Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Ingurumen Sailak 1,4 milioi euro bideratuko ditu 61 euskal enpresen ingurumen-hobekuntzari laguntzeko

Argitalpen-data: 

ayudas_medioambiente_eus.jpg

 

  • Enpresek aurkeztutako  69 proiektuk –enpresa gehienak ETEak dira- laguntzak eskuratuko dituzte ingurumena babesteko eta hobetzeko proiektutan inbertitzeko. 
  • Enpresen osoko inbertsioa 12,2 milioi euro izango dira, gutxi gorabehera.

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 1,4 milioi euro bideratuko ditu 61 euskal enpresa diruz laguntzeko; enpresa gehienak ETEak dira, eta 69 inbertsio-proiektu gauzatuko dituzte ingurumena babesteko. Guztira, proiektu horietan aurreikusitako enpresa-inbertsioa 12,2 milioi euro dira.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailak ingurumenaren alorreko diru-laguntza programa bat bultzatzen du urtero enpresentzat; oraingo deialdian, 70 euskal enpresa aurkeztu dira, eta hauek 83 proiektu aurkeztu dituzte guztira.

Deialdi honetan, laguntzen ardatza izan da indarrean dagoen araudia gainditzearen alde egitea eta eko-berrikuntzara zuzendutako inbertsioa bultzatzea. Halaber, iazko deialdian bezala, enpresen eskariak haztatzeko irizpideen artean emakumea lan sektorean integratzearen aldeko jarduerak sartu dira, aldagai gisa, eta baita genero-berdintasuna handitzeko xedez enpresa eskatzaileak abian jarritako planak eta programak ere. 

Beste alde batetik, eskari horietako askok aurkeztu duten dokumentazioak (eskaintzak, lankidetza-akordioak,…) agerian uzten du inbertsio gehienak EAEko eremu geografikoan sortutako eta ekoiztutako zerbitzu, ekipo, material eta instalazioetan egingo direla, eta, hortaz, zeharkako eragina izango dute euskal jarduera industrialean, sektore hori indartuz eta bultzatuz.

 

36 proiektu prozedura arruntaren bidez eta 33 proiektu prozedura erraztuaren bidez

Prozedura arruntaren bidez aurkeztutako eskari guztiak aztertu eta baloratu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak erabaki du 33 enpresak aurkeztutako 36 proiektu diruz laguntzea; proiektu horiek gauzatzeko, enpresek 11,42 milioi euro inguru inbertituko dituzte. Azpimarratu behar da diru-laguntza modalitate horren bidez lortu duten enpresen bi heren ETEak direla.

Prozedura arruntaren bidez emandako laguntza horiek gaien arabera duten gutxi gorabeherako banaketari dagokionez, osoko zenbatekoaren % 40 kutsadura atmosferikoarekin lotutako 11 proiektu sostengatzera zuzenduko da, % 30 hondakinen sorrera minimizatzeko edo ezabatzeko 16 proiektu diruz laguntzera, % 11 uraren kutsaduraren aurka borrokatzeko edo baliabide hori aprobetxatzeko 6 proiekturi laguntzera, eta gainerako % 19 lurzoru kutsatuak berreskuratzeko 3 proiektutarako.

Horiez gain, laguntzak eman zaizkie beste 28 euskal enpresari 33 proiektu prozedura erraztuaren bidez gauzatzeko; helburua da ETEei zuzendutako inbertsioak egitea, ingurumenari buruzko kanpo-aholkularitzako zerbitzuen kostuak finantzatzeko xedez; zehazki: Europako Ingurumena Kudeatzeko Sistemaren Erregistroan (EMAS) inskribatzeko, UNE-EN ISO 14006:11 Ekodiseinu Araua, Ekoetiketak (I. edo III. motakoak) edo karbono-aztarnaren ziurtagiriak ezartzeko eta ziurtatzeko, eta ingurumenaren alorreko beste Azterlan batzuk egiteko.

Halaber, azpimarratzekoa da 12 proiektuk diru-laguntza jaso dutela Erabilerarik Gabeko Ibilgailuek (EGI) sortutako hondakinak birmanufakturatzeko, desmuntatzeko eta azkar eta eraginkortasunez deskontaminatzeko ekipo eta makineria erosteko; adibidez: erregaiak eta beste likido kutsagarri batzuk berreskuratzeko ekipoak, eta gasak eta katalizatzaileak berreskuratzeko ekipoak ere bai. 

Beste alde batetik, galdategietako moldekatze-hondar eta –finak lantegian birsortzea eta/edo hirugarrenen bidez birziklatzea ahalbidetuko duten 3 proiektu sostengatu dira. 

Bukatzeko, azpimarratu behar da papergintzako lohiak balorizatzeko proiektu bat aukeratu dela, eta kutsagarriak izan daitezkeen jarduerek ukitutako hiri-lurzoru baten Kalitatearen Aitorpena lortzeko beste bat.

 

Ingurumen-onurak

Diruz lagundutako proiektuetatik espero diren ingurumen-onurei dagokienez, azpimarratzekoa da atmosferara doazen gas kutsagarrien isurketa murriztu egingo dela, kantitate hauetan: 49, 10 tona partikula, 24,8 tona KOL (konposatu organiko lurrunkorrak eta beste gas batzuen 1,5 tona (NH3,…).

Orobat, aurreikusten da 7.000 metro kubiko ur baino gehiago aurreztea, 21,8 tona karga organiko gutxiago sortzea isurketa likido industrialetan, eta 4,3 tona gutxiago sortzea beste kutsagarri batzuen kasuan (olioak, sulfatoak,…).

Aurreikusita dago 184,60 tona hondakin arriskutsu gutxiago sortzea, eta 33.000 tona hondakin industrial ez-arriskutsu gutxiago. Halaber, aurkeztutako proiektuek aurreikusten dute gaur egun kutsatuta edo aldatuta dauden 5,8 hektarea lurzoru leheneratzea.

Aurreko deialdietan gertatu zen bezala, enpresek aurkeztutako espediente guztiak bide telematikotik iritsi dira www.ingurumena.eus egoitza elektronikora. Horrek nabarmen azkartu du espedienteen tramitazio administratiboa, eta abantaila garbia da enpresa eskatzaileentzat, logistikaren zein antolaketaren ikuspuntutik.