Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Inigo Urkullu Lehendakariak harrera egin die Basque Teameko kirolariei

2018.eko abenduak 26

Fundazioak aurten bekatutako kirolari eta teknikari gehienak izan dira ekitaldian eta 2018an gertatutakoa errepasatzeaz gain, hurrengo helburu garrantzitsua aurkeztu da: 2020ko Tokioko Jokoak

Bilbo, 2018ko abenduaren 26an. Iñigo Urkullu Lehendakariak Eusko Jaurlaritzak eta EiTBk sortutako eta nazioartean euskal goi mailako kirola sustatzen hamaika urte daramatzan Basque Team Fundazioaren lana azpimarratu nahi izan du. Euskadiko Artxibo Historikoan arratsaldean egindako harrerak Basque Teamek aurten bekatutako kirolari eta teknikari gehienak bildu ditu. Gainera Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Jon Redondo Jarduera Fisiko eta Kirolaren zuzendaria, Maite Iturbe EiTBko zuzendaria, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzailea eta Jose Luis Tejedor Euskal Federazioen Batasuneko ordezkaria ere bertan izan dira.

 Argazkia atera ondoren, Bingen Zupiriak Basque Teamek 2018an izan duen txapelketa garrantzitsuena, Pyeongchangeko Neguko Jokoak, aipatuz ekin dio ekitaldiari. Hizkuntza Politikako eta Kulturako sailburuak azpimarratu du “Euskadik aurrerapauso itzelak eman dituela orain arte nahiko arrotza izan den esparruan, neguko kiroletan. Parte-hartze errekorra hautsi zen, bost kirolarirekin. Orain arteko kopuru handiena izan da, estatuak lehiaketa korearrean izan zuen parte-hartzearen %33,33”.   

Dena den, Fundazioaren jarduna ez da kirol arlora mugatzen. Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak erakutsi du kirolarien laneratzea bultzatzeko ekinean ari dela Fundazioa, baita enpresa munduan eta hezkuntzan lankidetza harremanak eta estrategiak eraikitzeko eta gizarteari hamaika urte hauetan Basque Teamen inbertitutakoa bueltatzeko ‘BaloreetanBAT’ deituriko proiektua sendotzeko ere.

Aldi berean, Basque Team Fundazioak gaurko harrera aprobetxatu du urteko kirolari onenak nabarmentzeko. Eguzkilore urdinarekin saritu dituzte Jon Santacana eskiatzailea (zilarra Pyeongchangeko Paralinpiar Jokoetako superkonbinatuan), Iñigo Peña piraguista (zilarra Montemorreko Munduko txapelketako K2-1.000 metrokoan eta brontzea k4-1.000 metrokoan), Maialen Garcia belar-hockey jokalaria (brontzea Londreseko Munduko txapelketan), Amador Granados txirrindularia (brontzea Rioko pista txirrindularitza egokituko Munduko txapelketan, taldekako abiadura proban), Patxi Peula patxinatzailea (lau domina Oostendeko Europako txapelketan), Asier Agirre atleta (zilarra Pariseko Europako txapelketako 10.000 metrokoan, eta urrea eta brontzea Carovignoko Europako kros txapelketan) eta Kerman Lejarraga boxeolaria (Europako txapelduna welter pisuan).     

Sari-banaketaren ondoren Iñigo Urkullu Lehendakariaren hitzek itxi dute harrera. Lehendakariak Fundazioak hamaika urte hauetan egindako lana eskertu du eta kirolariei Eusko Jaurlaritzaren sostengua badutela adierazi die. “Goi mailako kirolarien bizitza laburra eta bizia da. Horregatik uste dugu herrialdeak, gizarteak, zuekin konpromisoa izan behar duela guretzat erreferente eta eredu izateko egiten duzuen esfortzu eta lanagatik”.

Lehendakariak, halaber, nabarmendu du Basque Team Fundazioak egin duen lana kirol eta gizarte mailako hainbat arlotan: "Basque Team goi-mailako kirolariak babesteko jaio zen orain 11 urte eta baliteke datorren urtean inoiz baino bekadun gehiago izatea. Hortaz, bete-betean ari zarete lanean lehen helburu horretan. Era berean, Fundazioaren lana harago eramateko gai izan zarete eta honako arloetan ari zarete lanean: gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, sexu gehiegikerien kontrako borroka kirolean, kirolarien laneratzea, kirolaren berezko balioak sustatzeko apustua, kirol egokituaren sustapena...”

Iñigo Urkullu Lehendakariak Tokio 2020ko Jokoen garrantzia azpimarratu du hitzorduak eliteko kirola Euskadiko ezaugarri bereizle bihurtzeko, kirolaren eta osasunaren inguruko ezagutza bultzatzeko eta gero hori gizartean aplikatzeko aukera emango duelako.