Hogeita hamasei ertzainek parte hartuko dute aurten Algecirasen egingo diren Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoen VII. edizioan

2018.eko irailak 14

Ertzaintzak nazioarteko txapelketatan inoiz izan duen ordezkaritzarik handiena da

 

Guztira 36 ertzainek parte hartuko dute irailaren 21etik 29ra bitartean Algecirasen egingo diren Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoen VII. Edizioko hamar kirol-modalitatetan. Ertzaintzak era honetako txapelketatan inoiz izan duen ordezkaritzarik handiena da, eta bikoiztu egiten du Huelvan egin zen 2016ko ediziokoa. Orduan 34 domina lortu zituzten.

 

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia Arroniz izan da datozen orduotan Algecirasera, jokoen egoitzara, bidaiatuko duen espedizioaren aurkezpen-ekitaldiaren buruan. Ertzaintzak nazioarteko hamaika txapelketatan parte hartu du 1997tik, guztira hogei atletak eta kirolarik parte hartu dute eta 160 domina lortu dituzte.  Aurkezpen-ekitaldian kirolarien ordezkaritza zabala izan da, bai eta Saileko eta Ertzaintzako kargudunak ere.

Algeciraseko joko hauetan parte hartuko duten ertzainak 31 gizonezko eta 5 emakumezko dira, eta hamar kirol-modalitatetan eman dute izena: atletismoa, txirrindularitza, duatloia, futbol 7a, hipika, jiu jitsu brasildarra, igeriketa, taekwuondoa, tiroa, trail runninga eta triatloia.  

Huelvan egin zen 2016ko edizioan Ertzaintzak 19 ordezkari izan zituen atletismoan, txirrindularitzan, judo taekwondoan eta body building modalitatean. Edizio hartan 34 domina lortu zituzten, eta nazioarteko txapelketa batean lehenbiziko aldiz parte hartu zutenetik (Calgary, 1997) lortutako zifrarik onena izan zen.

Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoen VII. Edizioak egoitza nagusi bat izango du Algecirasen, eta bigarren mailako beste zortzi egoitza, horietako batzuk Tarifa, La Línea de la Concepción eta Campo de Gibraltar izango dira. Jada 27 herrialdetako hiru mila kirolarik eman dute izena jokoetan, eta 15 modalitate nagusietako batean parte hartuko dute. Batzuk modalitate klasikoak dira, esate baterako, atletismoa eta txirrindularitza; eta beste batzuek lotura zuzena dute parte hartzaileen eginkizun profesionalekin, eta horiek dira, besteak beste, arma bat erabiltzen duten kirolak, operazio berezien simulazioak eta polizien eta suhiltzaileen beste espezialitate batzuk.

Europako Joko horien lehenengo edizioa Pontevedran egin zen 2006an, eta ordutik gero eta parte-hartzaile gehiago izan dituzte. Urtez urte Europako herrialde guztietako poliziak, suhiltzaileak eta espetxe-administrazioko eta aduanetako pertsonala biltzen dituzte. Olinpiaden eta Munduko Txapelketen ondoren, nazioarteko hirugarren txapelketa garrantzitsuena da.

Historian zehar Ertzaintzak polizien eta suhiltzaileen nazioarteko hamaika txapelketatan parte hartu izan du; zehazki, Munduko Txapelketatan, Olinpiadatan eta Europako Joko hauetan. Lehenbiziko aldiz 1997an parte hartu zuen Calgaryn. Edizio hartan sei ertzainek hartu zuten parte eta bost domina lortu zituzten hiru kirol-modalitatetan. Europatik kanpora, 2015eko Farfaixeko Munduko Txapelketa (AEB) izan zen Ertzaintzaren parte-hartzerik azpimarragarrienetako bat: 12 kirolarik parte hartu zuten eta 29 domina lortu zituzten bost kiroletan. Azkeneko Europako Jokoetan (Huelva, 2016) hemeretzi ertzainek 34 domina lortu zituzten bost kirol-modalitatetan.

Hogei urte hauetan eta hamaika txapelketatan, Algeciraseko edizio hau kontuan izan gabe, Ertzaintzako 115 kirolarik parte hartu dute eta 207 domina lortu dituzte orotara.

Ertzaintzako atleta eta kirolari taldea datozen orduotan abiatuko da Algecirasera jokoei hasiera emateko ekitaldian parte hartzera. Taldea osatzen duten agenteek libratzen zituzten egunak erabiliko dituzte, eta Sailak joan-etorrietako gastuen % 60 ordainduko die gehienez, bakoitza bere modalitatean lehenengo bosten artean geratzen bada. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Kirolen Zuzendaritzaren laguntza ere izan dute, eta banatu dien kirol-ekipazioan ERTZAINTZA izenaz gainera turismoaren sustapenerako “EUSKADI - BASQUE COUNTRY” marka ere eramango dute.