Laudioko Osasun Zentroak osasun-eskaintza zabalagoa izango du Urologiako kontsulta berriarekin

2018.eko urriak 05

Gaurtik, urriaren 5etik, aurrera, Aiara Bailarako biztanleek arreta espezializatuko kontsulta berri bat izango dute

Urtero, 11.000 kontsulta inguru egingo direla aurreikusi da

2017an, abian jarri ziren Neurologia, Oftalmologia, Endokrinologia eta kirurgia Orokorreko kontsultez gain, aurrerantzean, Urologiakoa ere izango da, Arabako osasun zentro honetan egin diren birmoldaketa obren ondorioz, sortu diren gune berriei esker.

 

Laudioko (Laudio, Orozko eta Okondo) eta Aiarako (Amurrio, Luiaondo- Arespalditza) lehen mailako arreta unitateetako 42.500 biztanle ingururi zerbitzua eskaintzen dien osasun zentro honek osasun-eskaintza areagotu du, zerbitzu-zorroan Urologiako kontsulta sartuz.

Kontsulta honek osasun zerbitzuen kalitatea eta irisgarritasuna hobetzea dakar Aiarako Bailarako biztanleentzat; orain arte Bilboraino joan behar izaten baitzuten. Urtero, gutxi gora-behera, Urologiako 11.000 kontsulta egingo omen dira osasun zentro honetan, herritarren hainbat joan-etorri saihestuz.

Urologiakoa arreta espezializatuko bosgarren kontsulta izango da, hauekin batera: Neurologia, Oftalmologia, Endokrinologia eta Kirurgia Orokorra. Aurreko laurak 2017an jarri ziren martxan, Laudioko Osasun Zentroaren eraberritze lanei esker, guneak hobeto baliatzeko aukera baitago. Lanok 470.000 euroko inbertsioa ekarri dute. Birmoldatze-lanak Etengabeko Arreta Gunean (EAG), lehenengo solairuan, eta, neurri txikiagoan, bigarren solairuan egin dira, eta, horri esker, orain arte Basaurin edo Bilbon eskaintzen ziren arreta espezializatuko kontsulta horiek bertara ekarri dira. Gainera, Erradiologiako eremuan ere, ekipamendu digitalaz hornitutako erradiologia orokorreko gela berria daukate.

Kontsulta horiek abian jarrita, irisgarritasuna hobetu ez eze lehen mailako arretaren eta arreta espezializatuaren arteko koordinazioa ere mesedetu egiten da, eta, nola ez, pazienteari arreta integrala eskaintzen zaio.

 

Laudion, 2018ko urriaren 5a.