Guztira Euskadiko 26 udalerri atxiki zaizkio Udaltzaingoaren bigarren hautaketa-prozesu bateratuari, eta 226 plaza eskainiko dituzte

IMG-20180704-WA0000.jpg

2018.eko uztailak 04

Arkauteko Zuzendaritza Kontseiluak gaur onartu ditu oinarri zehatzak eta hitzarmena, eta lehenengo aldiz sartuko dira hiru hiriburuak

 

Arkaute, 2018ko uztailak 4.

Arkauteko Zuzendaritza Kontseiluak, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia buru dela, gaur goizean onartu du Euskadiko Udaltzaingoaren bigarren hautaketa-prozesu bateratuko kudeaketa-agindurako hitzarmena. Guztira Euskadiko 26 udalerri atxiki zaizkio borondatez hitzarmenari, eta bertako udaltzaingoei egonkortasuna emateko 226 plaza eskainiko dituzte guztira.

 

Bigarren urtez jarraian, Arkauteko Zuzendaritza Kontseiluak hitzarmenari borondatez atxikitzea erabaki duten Euskadiko 26 udaletako udaltzaingoetako plaza hutsak betetzeko hitzarmena eta oinarri zehatzak onartu ditu. Iaz hamabi udalerrik erakutsi zuten interesa eta izenpetu zuten hitzarmena, eta guztira 75 plaza eskaini zituzten; aurten bikoiztu egin dira interesa erakutsi duten udalerriak, guztira 26 dira, eta udaltzaingoetako oinarrizko eskalako 226 agente-plaza eskainiko dituzte. 26 udalerri horietako 15 Bizkaikoak dira, 9 Gipuzkoakoak eta 2 Arabakoak. Segurtasun Sailak EUDEL – Euskadiko Udalen Elkartearekin lankidetzan abian jarritako ekimenarekin lehenengo aldiz egin dute bat hiru hiriburuetako udalek, eta guztira 110 plaza eskainiko dituzte Bilbon, 28 Gasteizen eta 8 Donostian. Eta horiei batu behar zaizkie Portugaleteko 12 plaza, Sestaoko 9, Barakaldoko 8, Santurtziko 6, Eibarko 5, Bergarako 4, Plentziako 3, Zumaiako 3, Elgoibarko 3, Gernikako 3, Erandioko 2, Mungiako 2, Berangoko 2, Abantoko 2, Zornotzako 2, Amurrioko 1, Legazpiko 1, Balmasedako 1, Beasaingo 1, Basauriko 1, Ordiziako 2, Pasaiako 3 eta Ermuako 4. Era honetako deialdi bateratuetan udal-autonomia errespetatzen da, azken batean udalena baita bertako funtzionarioak hautatzeko eta deialdiaren oinarriak zehazteko eskumena, eta udalbatzarena dagokion enplegu-eskaintza onartzekoa eta argitaratzekoa.

Bai aginduan bertan bai oinarrietan, hitzarmenari atxikitzen zaizkion udalek izangaiei eskatu nahi dizkieten baldintzak erabaki ahal izango dituzte, besteak beste, hizkuntza-eskakizuna eta gidabaimen-motak.

Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa librea izango da, eta bertan egingo dira test erako proba bat, gaitasunak ebaluatzeko test psikotekniko bat eta nortasuna ebaluatzeko beste bat. Era berean, proba fisikoak eta elkarrizketa pertsonala ere egingo dira. Lehiaketa-fasean Udaltzaingoan egindako zerbitzuak baloratuko dira.   

Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da izangaiek bete nahi duten plazan eskatutako hizkuntza-eskakizuna baino euskara maila handiagoa egiaztatzen duten pertsonen kasuan.

Aurreikusten da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak uztailaren erdialdera argitaratuko duela LEP bateratuaren deialdia, atxikitako udal bakoitzeko behin betiko plaza kopurua zehaztuta.

Hautaketa-prozesu bateratu honetan izena emateko epea abuztuan amaituko da, eta probak irailean hastea eta prestakuntza-ikastaroari urtarrilean hasiera ematea dago aurreikusita.

Abantailak

Hautaketa-profil berak ezartzea, prozesuetako ezaugarriak bateratzea, hautaketa-prozesuen kostuak murriztea, hautaketa-prozesua egiten den bitartean plazak hutsik ez geratzea eta irizpideak bateratuak izatea dira Udaltzaingoaren deialdi bateratuen abantailetako batzuk.

Hain zuzen ere, datorren uztailaren 27an banatuko zaizkie diplomak Udaltzaingoetako 130 agenteri, eta 75 Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak berak hamabi udalekin egindako kudeaketa-agindu baten bidez egin duen lehenengo LEP bateratuko agenteak dira, zazpi hilabetez Arkauten prestakuntza jaso dutenak.