzi ahalko dute.


MEMORIA PLAZAREN AURREKARIAK
Gogora Institutuak urte honen hasieran hasi zan testigantza hauek ezagutarazten eta herritarren zuzeneko testimonio eta emozioak biltzen. Orain arte, erakusketa ibiltari hau Bilbon, Durangon, Tolosan, Gasteizen, Eibarren, Donostian, Zarautzen, Arrasaten, Getxon, Lasarte-Orian, Gernikan, Santurtzin, Portugaleten, Sestaon eta Barakaldon egon da.

Beste udalerrietako esperientziak eskuragarri daude hurrengo estekan: https://goo.gl/lEJ8Xv