Irakurketaren sustapenerako jarduerak eta euskal liburutegietan teknologia berrien erabilera bultzatzeko bi laguntza-lerro onartu ditu eusko jaurlaritzak bere gaurko bileran (Gobernu Bilera 2018-05-15)

logoconsejo.jpg

2018.eko maiatzak 15

Lehenengo laguntza-lerroak 260.000 euroko aurrekontua du eta tresna teknologikoak bultzatzeko denak, berriz, 350.000 eurokoa

Eusko Jaurlaritzak  260.000 euroko partida bat onartu du gaur bere gaurko Gobernu Batzordean, irakurketaren sustapena eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi publikoetako zerbitzuen erabilera bultzatzeko izango diren jardueretarako. Diru-laguntza horiek, joan den urtean 157 udal erakunde onuradun izan zituztenak, 2018an bultzatuko diren ekintzetarako izango dira. Jaurlaritzak, halaber, beste partida bat onartu du, 350.000 eurokoa, liburutegi publikoetan teknologia berrien ezarpenean eta garapenean diruz laguntzeko.

Deialdi hauek ondokoei diruz laguntzeko zuzendutakoak dira: Euskadiko Autonomia Erkidegoko udalei, liburutegi publikoetako titularrei, eta baita udal liburutegi publikoen eremuan eskumena duten tokiko erakundeei edo eremu horretan funtzioak esleitu zaizkienei, betiere haien liburutegiak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak direnean. Lehenengo partidaren kasuan, irakurketaren sustapenerako jarduerak bultzatzeko diren diru-laguntza horiek ezin izango dute 30.100 eurotik gorakoak izan erakunde onuradun bakoitzeko, eta diru-laguntza gisa jasoko duten kopuruak ezin izango du eskatutako gastuaren zenbatekoaren % 75 gainditu.

Joan den urtean laguntza horietakoren bat jaso zuten 157 udal erakundeetatik, euskal hiriburuetara zuzendu ziren diru-kopuru handienak: Bilbo (11.521 euro), Gasteiz (10.321 euro) eta Donostia (8.818 euro).

Irakurketa Publikoko Sarera elkartuta dauden liburutegietan teknologia berriak bultzatzeko diren laguntzei dagokienez, joan den urtean guztira 100 udal erakunde izan ziren diru-laguntza horien onuradun. Sareko liburutegiek dituzten tresnak modernizatzea da partida horren helburua, kontuan izanik 204 liburutegik eta 293 sukurtsalek osatutakoa dela (udalerri batek udal liburutegi bat du baina sukurtsal bat baino gehiago izan ditzake).