Kontsumobidek etxeko salmentei buruz eginiko informazio-kanpaina Araban aurkeztu da gaur

2018.eko uztailak 11

Euskadin lehen sei hilabete hauetan etxeko salmentak direla eta jaso diren 1.400 erreklamazioetatik, 262 Arabakoak izan dira.

 Nora Abete Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendariak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikita dagoen Zuzendaritzakoak, gaur, establezimendutik kanpoko salmenten inguruan hasi berri den informazio-kanpaina azaldu du. Aurkezpenean, Peio López de Munain Vitoria-Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako eta Osasun Publikoko Saileko zinegotzi ordezkaria izan du lagun. Kanpainaren helburua da kontsumitzaileen eskubideen berri ematea, eta erreklamazio eta etxeak bisitatzen dituzten merkatariek izan ditzaketen praktika pixka bat ilunak edo engainagarriak prebenitzea.

Iaz, Euskadin, 2.934 erreklamazio jaso ziren, etxeko salmentekin lotutako gaien inguruan. Horietatik, 534 Arabakoak izan ziren. Nora Abeteren hitzetan, “etxeko salmenta ez da legez kontrako jarduera, baina antzeman ditugu, ordea, praktika oso erasokorrak eta, kasu batzuetan, ustezko mirarizko produktuekin, eraginkortasuna frogatuta ez dutenekin”.

Gai horren inguruko erreklamazioak guztizkoen % 12 dira. 2018. urteko lehen 6 hileetan, gai horren inguruko 1.465 erreklamazio, kexa eta salaketa jaso dira, dagoeneko.

Kanpaina herritarrei etxeko bisitetan izan daitezkeen lau egoeraren berri ematen dien liburuxkan oinarritzen da: osasunarekin lotuta dauden produktuen salmenta; beste produktu batzuena, besteak beste, entziklopediena, liburu-bildumena, led bonbillena eta abar; elektrizitate- eta gas-hornikuntzak; eta gas-berrikuspen faltsuak.

Hori horrela, Peio López de Munainek ohartarazi du “adinekoak, sarritan, horrelako gehiegizko salmenta-moten helmuga izaten direla, pertsona ahultzat eta manipulatzeko erraztzat jotzen direlako”. Kontsumobidek gomendatzen du arretaz jardutea atez ate saltzeko edo kontratatzeko ahalegina egiten duten saltzaileen jarreraren aurrean. Hori dela eta, merkataritza-presioa saihestea gomendatzen du: ezer erosi edo sinatu aurretik, benetan behar den pentsatu behar da eta, hala izanez gero, merkatuko beste aukera batzuekin erkatu. Bestalde, saltokitik kanpora erosten edo kontratuak sinatzen dituztenek atzera egiteko eta kontratua apurtzeko eskubidea dute. Atzera egiteko epe orokorra 14 egunekoa da. Edozein gertakizunen aurrean edo informazioa batzeko, Kontsumobidera, udal kontsumo-bulego batera edo elkarteetara jotzea gomendatzen da.