Mª Jesús San José sailburuak "Datuen babesari buruzko araudi berria eta justizia Euskal Autonomia Erkidegoan. Jardubide egokiak zehazteko aukera" jardunaldiari hasiera emango dio

Mª Jesús San José, Juan Luis Ibarra eta Carmen Adan

2018.eko uztailak 12

SAN JOSÉ SAILBURUAK DATUEN BABESARI BURUZKO JARDUNALDIARI HASIERA EMAN DIO

"Datuen babesari buruzko araudi berria eta justizia Euskal Autonomia Erkidegoan. Jardubide egokiak zehazteko aukera”

Mª JESÚS SAN JOSÉ-REN AGERRALDIA

Basarrate eta Adán andreok, Ibarra jauna, egunon

Jaun-andreok, ongi etorriak eta eskerrik asko etortzeagatik

Atsegin handiz parte hartuko dut EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentearekin eta Euskadiko fiskal nagusiarekin, jardunaldi hau irekitzeko ekitaldian.

Bertan parte hartuko duten pertsonak ikusita, ziur nago oso probetxugarria izango dela.

Atseginez jaso dut, halaber, jardunaldi honetara deitu diren kolektiboen parte-hartze maila altuaren berri; izan ere, horrek adierazten du proposatu den gaiak interesa eragin duela, bai gaurkotasuneko gaia delako, bai gaia garrantzitsua delako.

Jardunaldiaren izenburu luzetik nabarmentzekoa iruditzen zait jardunbide egokietan aurrera egiteko arauketa-esparru berria aprobetxatzeak dakarren espiritua; izan ere, denok dakigu pertsonek aldaketarako nolako erresistentzia naturala izaten duten.

Pasa den maiatzera arte, Europar Batasunean, datuak babesteko eremua 95/46/EE Zuzentarauak arautzen zuen.

Eta, Espainian, oraindik indarrean dago Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoa (abenduaren 13ko 15/1999).

Denok ezagutzen ditugu munduan arlo teknologikoan mende honetan izan diren aldaketak.

Urte hauetan, adierazgarria izan da bilakaera teknologikoa; horren bidez, neurri berean, enpresa eta administrazioen aldetik datu pertsonalen bilketan eta trukean eta horien erabileran hazkuntza egon da.

Teknologiak bizitza ekonomikoaren eraldaketa bideratu du, baina gure gizarte-harremanetan ere funtsezko aldakuntzak eragin ditu.

Adiskidetasun kontzeptuak eta lagun izenak, besteak beste, aldatu egin dute beren edukia, duela hamarkada gutxi ulertzeko genuen moduaren aldean.

Gizarte-sareen bidez, lehen baino askoz ere jende gehiagorekin konekta gaitezke, eta informazioa eta ezagutza eskuratzeko erraztasun ikaragarria eduki dezakegu.

Horren ondorioa da gutako bakoitzak babestu beharreko datu pertsonalen kopuru oso handia jartzen dugula zirkulazioan.

Gutako pertsona bakoitzak izan behar dugu gure datu pertsonalen gaineko kontrola.

Herritarrek teknologiaren gainean konfiantza izaten jarraitzeko, pribatutasuna ziurtatu eta beren datu pertsonaletatik abiatuta jardunbide desegokirik ez egiteko eskubidea bermatu behar da.

Gauzen internetez, big dataz, blockchaim-ez, adimen artifizialez, datuen analisi masiboez edo dronen ahalmenez, mikro robotikaz edo telefonia mugikorrez hitz egiten ari garenean, teknologia berritzaileaz ari gara, gure gizartea bilakatzeko beharrezko teknologiaz, baina ezin ditugu baztertu gure intimitateari eragin diezazkiokeen arriskuak.

Erabateko aldakuntza horiek direla eta, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Araudia onetsi zuen, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoen datuak babesteari buruzkoa; maiatzaren 25etik ari da aplikatzen.

Araudi hori indarrean sartu denez, araudi nazionalak horretara egokitu behar dira; horrenbestez, 2017ko azaroaren 10ean Ministro Kontseiluak Datuak Babesteko Lege berriaren lege-proiektua onetsi zuen, eta Gorteetan ari da izapidetzen.

Aurtengo urtearen hasieran, VERA JOUROVA Europar Batasuneko Justizia komisarioak iragarri zuen laster indarrean sartuko zela Araudia, eta honako hitz hauek esan zituen: “arau modernoak behar ditugu, arrisku berriei erantzuteko”.

Aste gutxira, kazetaritza-ikerketa batzuk argitaratu ziren eta horiek egiaztatzen zuten CAMBRIDGE ANALYTICA enpresak ustez FACEBOOKeko 50 milioi erabiltzaileren informazioa erabili zuela, erabiltzaileen baimenik gabe, TRUMPen hauteskunde-kanpaina baten aldeko lana egiteko.

Salaketa horiek kalte ekonomikoa eragin zioten FACEBOOKi, baina aldaketak ere ekarri zituzten herritar askoren iritzian.

Gizarte-segurantzarekiko konfiantzarik eza handia zabaldu zen, eta askok uste izan zuten gizarte-sareek demokraziarako eragin negatiboak ere badituztela.

Justizia komisarioak azalpenak emateko eskatu zion MARK ZUCKERBERGi, jakiteko Europako erabiltzaileak eskandalu horren eraginpean zeuden ala ez.

Kasu hori aurreko agerraldian aipatutako arriskuen adibide argia izan zen.

Aurtengo martxoan zera adierazi zuen: “Eskandalu horrek ohartarazpena izan beharko luke gu guziontzat: datu pertsonalak tratatzeko dugun moduak ondorio ugari izan ditzake”.

Hori dela eta, araudi berriak “aurretiko baimen egiaztagarria” nabarmentzen du, datu pertsonalak tratatu ahal izateko eta enpresek “beren bezeroen datuak babesteko eta, inolaz ere, beren baimenik gabe partekatu edo iragazteko”.

Testuinguru horrek hausnarketa behar du eta gaiaren inguruko informazioa, prestakuntza eta irizpidea eskatzen ditu.

Jardunaldi honen bidez, horretan lagundu nahi da.

Hautatutako formatuetan, hitzaldietan eta mahai-inguruan, parte hartuko duten pertsonak adituak dira, lanbide-garapen zabala dute, eta aukera emango digute arauketa berriaren nobedade nagusiak ezagutzeko.

Bestalde, iradokizun bat egin nahiko nuke: gaurtik aurrera irizpidea ezarri ahal izateko elkarlaneko lantaldea eratzeko aukera aztertzea.

Datuen babesaren inguruan lan egiteko dugun moduari buruzko irizpidea ezartzea, irizpide hori epaitegi eta bulego judizial eta fiskaletan aplikatzeko bide ematea, herritarrek beren eskubideak baliatzeko erraztasunak ematea eta autonomia-erkidegoan epaitegi eta bulego judizial eta fiskalen funtzionamendua bateratu eta egokitzea.

Azkenik nabarmendu nahiko nuke zer garrantzitsua den, jardunaldi honen helburuak garatzeko, gaiaren gaineko ezagutzan sakontzeko etorkizunean guztiei aukera emango dien ekintzen prestakuntza-planean sartzea.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiet presidenteari, fiskal nagusiari eta Gobernuko Salako idazkariari, jardunaldi hau antolatzeko eta arrakasta izateko elkarlanean jarduteagatik, bai eta Bulego Judizial eta Fiskala Modernizatzeko Zuzendaritzako talde osoari ere, hura gauzatzeagatik.

Eskerrik asko.